astekaria 2015/11/06
arrowItzuli

kultura

2016a hasiera urtea da

Igor Susaeta

2016a hasiera urtea da

Honako hauek dira datuak: 500 kultur eragile eta artistarekin diseinatu eta garatutako 102 proiektu programatuko ditu Europako Kultur Hiriburutzak Donostian hurrengo urtean, eta ia 500 kultur jarduera eskaini; horien berri zehatz-mehatz ematen du hiriburutzak argitaratu duen 104 orrialdeko egunkari formatuko liburuxkan. Elkarbizitza sustatzea helburu duen ekintza saldo horren gainetik —Elkarrekin bizitzeko kultura da hiriburutzaren leitmotiva—, ordea, programazioak 2016tik harago ere bizirik jarraituko duen «ondare bat» utzi nahi du gizartean, Xabier Paya hiriburutzaren zuzendari kulturalaren esanetan. 2016a, beraz, hasiera urtea besterik ez da hiriburutzaren parametroen arabera.

Tabakalera eraikineko erabilera anitzeko aretoan aurkeztu zuten, atzo iluntzean, Donostia 2016ren programazioa. Jende asko bildu zuen Nora Sagarzazuk eta Tesa Andonegik aurkeztutako zeremoniak —45 minutuko iraupena izan zuen, pare bat promozio bideo eta Maite Arroitajauregi Mursego musikariak interpretatutako Zuek zarete za! pieza barne—, eta Donostia 2016ren Fundazioaren patronatuko kideek —Donostiako Udalak, Eusko Jaurlaritzak, Gipuzkoako Diputazioak eta Espainiako Kultura Ministerioak— proiektuaz duten iritzia plazaratu zuten.

Pablo Berastegi 2016ren zuzendari nagusiarentzat, «askotarikoa» da programa. «Aproposa da era guztietako hiritar eta bisitarientzat. Erakusketak, hitzaldiak, jaialdiak eta beste lantzen ari gara». Payaren hitzetan, «esperimentazioz josita» dago. «Izan ere, egiazki emaitza ezberdinak nahi baldin baditugu, lan egiteko modu diferenteak bilatu behar ditugu jende diferentearekin». Eta ondarea izan zuen ahotan. «Bilatzen duguna da ondare hori loratzea eta horri gero ere eustea». Pentsatzen du, gainera, programa dela «gizartea eraldatzeko tresna». Halere, Berastegik gogorarazi zien bildutakoei programa hori «papera besterik» ez dela izango azkenean, jendeak parte hartzen ez baldin badu.

Eneko Goia ere igo zen atzoko atondutako oholtzara. Donostiako alkatearen iritziz, hasieran ametsa eta ondoren proiektua zena, errealitatea bihurtzen hasi da. «Donostiaren erronka da goi mailako kultura sortzaile bihurtzea Europan. Baina proiektu horiek irauteko bokazioa eduki beharra daukate». Oroitu zuen Donostiak historikoki «biolentziaren eta terrorismoaren adierazpen ankerrenak» sufritu dituela, eta hiriak orbaindu gabe zauriak dituela oraindik ere. «Horregatik dira kultura eta elkarbizitza hiriburutzaren ardatz nagusiak: kultura elkarbizitza delako, eta elkarbizitzak kultura aberasten duelako». Bere diskurtsoan azken 25 urteotan Donostiako alkate izan diren Odon Elorzaz eta Juan Karlos Izagirrez ere gogoratu zen, eta etorkizunera ere begiratu zuen: «2017an, 2018an eta aurrerago ikusiko dugu ea Donostiak lortu duen dagoen tokitik harago iristea».

«Nortasuna» izan zuen hizpide Markel Olano Gipuzkoako Diputatu Nagusiak. «Gizakiok gure lurra, gure erroak dauzkagu; nortasuna finean. Eta uste dut izaera euskaldun hori euskarak hezurmamitzen duela». Iruditzen zaio, gainera, euskarak «eraginkorra eta erakargarria» izan nahi baldin badu ezinbestekoa duela «kultur eduki propioak» edukitzea. Hiriburutzak horretarako eta «mundura irekitzeko» abagunea eskaintzen duelakoan dago.

Hiriburutzak «zailaren» aldeko apustua egin duela irizten dio Cristina Uriarte Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuak. «Hiriburutza ez delako azpiegiturak sortzeko aitzakia bat; balio immaterialak sustatzea du helburu». Desira bat ere ahoratu zuen: «Espero dut hiriburutzari esker irekiagoak, europarragoak, izatea». Iñigo Mendez de Vigo Espainiako Kultura ministroa ere gonbidatu zuten ekitaldira, eta pentsatzen du kultur hiriburutzak «prestigioa» emango diola Donostiari.

Goiak ahoratutako hitzei helduz, Berastegi 2016ko zuzendari nagusiak pentsatzen du programak eskaintzen dituela «bizitako gatazkei» aurre egiteko balioko duten ekintzak. «Erronka da elkarrekin bizitzea eta diferenteen artean gizarte hobe bat sortzea». Hori izango da, antolatzaile eta instituzioetako kideen iritziz, 500 kultur jarduera bilduko dituen programazioak utz dezakeen ondare onena.

BERRIAn argitaratua (2015/10/30)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA