astekaria 2016/09/16
arrowItzuli

bizigiro

Mailukada amen intimitateari

Iker Tubia

Mailukada amen intimitateari

Larraungo Pello Joxeperen neurriko lege proposamena dute Alemanian. Etxera joan, eta esan omen zuen jaio berri zen haurra ez zela berea izanen, eta amari eskatu bilatzeko aita nor zuen. Bada, gaiari heldu dio Alemaniako Justizia Ministerioak, eta Cuckoo kids' law (Kuku kumeen legea) deritzon lege proposamena aurkeztu du; baita Ministroen Kontseiluaren oniritzia jaso ere. Lege horren arabera, emakumeak derrigorturik leudeke beren haurraren aita biologikoa nor den aitortzera, biologikoa ez den aitak hala eskatuz gero.

Beraz, gobernuak begi onez ikusten duen lege proposamenak aurrera eginen balu, epailearen mailua amen bizitzaren barne-barneraino sartuko litzateke. Aita biologikoa ez delako, haur baten aitatasuna ukatzen duen gizonak aukera izanen luke aita biologikoaren nortasunaren berri exijitzeko haurraren amari. Modu horretan, haurdun geratu zen garaian izan zituen sexu harremanak aitortu beharko lituzke emakumeak, eta aitatasun proba baten bidez haurraren aita biologikoa nor den argitu.

Lege proposamenak salbuespen bat badu: amak aita biologikoa nor den ez esateko aukera izanen luke «pisuzko arrazoi bat» balego. Ez du zehazten, baina, zer den pisuzko arrazoi bat, beraz, uler liteke, epailearen interpretazioaren esku utziko lukeela aukera hori. Bestalde, biologikoak ez diren aita guziek ezinen dute lege hori erabili. Lege proposamenaren arabera, soilik aita biologikoa beste bat dela jakinda, informazioa ezkutatu duten emakumeei eraginen lieke arauak. Beraz, gizon batek aldez aurretik baldin badaki ez dela haurraren aita biologikoa, eta haur horren ardura hartu badu, ezinen luke legea erabili aita biologikoa nor den jakiteko.

2015ean du jatorria lege proposamenak. Alemaniako Auzitegi Konstituzionalak urte hartako otsailean hartutako erabaki batean, hain zuzen ere. Aita batek auzitara jo zuen haurraren aita biologikoa nor zen jakin nahian. Auzitegiak amaren alde ebatzi zuen, ez zuelako zertan aita biologikoaren izenik eman. Baina ebazpen horrek Justizia Ministerioaren arreta bereganatu duen esaldi bat zekarren: amak izen hori eman behar izateko, hori arautzen duen lege bat beharko litzateke. Esan eta egin.

Proposamen polemikoa

Lege proposamenak hautsak harrotu ditu. Izan ere, emakumeen intimitatea zapalduko lukeela salatu dute hainbat eragilek eta norbanakok. Juana Aranguren abokatua eta Plazandreak plataformako kidea argi mintzatu da lege proposamenari buruz: «Zentzugabekeria hutsa da. Emakumeen intimitatean sartzea, eta haiek eta haien gorputzak kontrolatzea da hori». Izan ere, dagoeneko badaude aitatasuna ikertzeko hainbat tresna juridiko. Tresna horiek, baina, inor aita biologikoa denetz jakiteko baizik ez dira. «Aita zaren edo ez ikertzea gauza bat da, erabat zilegia, gainera, eta beste gauza bat da haurraren aita biologikoa nor den jakin nahi izatea. Horrek ez du ez hanka ez buru», gaineratu du Arangurenek.

Ama batek bere haurraren aita biologikoa nor den jakin nahi badu ere, badira tresnak bere eskura. Ikerketa hori egiteko, lehenbizi beharrezkoa da, pertsona bat seme-alabaren aita dela susmatuz gero, harekin harreman bat izan dela agerian uzten duten zantzuak aurkeztea: kartak, argazkiak... Hortik aurrera, DNA proba egin daiteke. Gizon batek ez badu DNA proba egin nahi, hori ere baloratu egiten da, eta aita biologikotzat har dezake epaileak beste zantzu batzuk direla medio.

Juana Balmaseda abokatua ere ez dago batere ados lege proposamenarekin. Onartu du hedabideetan irakurritakoarekin analisi mugatua egin dezakeela soilik, baina, hala ere, iritzia eman du: «Proposamena oso eztabaidagarria delakoan nago, are, matxista da». Beste kontu bat da nork bere identitatea ezagutzea. «Pertsona guziek dute haien identitate biologikoa ezagutzeko eskubidea, hori eskubide garrantzitsua da, duintasunari eta pertsonalitateari lotua». Baina horretarako ere badira tresna juridikoak. Mugak ditu, noski; adibidez, ugalketa lagunduen kasuetan.

Baina bi abokatuek aipatutako kasuak ez dira Alemaniako lege proiektuaren helburuak. Helburua, bestelakoa da: gizon batek haur bat hezi badu, eta, gerora, aita biologikoa ez dela jakitean, aita biologikoa bilatu eta hari ordaina eskatzeko aukera izatea. «Salaketa jartzen duten aita faltsuei lege babes handiagoa eskaini behar diegu», azaldu du Heiko Maas Alemaniako Justizia ministroak. Bide horretan, legeak aurrera eginen balu, bi urteko kalteordaina jaso ahalko du biologikoa ez den aitak.

Justizia ministroaren arabera, «interesengatiko kalte-ordain arrazoizkoa» da hori, eta, haren hitzetan, ez litzateke egokia izanen atzera begira hainbat urtetako familia bizitza finantzatu behar izatea. «Konponbide orekatu bat bilatzen da, amaren, aita biologikoaren eta aitatasuna ukatu duenaren eskubideak aintzat hartuta».

'Sasieskubideen' defentsa

Biologikoa ez den aitaren eskubideez ari bada ere Justizia ministroa, Arangurenen aburuz, ez dago eskubide baten defentsarik. «Gizonen eskubideen defentsa faltsu bat dago horren atzean, emakumeen eskubideez hitz egiten denez... Gizonek badituzte eskubideak, noski, baina ez horretarako». Balmasedak, berriz, kanpoko esku hartzea egon litekeen susmoa du. «Presio taldeak egon daitezke atzean, eskubideak onartzen ez dituen maskulinitate eredu batekoak; matxismo ezin matxistagoa».

Presio taldeak egon zein ez, ez dirudi haurra babesteko lege bat denik. «Lege onak dira bizikidetza eta harremanak bultzatzen dituztenak. Honek kontrakoa egiten du», azaldu du Balmasedak. «Soilik emakumeen kaltea ekar dezake, eta haurrendako inolako onurarik ere ez». Zuzenbideak ez luke horrelako aferetan esku hartu behar abokatuaren aburuz.

Onura gutxi dakartza, eta kalteak handiak izan daitezke. Emakume bat, haurdun geratu den momentuan izan dituen harremanei buruzko informazioa ematera derrigortzekotan, pertsona hori «umiliatu» eginen luketela uste du Balmasedak. «Zigor baten modukoa da. Kontzepzio erabat matxista bat dago horren atzean, emakumeek errazago engaina dezaketelako ustea, eta emakumea arduratsua dela zalantzan jartzen du».

Arangurenek beste afera bat jarri du mahai gainean: «Iduri du aita izatera behartu zaiola norbaiti. Gizonek ere erabaki dezakete aita ez izatea». Horregatik, lege proposamenaren atzean amatasuna kontrolatzeko saiakera ere ikusi du. Are, haur bat hezi duen gizon batek ez badaki aita biologikoa denik, eta zalantzak baditu, Arangurenen ustez, ez luke izan behar ordaina jasotzeko eskubiderik. «Hemen, elikagaiak kontsumitutzat hartzen dira. Pertsona bat elikatu baduzu, zure ardura izan zein ez, elikatu duzu, ez dago itzultzeko eskubiderik. Lege proposamen hau ez dago nondik heldu».

Intimitatea ezbaian

Ulertzeko zaila ez ezik, Alemaniako Gobernuak onartu berri duen lege proposamena kontraesan gisa hartu dute askok. Izan ere, Alemanian pribatutasuna oso babesturik dagoen eskubidea da. Hedabideek ezin dute kriminalen izenik eman haien baimenik gabe. Are, apirilean Alemaniako Auzitegi Gorenak erabaki zuen gizonek ez dutela aitatasun proba egiteko derrigortasunik. Lege hori eta oraingo proposamena parez pare jarrita, eztabaida segurua da.

Arangurenek gogora ekarri du intimitaterako eskubidea giza eskubidea dela. «Edozein emakumek intimitaterako eskubidea erabil dezake horrelako auzi baten aurrean, nire ustez». Pribatutasunaren eta intimitatearen aurkako neurri hau ez da beharrezkoa, Balmasedaren arabera, eta, gainera, «ezegokitzat» ere jo du. Ez dirudi, gainera, kasu askotan aplikatuko litzatekeenik horrelako lege bat. 2005eko ikerketa baten arabera, ehun haurretik lau aita biologikoak ez direla ez dakiten aitek hezten dituzte.

Orain, baina, lege proposamena eztabaidatu beharko dute parlamentuan. Balmaseda gogoz dago afera horrek ekarriko duen eztabaida jarraitzeko. «Adi egon behar dugu, eta kontuz ibili; proposamen eta ekinbide hauek zabaldu daitezke». Arangurenek, berriz, ez du beldur handirik. «Hemen horrelako lege bat indarrean jarriko balitz, helegitea jarri beharko genioke».

BERRIAn argitaratua (2016/09/14)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA