astekaria 2016/09/16
arrowItzuli

bizigiro

Turistaz beteta

Ainhoa Zaragueta - Bidatz Villanueva - Iker Tubia

Turistaz beteta

Uda joan da jada, eta haren arrasto eskasa ikus daiteke Euskal Herriko hiriburuetan: eguraldi freskoa, hondartza hustuagoak, taberna lasaiagoak... Askorentzat, ordea, uda ez da lasaitasunerako garaia izan, eta merkatariak lan eta lan ibili dira, Euskal Herrira etortzen direnen eskariari aurre egiteko. Eguraldiaren, prezioen eta bestelako faktoreen menpe izaten dira dendari eta tabernariak, baina badira haien eskuetatik kanpo geratzen direnak ere.

Urteak dira Donostiak 2016an izango zuen erronka aurkeztu zuela: 2016ko kultur hiriburutza, alegia. Urtebeteko egitarau zabala eskaini du, baina zer-nolako eragina izan du ostalaritzan? Donostiako turismo bulegoaren datuen arabera, ekaina eta uztaila bitartean, 100.000 bisitari baino gehiago izan dira bulegoetan. Turismo bulegoak apustu indartsua egin du, eta, uda aurrean, prestakuntza gogorra egin dute: bai langileei begira —turismo bulego gehiago, prestakuntza hitzaldiak, hizkuntza ikastaroak...—, eta bai turistei begira —hainbat proposamen jasotzen dituzten packak—. Donostiako portutik Zurriolako hondartzara, udan hizkuntza ugari entzun izan dira Donostian. Tabernetako langileek azpimarratu dute aurten nabarmenagoa izan dela atzerritarren presentzia. Turisten jatorriari dagokionez, berriz, Espainia, AEBak, Frantzia eta Erresuma Batua izan dira Donostia gehien bisitatu duten herrialdeak.

Izatez, udan, Parte Zaharra Donostiako gune jendetsuenetako bat da, eta hango taberna eta jatetxeek izaten dute lan gehiena. «Aurten, jende gehiago izan da kalean, eta eguraldiak lagundu egin du», azaldu du Juantxo tabernako Felipe Agirrek. Nabarmendu du bezeroak atzerritarrak eta bertakoak izan direla, baina adierazi du, oro har, uda guztietako martxa izan dutela. «Urteroko prestaketa berdina egin dugu, eta, uda aurrera joan ahala, jende gehiago hartu dugu lanerako», adierazi du Agirrek.

Edonola ere, kultur hiriburutzaren eragin eskasa azpimarratu du Suhazi jatetxeko Eñaut Retegik: «Udako betiko prestakuntzak egin ditugu, baina, ondorio gisa, esango nuke 2016ko kultur hiriburutza ez dela sumatu». Retegik azpimarratu du kanpotarrak ez direla ohartu kultur hiriburutzaren barruan sortutako jarduerez: «Eskala txikian egin da». Turismo bulegoak, ordea, nazioarteko prentsan hiriburutzak eduki duen «sekulako» oihartzuna azpimarratu du: The New York Times (AEB), Deutsche Welle (Alemania), Le Monde (Frantzia), The Korea Herald (Korea)...

Azken urteotan turismoa igo bai baina hazkundea proportzionala izan dela adierazi dute bai merkatariek eta bai turismo bulegoak. «Turismo gehiago dago, eta urtero goizago hasten da. Turismo mota aldatzen ari da», azaldu du Retegik.

Etorkizunari begira, ordea, turismoa bide okerretik joan daitekeen beldur azaldu da Retegi: «Bartzelonan, esaterako, turismoa pribatizatu eta zentrifikatu egin dute». Suhaziko langileak ondorioztatu du turismoaren gehiegizko hazkundeak eragina izango duela donostiar guztiengan: «Turismoa gero eta gehiago zabaltzen bada, zer egin behar dugu bertakook?».

Turismoaren masifikazio hori saihesteko jarrera azaldu du Donostiako turismo bulegoak, eta, horretarako, bi apustu nagusi egin ditu udalak: batetik, turismoaren deszentralizazioa eta beste auzoetara hedatzea, eta, bestetik, desestazionalizazioa; hots, udako goi denboraldiko turismoa indartu baino gehiago, urte guztian indartzea. Udalak nabarmendu du 2016. urtean hazkundea izan dela; martxoan, esaterako, ia % 128ko hazkundea izan da 2015eko martxoaren aldean.

Deszentralizazio saiakera hori nabaritu dute ostalaritzan ere; Giroki tabernan, esaterako. Hango Bean Tapiak aurten jende gutxiago ere izan dela nabaritu du: «Beste auzo batzuk indartu dituzte, Egia bezala, 2016ko hiriburutza dela eta». Tapiak azpimarratu du Aste Nagusitik aurrera beherakada nabaritu dutela, eta azaldu du beste merkatariek haiekin bat egin dutela. Edonola ere, oro har betiko joera azpimarratu dute denek. Hiriburutzak utziko dituen arrastoak aztertu beharko dira datorren urtean.

Lapurdin, berdintsu

Lapurdiko kostan ere udako balantzea egiteko ordua heldu da. Garrantzitsuak dira iragan hilabeteak herri eta hirietako komertzioetan: jende gehien hartzen duten sasoia da. Aurten, ordea, arrisku bat zegoen. Izan ere, Frantziako Gobernuak ezarritako segurtasun neurriek Ipar Euskal Herriari ere eragiten diote. Militarrak hondartzan patruilatzen ere izan dira, eta, atentatuek eragindako beldurragatik, pentsa zitekeen turista kopurua apaldu egingo zela.

Dirudienez, ordea, ez da hala gertatu. Oraindik datu zehatzak eskuratu ez dituzten arren, udako balorazio ona egin du Hendaiako turismo bulegoko zuzendari nagusi Jean Sebastien Haltyk: «Abuztuan guztiak oso ongi funtzionatu du. Hainbat tokitako jende gehiago etorri da». Jakina da Hendaia turistaz betetzen dela udan. Hango jarduera nagusiak ur eta aisialdikoak dira, eta, horietan, jende kopurua mantendu da, Haltyk adierazi duenez. «Guretzat, emaitza ona da», gaineratu du.

Turismo bulegoak hainbat zifra biltzen ditu. Abadiak, esaterako, 10.000 bisitari izan zituen uztailean, eta 12.000 abuztuan. Iazko kopuru bertsua dela azaldu du. Gehienbat, Frantziatik eta Okzitaniatik datoz turistak: Paris, Bordele, Tolosa eta Frantziako mendebaldetik.

Jende kopuruan ez dute jaitsierarik sentitu Miarritzen, Maylis Garrouteigt hiriko turismo bulegoko langilearen arabera. «Beharbada, Cote d'Azur edo beste kosta batzuetako turistek nahiago izan dute euskal kosta hautatu», hausnartu du.

«Edonola ere, ez dugu sentitu segurtasun neurriak oztopo bat izan direnik jendea etor dadin. Hemen ez, behintzat. Jendeak ez du beldurrik izan», azaldu du Garrouteigtek. Haiek ere ez dute oraindik zifra zehatzik. Hotelen sindikatukoek bidali behar dizkiete, horiek esanguratsuak baitira turista kopurua kalkulatzeko.

Turismo bulegoak adierazle batzuk erabiltzen ditu jende kopurua neurtzeko, eta adierazleok iazko maila berean daude. Bestalde, Miarritzeko turismo bulegoak 70.000 lagun hartu zituen uztail eta abuztuan. Iaz, 72.000 izan zituzten. Hori, ordea, ez da jaitsiera nabaria, Garrouteigten ustez: «Guretzat, zifra onak dira». Beste adibide bat jartzearren, Itsasargiko bisiten kopurua apur bat igo da. Iaz, 10.677 bisitari izan ziren; aurten, 11.180.

Dena den, salbuespen bat aipatu du. Izan ere, abuztuaren 15a jai eguna zenez gero, segurtasun neurri bereziak ezarri zituen Miarritzeko Herriko Etxeak. Esaterako, garraioen zirkulazioa dezente mugatu zuten. Egun hartan jende gutxiago sumatu zutela azaldu du.

Iruñean ere, gora

Kostaldean ez ezik, Nafarroan ere turista anitz bildu da aurten. Iruñeko Udala kontent da udan hirira joan diren bisitarien kopuruarekin. Izan ere, turismo bulegoak inoiz baino bisitari gehiagori egin die harrera. Aurten, 60.909 lagunek eskatu dute informazioa bulegoan uztailaren 1etik abuztuaren 30erako tartean; hau da, iaz baino %15 turista gehiago hartu dituzte. Hala ere, sanferminetako datuak aurreko urteetakoak baino okerragoak dira: hoteletako okupazioa %5 jaitsi da, eta kontsignara joan direnen kopurua, %44. Turismo bulegoak iazko lagun kopuru bera hartu du hiriburuko bestetan.

Iruñeko bisitari gehienak ez dira sobera urrutikoak. Atzerritik datozen bisitarien artean, gehienak Madrildik eta Bartzelonatik heldu dira. Turismo bulegora joan zirenen artean, 5.948 Herrialde Katalanetako hiriburutik zetozen, eta 5.162, Espainiako hiriburutik. Bisitarien rankingean hirugarren postua dute Nafarroatik bertatik hiriburura bildu direnek: 4.854 izan dira. Euskal Herriko gainerako probintzietatik ez dira bisitari anitz heldu. Gehienak, Bizkaitik: 1.211 lagun.

Udaleko teknikarien arabera, hiru arrazoi nagusi daude gorakadaren atzean: eskaintza kulturala eta turistikoa Harresietako jardunaldian bateratu izana, eskaintza pribatuekin egindako sinergiak —ostalariekin, kasurako—, eta aurretik zeuden eskaintzak berritu izana. Nafarroari dagokionez, uztailean lurraldean lo egin duten bisitarien kopurua %14,3 hazi da, Nafarroako Estatistika Institutuaren arabera.

BERRIAn argitaratua (2016/09/13)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA