astekaria 2016/09/16
arrowItzuli

bizigiro

Denak kabitzeko tokia bada

Urtzi Urkizu

Denak kabitzeko tokia bada

Lurrean 7.400 milioi biztanle bizi dira gaur egun. Datozen lau hamarkadetan kopurua haziz joango dela diote hainbat ikerketak. Hala dio, behintzat, 2016ko World Population Data Sheet ikerketak: 2030. urterako, 8.500 milioi biztanle izango dira; 2053. urterako, berriz, 10.000 milioi. Antonio Lopez Gay Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko Centre d'Estudies Demografics zentroko ikerlariaren arabera, proiekzioek diote XXI. mendearen amaieran 11.000 milioi biztanletan egonkortuko dela kopurua. «Nazio Batuek egindako proiekzioek ere 2050eko hamarkadan kokatzen dute 10.000 milioi biztanleko kopurua». Lopez Gayren ustez, garrantzitsua da nondik gatozen ikustea: «1960ko hamarkadan, 3.000 milioi biztanle bizi ziren planetan, eta, hurrengo urteetan, hazkundea oso handia izan zen, urtean %2,1. Egun, hazkundea %1etik jaistekotan da». Egun biztanleria bizkorren handitzen den herrialdeetan ere, Afrikako erdialdean, duela bi hamarkada jasan zuten hazkunde erlatiborik handiena. Metafora bat erabili du Lopez Gayk populazioaren hazkundeari erreferentzia egiteko: «Munduko eskualde guztiak hasi dira euren autoak dezeleratzen, eta toki batzuetan gelditu egin dute. Trantsizio demografikoaren teoriak esaten digu gizarte guztietan ugalkortasun maila handiko eta hilkortasun maila txikiko garaiak dituztela, baina, azkenean, auto guztiak gelditu egiten dira». Hain argi ez dagoena da auto batzuk noiz geldituko diren.

Etorkizunari begira egiten diren proiekzioekin tentuz jokatu behar dela uste du Marta Luxanek, Euskal Herriko Unibertsitateko soziologia irakasle eta demografiako doktoreak. «Proiekzio bat ariketa matematiko-estatistiko bat da, egungo populazioa erreferentziatzat hartuz, eta ugalkortasun eta hilkortasun tasek zer bilakaera izango duten irudikatuz. Egoera posibleak eraikitzen dira». World Population Data Sheetek egoera bat eman du argitara, baina Luxanek ohartarazi du beste proiekzio batzuetan egoera bat baino gehiago aurkezten direla. «Fededun handikoak izan behar dugu pentsatzeko derrigorrez 2053. urtera begirako proiekzio hori beteko dela».

Jende kopurua ez dela arazo erakusteko, adibide bat eman du Julio Perez Diaz demografo eta Espainiako Ikerketa Zientifikoen Kontseilu Nagusiko ikerlariak: «Munduan 2016an bizi diren biztanle guztiak erraz eta eroso kabituko lirateke AEBetako Texas estatuan. Alde horretatik, ez dago larritzeko motiborik». Proiekzioak egiten dituztenen artean eztabaida da ea hazkundea noiz geldituko den. «Hazkundea 0 izatetik gertu gaude. Gero, deshazkundea etorriko da, baina ia inork ez du hitz egin nahi horren inguruan», azaldu du Diaz Perezek. Ikerlariak gogorarazi du iraganean zenbait proiekziok huts egin zutela: «Duela bi hamarkadako azterketa batzuek esaten zuten orain 14.000 milioi izango ginela. Kopuru horren erdira iritsi gara. Beraz, 2016ko proiekzioek ere huts egin dezakete».

Datuez harago, EHUko irakaslearen iritziz, Lurraren sostengagarritasunari buruzko azalpenak ez dira lotu behar hazkunde demografikoarekin, baizik eta eredu ekonomikoetan. «Demografiari buruz agertzen diren berri askotan ematen du hondamendi bat gertatu behar dela biztanleriaren hazkundearen eraginez».

Yayo Herrero Urrutiko Hezkuntzako Espainiako Unibertsitate Nazionaleko irakasle eta akbista ekologistak «sistema biozida» aipatzen du bere azalpenetan: «Bizitzaren kontra bizi gara, etekin merkantilistak bizitzaren gainetik jartzen dituen sistema batean». Kontsumo eredua aldatzen ez bada planeta «pikutara» doala salatzen du. Herrerorekin ados dago Luxan: «Arazoa ez da demografikoa edo populazioaren hazkundea, baliabideen kudeaketa baizik». Gainera, EHUko irakasleak salatu du ezberdintasun sozialak toki guztietan areagotzen ari direla.

Lopez Gayk ere adierazi du garrantzitsuagoa dela galdetzea ea planetaren baliabideak nola kudeatu behar diren. «Planetaren zenbait neke arrasto agerikoak dira. Klima aldaketa da seinale bat. Arrasto horiekin adi egon beharra dago, eta aurre egin». Edonola ere, Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko ikerlariak uste du demografoak oro har baikorrak direla: «Azkeneko mende erdian, munduko populazioaren sekulako gorakada izan dugu. XX. mendearen bigarren erdialdetik egin diren iragarpen txarrenak gainditu ditugu. Beraz, kontua ez da hainbeste planetan zenbat izango garen, baizik eta baliabideak nola kudeatuko ditugun».

Afrikan, populazioa gora

World Population Data Sheet ikerketaren arabera, aldaketa demografikoak oso ezberdinak izango dira kontinente bat ala bestea izan. Azterketak dio Afrikan egun 1.203 milioi biztanle daudela, eta 2053rako 2.527 milioi izango direla; bikoiztu egingo da populazioa, horrenbestez. Lopez Gayk azaldu duenez, munduko populazioaren hazkundearen bi heren Afrikan gertatuko dira, batez ere Afrika erdialdean, ekialdean eta mendebalean. «Gaur egun, planetako biztanleen hamarretik bat baino ez da bizi Afrikan, eta 2050eko hamarkadan lautik bat izango da kontinente horretakoa». Kataluniako ikerlariaren arabera, Afrikak datozen bost hamarkadetan Latinoamerikak XX. mendearen bigarren partean izan zuen trantsizio bera izango du. «Afrikako hazkunde hori batik bat hirietan gertatuko da».

Perez Diazen arabera, biztanleriaren hazkundeak lotura estua du haurren hilkortasun tasa txikiagotzearekin. «Hiltzen ez diren haur horiek gero seme-alabak izateko aukera dute». Duela gutxira arte, bizi itxaropena oso txikia zen Afrikan, eta hilkortasun tasa, handia. «Oinarrizko hobekuntza batzuekin eta kostu txikiarekin ahalbidetu daiteke haurren hilkortasun tasa txikiagotzea. Jaioberrien heriotza kausa ugarienak infekzioekin lotuak daude, elikadurarekin, urarekin eta erditzearen higienearekin. Nahiko erraz konpon daiteke egoera». Afrikan, bizi itxaropena 50 urte baino handiagokoa da egun, eta Perez Diazek dio hurrengo hamarkadetan handiagotuz joango dela.

Luxanek sarri zabaltzen den diskurso bikoitza kritikatu du: «Populazioaren hazkundea kaltegarritzat jotzen dugu, Afrikan asko handiagotuko delako. Baina gakoa ez da hori, baizik eta garapenerako zer aukera ditugun».

Mendebaldean, zahartzen

Munduko herrialde aberatsenetan, bestalde, ugalkortasun tasak asko jaitsi dira azkeneko urteetan. «Ez da etorriko beste baby boom-ik», dio Perez Diazek. Asiako eta Europako herrialde batzuen biztanle kopurua txikiagotuz joango da datozen lau hamarkadetan. Bestalde, bizi itxaropena handitu egin da horietako herrialde gehienetan. «Japonia da egun 65 urte baino gehiagoko biztanle gehien duen herrialdea —populazioaren %27—. Europan, %21en bueltan dabiltza Alemanian, Italian eta Grezian», azaldu du Lopez Gayk. «Japonian, ehuneko hori handiagotuz joango da datozen urteetan, bizi itxaropenak gorantz egin duelako eta ugalkortasunak beherantz».

Biztanleriaren zahartzearen kontzeptuari, aldiz, buelta ematen dio Luxanek: «Zahartzaroari begiratzen diogunean, zama moduan irudikatzen dugu. Baina ez genuke horrela egin behar. Ez dugu kontuan hartzen adinekoek haurren zaintza lanetan eta beste alor batzuetan egiten duten ekarpena». Beste auzi bat gakotzat jo du EHUko irakasleak: «Zahartze demografikoa deitzen duten hori edo adin egitura benetan arazotsua bada, Europako Batasunak zergatik ez ditu mugak irekitzen? Jende ugari dago Europan sartu nahi duena, eta kontinentean daudenak baino gazteagoak dira oro har». Luxanek uste du migrazio politikek beste modu batekoak behar luketela.

Migrazio mugimenduak oso garrantzitsuak dira gaur egungo testuinguruan. Hala izango dira datozen urteetan ere. Argi du hori Perez Diazek: «Herritarren mugikortasuna oso nabarmen handiagotu da. Orain, txinatarrak, adibidez, are gehiago mugituko dira. Masen mugikortasun potentzialak asko alda dezake egoera». Afrikako biztanleen migrazio mugimenduak oso ugariak dira, baita kontinente barnean ere. «Afrikan, migrazioak ez dira soilik gatazka armatuengatik eta gosearengatik izaten. Lanak eragindako migrazio garrantzitsu asko daude. Afrikatik Asiarako migrazioak badira lanagatik, era berean; Asiako herrialde batzuetan langile asko eta asko Afrikakoak dira, eta halako kontuak ahaztu egiten zaizkigu».

Luxanek zalantzak ditu munduko proiekzio demografikoak egiten direnean migrazio mugimenduak nolako kalkuluak egiten diren. «Afrikako eta Asiako derrigortutako migrazioak garrantzitsuak dira, eta hala izango dira etorkizunean ere». Perez Diazek azaldu du migrazioak beti egon direla: «Baina orain askoz jende gehiago mugitzen da».

BERRIAn argitaratua (2016/09/12)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA