astekaria 2016/09/16
arrowItzuli

kirola

Urte gogorraren fruitua

Imanol Magro Eizmendi

Urte gogorraren fruitua

Domina bat zuen helburu Rio de Janeiron, eta, gutxienez, brontzezko bat lepotik eskegita itzuliko da Izaskun Oses Euskal Herrira Paralinpiar Jokoetatik. «Konfiantza nuen, eta ondo irten da dena», atleta nafarrak horrela laburbildu zuen 1.500 metroko finaleko arrakasta. Iragan larunbatean lortu zuen euskal parte hartzaileen lehen domina, bere esprint biziari esker. Igandean etorri zen hurrengoa, brontzezkoa ere bai, Amador Granadosek pista txirrindularitzako taldekako abiadura proba lorturikoa.

«Urte gogorra izan da, sakrifizio askokoa, eta ez bakarrik entrenamenduetan». Hori izan da Osesek Riora eraman zuen hegazkinera igo aurretik behin eta berriz errepikaturiko esaldia. Ez zen gutxiagorako, bere begietako arazoek okerrera egin baitute azken hilabeteetan. Miopia magna zuen, eta beste glaukoma aurkitu zioten iragan urrian. Ikusmen asko galdu du, apurka-apurka, eta badaki ez dela aurrekora itzuliko. Begi batekin %5 ikusten du bakarrik, eta %15 bestearekin. «Egokituz joaten zara, baina une bat iristen da gauza asko ezin dituzunak egin. Nik, esaterako, lana utzi behar izan dut». Oses erizaina zen Iruñeko ospitalean. Azken bost urteak erradiodiagnostiko unitatean egin ditu, eta aurreko zortziak Zaintza Berezietan.

Paralinpiar atletak adore eredu izan ohi dira, eta Osesek asmatu du nola buelta eman bizitzaren bizkarrekoei. «Lana utzi behar izateak are gehiago entrenatzeko aukera eman dit. Gauzei alde ona aurkitzen jakin behar da. Hori bai, urte osoan paper eta agiri asko bete behar izan ditut, eta bulego mailan ere gogorra izan da». Burlatako atletismo taldeko kide da, eta Felix Navarroren aginduetara entrenatzen da.

Gehiago entrenatu ahal izan da, eta lanak Rion jaso du fruitua. Iragan larunbatean podiumera igo eta brontzezko domina kolkoratu baitzuen T12 mailako 1.500 metroko proban. T12 ikusmen galera leuna duten atleten maila da, tartean gida gabeko batzuk ere parte hartzen dute, eta hori da Osesen kasua. Proba hori zen nafarraren helburu nagusia, eta burua hotz zuela lehiatzen jakin zuen. 4.39,99ko marka egin zuen, bere inoizko onena.

«Tunisiarrak bizkor irtengo zirela banekien, eta nire unea itxaroten jakin nuen», azaldu zuen nafarrak. Somaya Bousaid (4.21,45) eta Najah Chouaya (4.30,52) ziren tunisiarrak, eta haiekin zeregin gutxi zuela bazekien. Osesen ezaugarri nagusia esprinta da, eta tropelean sartuta iritsi zen azken metroetara. Azken zuzengunean buruz buruko lehia izan zuen Daniela Velasco mexikarrarekin eta aurrea hartu zion. Velasco, gero, kanporatua izan zen bere gida askatzeagatik.

Esprintean ona zela bazekien Osesek, bere betiko proba 800 metroak izan direlako, baina bere mailan paralinpiar programatik irten denez, 1.500 metroetarako jauzia eman behar izan du. Beste traba bat urte gogorrerako. Hain du esprint ona Osesek, 400 metroko proban ere sailkatu dela jokoetarako. Itzuli bakarrera, baina, itxaropen txikiagoa du. Etzi jokatuko ditu finalerdiak, eta, sailkatzen bada, 17an, finala. Aurretik, baina, 4x100 metroko proba jokatu behar du, bihar.

Oses nahiko berria da paralinpiar atletismoan, oso duela gutxi arte ikusmen osodun atletekin lehiatu baita —aurretik Espainiako txapeldun izan zen taekwondoan—. Aurtengo Europako txapelketan lehiatu da aurrenekoz paralinpiarrekin eta txapeldunorde izan da bere bi probetan. Iruindarrak, dena den, ez du ikusmendun atletekin batera lehiatzen uzteko asmorik. «Ahal dudan bitartean jarraituko dut. Zure mugak zuk izan nahi dituzun bezain handiak dira, konponbideak aurkitzen jakin behar duzu, eta ni ez naiz bidean geldituko», adierazi zuen elkarrizketa batean jokoetara joan aurretik. Jokoak bukatuta entrenatzen jarraituko du, eta bizitzan ere ez du amore emango. Erizaintza utzi behar izan du, baina ez osasun alorra, eta fisioterapia ikasten hasiko da irailean.

Granadosek, azkenean

Amador Granados andoaindarrak ere brontzezko domina lortu zuen herenegun olinpiar belodromoan. Granados pista txirrindularitzako abiadura probako Espainiako selekzioko kide da. Espainiako hirukoteak AEBetako selekzioari hartu zion aurrea brontzezko domina erabakitzeko lehian. Bretainia Handiak irabazi zuen urrea eta Txinak zilarra.

Granadosek (49 urte) laugarren, eta «segur aski azken», Paralinpiar Jokoak ditu Riokoak, eta hau du bere ibilbidean lorturiko aurreneko domina. «Amore ez eman izan, eta lan gogorraren saria da», adierazi zuen herenegun. Andoaindarrak Eduardo Santas izan zuen taldekideetako bat. Santas espainiarra da jaiotzez, baina Nafarroako Federazioko fitxa du. Biak ala biak errepide proban lehiatuko dira larunbatean.

Rakel Mateo triatloilari mungiarrak ere saria jaso zuen herenegun. Zortzigarren bukatu, eta diploma lortu zuen. Atzo, bestalde, Espainiako saskibaloi selekzioak 75-64 irabazi zion Australiari, eta Asier Garciak partida handia jokatu zuen. Bilbotarrak 15 puntu sartu, bederatzi errebote hartu eta 11 asistentzia eman zituen.

BERRIAn argitaratua (2016/09/12)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA