astekaria 2016/09/16
arrowItzuli

politika

Euskara, PSErentzat «traba»

Hodei Iruretagoiena

Euskara, PSErentzat «traba»

Euskara askatasunez, administrazioan traba izan ez dadin». Mezu horrekin lagunduta zabaldu du PSE-EEk kanpainako bideo bat, euskararen ingurukoa, Euskara askatasunez. Euskararen alde batera izenburuarekin —gazteleraz dago dena—. Berehala piztu du polemika sarean.

Bideoan gizon bat ageri da hainbat lekutara sartu nahian, baina ez diote uzten, antza, euskaraz ez dakielako. Taberna batean, kirol estadio batean, eliza batean eta autobus batean errepikatzen da eszena bera, besteak beste. Bularrean eskua jarrita gerarazten dute toki gehienetan. Bota ere egiten dute erakunde edo enpresa batena dirudien harrera gela batetik, modu zakarrean. «Euskara ez jakiteagatik sartzen ez uztea ez da inon gertatzen Euskadin. Inon ez, leku batean salbu: administrazioan», dio amaieran Idoia Mendia PSE-EEren lehendakarigaiak —gazteleraz—. Hori «egoera injustu bat» dela, eta «ezabatu» egingo dutela hitz ematen du gero: «Uste dugu aukera berdintasunak ere zerbait oso Euskadikoa izan behar duela (muy vasco dio, gazteleraz)».

Publikatu eta berehala, sareko erabiltzaile askoren haserrea eragin du bideoak; tartean, Patxi Lopezen legealdian PSE-EErekin Eusko Jaurlaritzako Kultur sailburu izandako Blanca Urgellena. «Sinestezina. Ez daukat hitzik», jarri du Twitterren. Eta gero, beste mezu batean, honako hau:«Elebakarren biktimismoa hauspotzea. Horixe falta genuen!».

Gainerako alderdi politikoek ere egin dituzte kritikak, sarean. «Alderdi Sozialistaren euskararen kontrako bideoa ez da bidezkoa. Jasanezina eta lotsagarria. Euskara maite dugulako», jarri du Twitterren Gasteizko EAJk. EH Bilduk, berriz, Arnaldo Otegi eta Maddalen Iriarte euskarari buruz hizketan ageri diren bideo batekin erantzun du: «Diskriminazioaren diskurtsoak entzuten ditugu: kontrakoa da, indarra egin behar dugu euskara bere mailara eramateko», idatzi dute.

Hizkuntz eskakizunak

Euskara askatasunez eta euskara askatasunean leloak lehen ere erabili izan du PSE-EEk. Eusko Legebiltzarrerako 2009ko bozen atarian, esaterako, dokumentu bat argitaratu zuen izen horrekin Patxi Lopez lehendakarigaiak —PPren babesarekin osatu zuten gobernua gero, Lopez lehendakari zela—. Orain ere hauteskunde atarian iritsi da PSE-EEren antzerako dokumentu bat. Uztailaren 14an bildu zen Mendia alderdiko euskara lantaldearekin eta PSE-EEren inguruan egondako hainbat euskaltzalerekin, proposamena aurkezteko. Euskara eskakizunak askorentzat «oztopo» direla adierazi zuten, atzo bideoan eta ohar batean egin bezala. Eta, «berdintasuna» argudiotzat hartuta, eskakizun horiek egoera soziolinguistikoaren arabera moldatzea proposatu zuten. Hori jaso dute ele bakarrean —gazteleraz— ateratako programan ere.

Ez da bakarra hautesleei halako mezuak helarazi dizkiena. PPk gaur aurkeztuko du antzeko bideo bat: Euskara inposaketarik gabe —gazteleraz dago hori ere: Euskara sin imposiciones—.

HURRENGO EKITALDIAK

Bilbo. Mahai inguru batean hartuko du parte Idoia Mendiak. 11:30ean, Bilboko Itsas Museoan.

Gasteiz. Ekitaldia, Patxi Lopez eta Natalia Rojorekin. 18:30ean, Independentzia kalean.

BERRIAn argitaratua (2016/09/12)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA