astekaria 2016/09/16
arrowItzuli

mundua

«Haiek» eta «gu»

Urtzi Urrutikoetxea

«Haiek» eta «gu» Urtzi Urrutikoetxea

Euskal Herrira bidean zela idatzi zidan Jk. Irandik ihesi joandako adiskide kurdua da, eta egun Norvegian bizi da. Hamabi urteko mutiko bat ere irten da autotik. Bi urte daramatza Bilbon, eta polito daki espainolez. Baina ez diot uzten, euskarara dakart etengabe. Ez du hitz egiteko erraztasunik, dena ulertzen badu ere. «Nik D ereduan sartu nahi nuen umea, euskaraz murgiltzea ahalik bizkorrena izatea, eta ume euskaldunekin egotea. Baina ezin zela esan zidaten Jaurlaritzan, umeak espainolez jakinez gero B ereduan behar zuela». Mk eta umeak kurdueraz egiten dute etxean.

Bilbo Oslotik hurbilago ikusten du Jk Kurdistandik baino. Hizkuntza gutxituak batzen gaitu, baina 35 milioi lagunek dakite kurdueraz. Norvegiera ez da gutxitua, eta sei milioi hiztun ditu. «Badakizu norvegierak ez duela balio Norvegiatik kanpo, eta, gainera, mundu guztiak daki ingelesez, baina berehala jabetzen zara norvegieraz jakin behar dela bertan bizitzeko, bertakotzeko». Adiskide euskaldun bat espainieraz zuzendu zaio mutikoari, eta berehala gaztigatu dio Jk: «Badaki euskaraz» (euskaldunek umea D eredutik uxatzeko egindako ahaleginak ahalegin, erantsiko nuke). Jk norvegieraz egin ditu ikasketak, eta ingelesez ere bikain moldatzen da. Mk espainieraz baino ez du ikasi. «Madrilera iristeaz bat banekien Euskal Herrian edo Katalunian biziko nintzela». Inork ez dio euskararik eskatu edo eskaini Mri. K kabiliarrak bai, Bartzelonara erbesteratu eta katalanez ikasi zuen beste ezeren aurretik, «baina han ere migratzaile eta errefuxiatuekin dihardutenek espainieraz egiteko ohitura dute. Burugogorra naizelako tematu nintzen, ez nekiela espainolez, katalana ikasi nuela eta haien ikastaroak katalanez ere egon behar zirela»

Baso bat ardo dauka Jk, garagardoa Mk. Soineko laburra batek, bakeroak eta kamiseta estua besteak. Tindatutako ile laburra. Irratiak dio Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak oharra bidali diela buruzapia daramaten neskatoei eskolan sartzen uzteko. Estatuak zapia jantzarazi zionak badaki zertaz ari den: «Hamar urteko umeari zelan azaldu emakumearen gorputzak sexu-tentaziotik ezkutatzeko zapia behar duela, erlijioaren izenean? Ulertu ere egiten ez dituzten kontzeptu sexual horiek txikitatik barneratzea dakar, erruduntasun zentzu hori, eta estigma, noski. Ez zara gehiago ume, emakume-beraz-gizonen-plazerleku da zure hamar urteko gorputza. Umeek eskolan behar dute, argi dago hori, eskolatzeak derrigorra behar du, baina baita estigmarik ez sortzea ere».

Hondarribira doa albistegia. Zapi azpian edo plastiko atzean ezkutatu, helduen kontu beharko luke. Baina gobernuek eskolatzeko duten ardura berarekin zaindu umeak gurasoen perbertsio erlijiosoez. K-k semeari urdaiazpiko ogitartekoa jarri zionean eskolarako, hura negarrez itzuli zen etxera, ordura arte lagun min izandako mutiko aljeriarrak lepotik heldu ziola eta. «Zuzendariarengana jo eta argi esan nion: ez naiz jihadisten aurka borrokatu hemen askatasunik gabe bizitzeko, zer jan behar dudan ere inposatuta». Mediterraneoaren bi aldeak oso antzekoak izan dira beti, Kren berbetan. «Kabilian oso azaleko elementua da erlijioa, zapi koloretsuak daude, ez gaur eguneko beltz wahabi horiek, eta lasaitasun osoz erakusten zen ilea». Txerririk ez zen herrian, «baina basoan ehizatutako basurdeak ederto jaten ziren. Eta familia atzerakoi batek itsututa, ume hark mehatxu nire semeari urdaiazpikoagatik, non eta Katalunian!».

Kri mingarri zaio bereziki ezkerraren elkartasun falta. Hajj-eko sakrifizioaren ospakizunaren ordez, Diadan izango da gaur, baina ez dut uste argazkietan ezagutuko dudanik. K-k ez du zapiz ezkutatzen bere ile gorria, eta gure elkarte aurrerakoiek, aniztasuna erakusteko, ez dute «gu bezalako» migratzaile edo errefuxiaturik. Magrebeko ehun neskaz osatutako taldean bik badaramate zapia, haiei egingo dizkiete argazkiak, egon ziur. Zapidun eta exotiko nahi ditugu gure afixetan, hauteskunde-kanpainetan, argazkietan, onartzen ditugula adierazten, gugandik desberdin izan arren eta gugandik desberdin izateko.

«Haiek» eta «gu» bereizten dituen marra sendo marraztu dugu; hurbilen ditugun lagunekin marra ezabatzeko lan egin ordez, eskuin muturrarekin eta wahabismoarekin batera lan egiten du ezkerrak gehiegitan, marra hori azpimarratzen eta indartzen, «beste aldekoen» ohiturak eta eskubideak errespetatzen ditugun aitzakian. Haiek musulman badira, gu... kristau? Ateo izan arren? Hain beharrezko zaizkigun ñabardurak ukatu egiten dizkiegu marraz beste aldean kokatu ditugun horiei. Nahi eta nahi ez musulman dira, inoiz onartuko ez genituen debeku, tabu eta inposizioak ezartzen askatasunez jan-edan-erre edo larrutan egin nahi duten «haiei».

(Postdata: larunbat goizean bi whatsapp. Lehenean argazki bat, Gotzon Amaro auzokidea espetxetik irten berri libre, 18/98aren kate luzeak zortzi urtez giltzapean izanda. Bigarrena antzekoa da: kartzelatik irten ostean, amarekin eta nebarekin, Adnan Hassanpour kazetaria, Jren -Jilaren- neba. Hamar urte Irango ziegetan, heriotza zigorrarekin horietako asko. Noski, ez da gauza bera hura eta hau, mendebalde eta ekialde, ezker edo eskuin. Baina funtsean, herriak ukatzen dituzten estatu handiak daude, beren armada eta apaizekin, eta maite ditugun lagunak, libre izateko borrokan. Eta bi ohe huts gutxiago Kurdistanen eta Euskal Herrian).

BERRIAn argitaratua (2016/09/10)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA