astekaria 2016/09/09
arrowItzuli

kultura

NIñO DE ELCHE

«Ahotsaren fisikotasuna alboratzea ekintza kontserbadorea da»

Gorka Erostarbe

«Ahotsaren fisikotasuna alboratzea ekintza kontserbadorea da»

Gustua hartu dio Euskal Herrian aritzeari; eta, alderantziz, azken urteotan Euskal Herriko hainbat lekutatik deitu izan diote bateko eta besteko emanaldiak eskain ditzan. «Iristen naizenean, beti dago halako intentsitate bat, gerta litekeenaren aiduru, zer eman dezakedan eta zer jaso... Herria oso txikia izanagatik, beti dira gauza interesgarriak hemen Euskal Herrian, eta hori oso leku gutxitan gertatzen da». Sortzaile osoa da Francisco Contreras Niño de Elche (Elx, Herrialde Katalanak, 1985). «Ume kantari mirari horietako bat izan nintzen». Sariak irabazten zituen, eta laudorioak jaso trumilka. Segituan egin zion izkin, ordea, flamenkoaren unibertso ofizial ortodoxoari. Voces del Extremo (2015) lan laudatuarekin, flamenkotik kanpoko publikoa bereganatu zuen, musika independenteko ikur bihurtzeraino. Berdin lan egin dezake Pony Bravo Sevillako rock banda independentearekin, Los Voluble bikote elektronikoarekin ?Raverdial ikuskizuna ondu zuten?, Israel Galvan dantzari eta koreografoarekin ?mundu osoan barrena aritzeko ikuskizuna prestatzen ari dira? Toundra Madrilgo rock instrumental taldearekin ?heldu den urte hasieran diskoa kaleratuko dute elkarrekin? eta beste hainbatekin... Berdin parte har dezake Sonar edo Primavera Sound jaialdietan, ari liteke Europako antzokietan, edo egon liteke Bera herrian (Nafarroa) astebetez, Ertz jaialdiak gonbidatuta, «lan prozesu etengabean». Astelehenetik da bertan, Xabier Erkizia musikari eta ekitaldiaren antolatzailearen eta Ainara Legardon musikariaren abaroan. Hiru saio prestatzen ari da Ahotsaren Tolesdurak izenburupean. Legardonekin berarekin eta Gargara bikotearekin ?Ibon Rodriguez eta Miguel A. Garcia? ariko da gaur, Berako Kultur etxean (22:00); Maialen Lujanbio bertsolariarekin eta Beñat Axiari kantariarekin bihar (22:00); eta Legardonekin berarekin eta Amorante musikariarekin etzi (18:00).

In situ eta beste sortzaileekin kolaboratuz lan egitea da egun gehien interesatzen zaizuna?

Bai, azken boladan gehien interesatu zaidana da. Batzuetan nire izena gehiago nabarmentzen da, besteetan gutxiago, baina beti sinistu izan dut lan egiteko modu honetan, eta sinesten dut egun ere. Proposamenak osatuagoak izaten dira modu honetan lan eginez. Jakin-minak eramaten nau izaki desberdinekin kontaktua izatera. Ez dut hainbeste sinesten ezinegon indibidualean; azken finean, zu bakarrik zaudenean ere, izaki bizidun, liburu, disko edo makinaz inguratua zaude, eragiten dizute. Ezer ez da hertsiki indibiduala. Asko gustatzen zait pertsona desberdinekin lan egitea, horrek bultzatzen bainau ezagutzen ez ditudan lekuetara joatera. Eta, gainera, ustez ezagutzen duzun espazio edo ingurune batera zoazenean, beti dago zer edo zer harrituko zaituena, eta horrek liluratu egiten nau.

Sorkuntza kolektiboa posible da, orduan?

Kolektibotzat zer ulertzen dugun argitu behar genuke. Zer dimentsio ematen diogun kolektibo hitzari. Lehen esan dudanagatik, uste dut sorkuntza guztiak kolektiboak direla berez, handik edo hemendik, bestearen eragina izango dugulako; orain, kolektibotzat ulertzen badugu sortzeko modu igualitario bat, bada, ez. Hori ez baita ematen. Berdintasuna kontzeptu konplikatua da, marxistek soilik sinesten dutena. Sorkuntzak egoaren kontzeptua berekin darama, ez dut igualtasun kolektibo horretan sinesten, baina bai jendearen arteko, desberdinen arteko lotune komunetan. Hori interesatzen zait lan kolektiboetatik; kontzeptu bateratze komunal bat, baina ez igualitarioa.

Ahotsaren tolesturak: forma esperimental eta primigenioenak arakatzeko egokiak?

Bai, esan bezala, ahots komunetatik abiatuta lan egitea da asmoa. Ahotsa, kantua, kantatzeko modua... Lotura komunak, eta desberdintasunak, arakatzen ari gara. Gero zuzenean azalduko ditugu. Ahotsa oso modu desberdinean ulertzeko ahalegin bat badago. Ahotsa ez da erreminta huts bat. Ahotsa, hitzetik libre denean ere, dela jarreragatik, dela ehunduragatik, eduki politiko eta diskurtsiboz jantzia dago. Eta norberak modu batera edo bestera uler eta erabil dezake, daraman bizipen motxilaren arabera.

Zenbat interesatzen zaizu gorputzaren lanketa?

Gorputz ahotsa bilatzea izan da nire nahietako bat ia hasieratik. Ahotsaz hitz egiten denean, sarriegi hitz egiten da talaia akademiko batetik, eta ahotsaren fisikotasuna alboratu egiten da. Hori egitea ekintza kontserbadore bat da, akademikoa. Saiatzen ari gara ahotsa gorputzarekin konexioan lantzen, hor hartzen du pisua langintzak, gorputza subjektu politiko bihurtzean. Izango balitz soilik ahotsaren teknikaz hitz egitea, eta esatea «begira zer zarata arraroak egiten ditugun» eta halakoak, bada erabat absurdoa irudituko litzaidake. Esperimentalaren etiketa hori ulertzen bada soilik zerbait sonoro bezala, ez zait interesgarria; uste dut haragia, gorputza oso garrantzitsuak direla.

Eta nola iristen da gogoeta eta lanketa horretara Niño de Elche, jatorria flamenko kantuan izanik?

Nire ikuspegia aldatu zen Francis Baconen inguruko lana egin nuenean, duela bospasei urte?VaconBacon, Cantar las fuerzas lana egin zuen pintore ingelesaren inguruan, Bulos y Tanguerías taldearekin batera, 2011n?. Ahotsaren fisikotasuna lantzen hasi nintzen hor. Baconek pinturan erabiltzen zituen teknikak erabili genituen ahotsean, deformazioa, gorputzaren biolentzia... Hori izan zen gure esperimentazioaren oinarria. Hor hasi nintzen lehen loturak egiten, baina ez nuen zirkulua itxi dantza garaikideko artistekin lanean hasi nintzen arte. Lehenago langintza performatiboak egin nituen, baina dantza garaikidearekin gorputzaren tolesturak ere deskubritu nituen.

Guztiaren hasieran, flamenkoa. Ondoren, karga ere bilakatu zitzaizun. Egun, zer da flamenkoa zuretzat, etiketaz haraindi?

Maitasun-gorroto harreman moduko bat dut flamenkoarekin. Baina nik ez dut flamenkoa identitate modura ulertzen. Erreminta asko ematen didan musika bat da, baina, ez soilik erreminta materiala, baizik eta zenbait jarrera interesatzen zaizkidanak, eta beste adierazpide artistiko batzuekin konektatzen nautenak. Izatekotan, hor du interesa flamenkoak niretzat gaur egun.

Borrokatu behar izan duzu flamenkoaren ortodoxiaren kontra, baina ortodoxia ez da flamenkoaren esklusibotasuna...

Bai, gainera, ez daukat sentipenik hainbeste borrokatu izanarena. Duela denbora asko urrundu nintzen flamenkoaren merkataritza instituziotik. Flamenkoko lankide asko ikusi ditut benetan borrokatzen, behar zutelako flamenko mundu ofizialaren bermea, zigilua. Nik beti pentsatzen izan dut inolako instituzioren bermerik ez dudala behar; ez dut behar interesatzen ez zaidan jendearen bermerik, ez dudalako haiekin ez ideiarik, ez kontzepturik, ez bizi ikuspegirik partekatzen. Aldentzea erabaki nuen, ez dudalako haiekin espaziorik eta denborarik partekatu nahi... Aitorpena beste mundu eta jende batzuetatik etorri zait, eta zenbait flamenkologorentzat kolpe bat izan da. Nire berri lauso bat zuten, nire hastapen klasikoetatik eta lehiaketetatik eta abar, eta oraingo Niño de Elcherekin topo egitean, bada, batzuek ondo hartu dute, eta beste batzuek, oso gaizki.

BERRIAn argitaratua (2016/09/08)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA