astekaria 2015/10/30
arrowItzuli

kultura

Hizkuntzak eta...

Txuma Murugarren

Hizkuntzak eta... Txuma Murugarren

Ez dut ukatuko mundu anglosaxoiak izan duen pisua herri kultura modernoetan. Erreferente ugari sortu ditu azken mendeotan, besteak beste (eta gainontzekoak gutxiesteko asmorik gabe), musikaren iraultza ekarri zuen rock soinu eta filosofiarekin. Horrekin batera, baina, menpekotasun izugarria sortu digulakoan nago. Starbucks fenomenoak Bilbon agerian utzi du populazioa zer puntutaraino den manipulagarria eta junkiea. Egia esan, globalizazio hitza sortu zenetik kolonizaziorako marketinaren aurrean geundela iruditu zait, anglosaxoien merkatua potolotzeko estrategia zelakoan egon bainaiz beti, mesfidatia ni! Denbora honetan, ingelesa nazioarteko hizkuntza bilakatu da eta leku guztietan dugu beharrezko. Atzerrian lan egin beharrean gauden honetan edo ikasketei sinesgarritasun internazionala emateko, ingelesa da urrezko giltza.

Gurean, hiru eledun hezkuntza abiatu zuen Isabel Zelaak. Beti jostatzen eta alkimiak egiten egon behar du, antza, politika kastako jende horrek, euren izena historiako orrietan betikotzeko asmoz edo. Zelaak ez zion, ziur naiz, euskal hizkuntzaren egoera diglosikoari erreparatu, bestela ez zukeen Ondarroarako eta Barakaldorako eredu bera ezartzea proposatuko. Ingelesean lizentziatua da, eta litekeena da hori bere obsesioetako bat izatea, Shakespeareren hizkuntza menperatzeko sartu zituen ordu eta neke guztien amaieran estasia ezagutuko zuen halako batean, Liverpoolen, aupair zebilela, diot nik, eta estasi bera eskaini nahi izan zien euskal ikasleei. Baina hori beste kontu bat da.

Ingelesa Grial Santua bilakatu da, denak ados daude ezinbestekoa dela esatean, eta kontsentsu horiek izorratzen naute. Izan ere, gai honetan esperantozalekeria ikusten baitut. Munduko gizaki guztiok hizkuntza bakarrera ekartzeko nahia. Ez dago hoberik, praktikoa da, garbia, diru pila bat aurrezten da itzulpen, azpititulu eta txorakeria horiek gabe, ez esan. Askotan entzuten dira bide horretatik doazen iritziak.

Baina, diot nik, mundua ez al da bizi (ederki asko, gainera) hizkuntza desberdineko interlokutoreen elkarreraginarekin? Eta ez al da aberasgarria izan? Zergatik ikasi behar dugu, orain, denok ingelesa? Zergatik da denbora galera, demagun, errumaniera ikastea? Eta garrantzitsuena, zer alukeria mota da Getxokoa izan eta ingelesez abestea rock talde batean? Barka nazatela horrelako talde bat daukatenek, baina, rockaren parametroetan imitazioan ibiltzen bagara ere, ez al da imitazioaren eldarnioa rocka Getxon egin eta ingelesez abestea?

Honelakoak esaten ausartu naizenetan ez dut gauza onik atera, atzerakoia, txokozalea eta horrelako gozokeriak entzun izan ditut, normalean bere herritik atera ez baina bidaiatzea zein garrantzitsua den aldarrikatzen duen baten ahotik. Ingelesa ere hark gutxi. Euskara deus ez. Elebakar petoa. Baina munduko hiritar den heinean, ingelesak betiere euskara baino distira handiagoa izango du, modernoagoa izango da. Eta hor dago koxka. Ingelesa modernoa da. Molatzen du mazo. Euskara, ordea, txokokeria. Gauza harrigarria da, honela pentsatzen dutenek kultur aniztasuna (multiculturalidad euren ezpainetan) aldarrikatzea. Nik esango nuke kultur aniztasun horretan hizkuntzek ere badutela balio garrantzitsu bat. Are gehiago, uste dut hizkuntzek aberastu egiten dutela rocka, (kultura oro har), eta gure egiteko modu naturala dela. Ez dut uste gauza bera denik rocka euskaraz, suomieraz, errusieraz edo ingelesez egitea. Emaitza ez da berbera. Rocka bera ere ez da berbera. Eta, gainera, ez esan ez dela atsegin hutsa, adibidez, Dominique A frantsesez entzutea. Baina zenbat musika entzuten duzue ingelesez ez dena? Euskaraz, frantsesez edo espainolez (gertuenak aipatzearren) egiten dena entzuten dugu? Ez dakit, baina ingelesezko kultura elebakarra ez da aniztasunaren adibiderik onena. Zoritxarrez, baina, honela dago auzia. Mundu berri, moderno eta globalizatu honetan ingelesez hitz egin behar da, ingelesez sortu behar da. Tira, ez diot inori goizeko kafea ozpindu nahi, agian poteorako hizpidea eman bai. Nik, nere aldetik, Audience entzuten dudan bakoitzean beti jarraituko dut pentsatzen: jode, alu hauek zergatik ez dute euskaraz egiten!

BERRIAn argitaratua (2015/10/24)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA