astekaria 2016/09/09
arrowItzuli

iritzia

Etxe barruan lasto

Manex Agirre

Etxe barruan lasto Manex Agirre

Iritzi-zutabegintza bekatuen aitortzarako errezel irekidun kaxoi publikotzat erabili ez duen iritzigilerik bada inon, altxa dezala idazluma. Pertsonala politikoa den bezainbestean egiten dugu, kontzientzia osoz, politikoa pertsonal, eta bueltan bidali berriz plaza publikora, nartzisismoz, askotan, erredentzio bila, gehienetan. Gaurkoan, nik.

Atzo hasi zen eskolan gure zaharrena (mutila, 3 urte), urduri eta pozik. Orain bizpahiru aste esan zion gurasoetako bati (emakumezkoari, hau da, bere amari; niri ez), soinekoa jantzi nahi zuela. Seguru asko gure txikienari (neska, urtebete; hau da, bere arreba) jantzi geniola ikusi, gustatu, eta, umeek (zorionez) duten logika altzairuzkoari jarraiki, «nik ere nahi dut» esan zuen. Eta gurasook, zer egiten dugu horrelakoetan? Ba, erantzun argirik ez eman, eta elkarrekin hitz egin. Umeak aspertuta egon behar dira, nahitaez, demokraziak dimentsio pribatuari erantsi dion jarrera zibiko horrekin. Ekintza zuzenaren zaleagoak dira.

Semearekin solidario izateko gona jazten zuen aitaren bideoa ikusita neukan. Sarean biral bihurtu diren mezu sasiprogre edulkoratuak ere, nahigabe, baina irentsita. Generoaren eraikuntza-prozesuaren kontzientzia, nire jaiotzetiko artasunak bizkarreratutako kontraesan eta guzti, ezagutzen hasia. Eta, hara non, esaera bertsioberritzeko moduan jarri naizen: ordenadoreko pantailan asko, etxe barruan lasto.

Tira, umeak bi aldiz jantzi du soinekoa uda honetan, eta jantzita izan duen bitartean, ni izan naiz jantzita zer daraman ahaztu ez duen bakarra. Ustez lurperatutako mamu normaltasun-zale eta kezka-ukatzaile mordoa etorri zaizkit bisitan. Gordetzen eta irensten saiatu naiz, kostata. Guretzat normala dena umeentzat ez baita logikoa, eta, lezio espliziturik eman gabe ere, argi eta garbi erakusten diegu logika hori ahazten.

BERRIAn argitaratua (2016/09/07)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA