astekaria 2016/09/09
arrowItzuli

iritzia

Nork eta zer estali

Maddi Ane Txoperena

Nork eta zer estali Maddi Ane Txoperena

Hendaiako hondartzara joanda egin dut froga. Oihala hondarretan hedatu, eta bertzerik gabe jarri naiz gainean: galtza eta kamiseta soinean, eta lepo inguruan jarri ohi dudan zapi koloretsua buruan turbante gisa itzulikaturik, iraileko eguzkiak nire masail oraino zuriak erre ez ditzan. Ez dago inor niri begira, edo ez behintzat modu bitxian. Minutu gutxi gabe altxatu, eta horrelaxe hurbildu naiz itsas ertzera: gorputza jantziz estalirik. Hiru urratsez egin dut uretara jauzi, eta gustura aritu naiz olatuekin jostetan, igerian, eta zerura begira amesten, sabela ur azalean.

Ez zait bereziki deserosoa egin jantzita bainatzea. Igeria astunagoa, bai, baina bikiniaren goiko ala beheko partea askatuko ote zaidan kezkarik gabe behintzat, patxada ederrean. Uretatik ateratzerakoan gorputza astindu, eta oihalera hurbildu naiz berriro, kontrako froga egitera. Arropa bustia erantzi, bihurritu, eta bazterrean utzi dut, plegatuta. Eguzkitako krema gorputz osora zabaldu, eta biluzik etzan naiz, gora begira, azala belzteko esperantzan. Oraingoan ere inork ez dit arraro begiratu, ala ni ez naiz ohartu, bederen.

Burkiniaz aurten eta nudismoaz beti izaten diren eztabaidak ekarri ditut buruan bueltaka etxerako bidean. Eta arropa bustia garbigailuan sartzen ari nintzela hasi zaizkit erantzunak: ez ote nintzatekeen hain lasai ibiliko Hendaian beharrean Frejusen banengo, Euskal Herrian egoteko partez Indian... Eta poliziarik ez ote litzatekeen nigana hurbilduko azala ez banu izanen hain zuria, eta zimurrik gabea. Ez baita berdin nork, non, zer eta nola estaltzen duen. Eta baieztatu dut uda honetakoa ez dela izan Frantziako politikariek sustaturiko bertze polemika antzu bat baino, gure gorputzez gain haien hanka sartzeak ere estaltzeko. Adibidez, onartu berri duten lan legea, ala PSren gobernuaren gobernatu ezina. Badaezpada, ahulenen bizkar.

BERRIAn argitaratua (2016/09/06)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA