astekaria 2016/09/09
arrowItzuli

mundua

IBAN GARTZIA

«Alderdi ezkertiarrek jokabide guztiz faxista dute indigenekin»

O. Morras Aranoa

«Alderdi ezkertiarrek jokabide guztiz faxista dute indigenekin»

Iban Gartziak (Irun, Gipuzkoa, 1982) gaztetatik erakutsi du mundu osoan zehar borrokan dauden herriekiko interesa eta elkartasuna. «Oso erraza da internazionalista izatea etxetik mugitu gabe, praktikara eraman gabe. Benetan herri baten borrokarekin bat egiteko, norbere begiekin ikusi eta norberak sentitu behar ditu pairatzen dituzten injustiziak». Txileko maputxeekin bizi izan da urte erdiz, haien egoera ezagutu, eta, bide batez, estatuaren aurka daramaten borroka etengabearekin bat egiteko. Poliziak, baina, uztailean atxilotu eta kanporatu zuen Txiletik. Hala ere, bihotza eta arima han ditu, eta ahal bezain laster bueltatuko da Wallmapura.

Nolako egoeran dago gaur egun maputxe herria? Zeintzuk dira haien borrokaren helburuak?

Historian jasandako errepresio guztiak oso bananduta utzi ditu, egia esan. Gainera, maputxeen egoera ekonomikoa ez da batere ona, Txileko langile klasearekin alderatuta. Estatuak ematen dizkien diru laguntzek haien artean banaketa gehiago sortzeko helburua baino ez dute. Betidanik jazarpenak jasan dituztenez, konfiantza eskasa dute atzerritarrekiko. Kostata lortu nuen haien konfiantza, umila izan eta ahal nuen guztian lagundu ondoren.

Erlijio kristauak garrantzi handia du, oso inposatua izan zelako, eta, egun, maputxe komunitate asko eta asko ebanjelikoak dira. Ni bizi nintzen lof-ean %80 inguru ziren ebanjelariak. Akulturizazio prozesu indartsua jasan zuten, eta askok beren sinesmen tradizionalak galdu zituzten.

Klanen artean ezberdintasun handiak daude. Badaude batzuk oso autonomoak direnak, estatuari buruz deus jakin nahi ez dutenak eta nazio eraikuntza martxan jarri nahi dutenak. Beste batzuk moderatuagoak dira, eta Txileko Gobernuaren legedia baliatzen dute haien helburu politikoak aldarrikatzeko. Eta badaude ekintza armatuak erabiltzen dituztenak ere, baina ez pertsonen aurka, baizik eta «gobernuaren ondasun multinazional» deitzen dituztenen aurka.

Izan al da Txilen maputxeen eskubideekiko begirunea erakutsi duen gobernurik?

Salvador Allende gobernura iritsi zenean [1970] apustua egin zuen maputxeekiko begirune zabalagoa izateko. Kendutako lurraldeak herriaren artean banatzen hasi zen. Baina Augusto Pinochetek estatu kolpea eman zuenean [1973], hori guztia amaitu zen. Diktadoreak estrategia guztiz faxista erabili zuen, are gehiago maputxeen aurka. Francok Espainian euskaldunen aurka izan zuen jarreraren parekoa izan zen. Gainera, maputxeen lurraldeko zuhaitz eta landare guztiak mozten hasi ziren haien ordez pinua eta eukaliptoa landatzeko, interes ekonomikoekin.

Zer jarrera du gaur egungo gobernuak?

Txilen gertatzen ari dena harrigarria da. Gobernua alderdi ezkertiarrez osatuta dago, eta, hala ere, indigenekin duten jokabidea guztiz faxista da. Eskuineko gobernu batek hala jokatuko balu, ulergarria litzateke, baina suposatzen da oraingoa aurrerakoia dela. Horixe salatu nahi dut munduan zehar, Txileko Gobernuak duen mozorro ezkertiar hori faltsua dela eta jarrera guztiz eskuindarra duela, langileriaren aurkakoa. Horregatik internazionalismoan sinesten dugunok uste dugu garrantzi handikoa dela, jendeari ezagutarazteko estatu inperialisten estrategia menperatzaileak zeintzuk diren. Horren aurrean herri zapalduen arteko elkartasuna sendotu behar dugu, bata besteari gogorarazteko bakarrik ez gaudela honetan.

Zein etorkizun du maputxeen borrokak?

Itxaropena daukat maputxeengan, Wallmapu osoan hedatzen ari delako borroka, ez da lehen bezala Araucanian bakarrik zentratzen. Haien artean oso zatituta daude oraindik ere, eta hori pena bat da, baina, hala ere, egoera hoberantz doa. Belaunaldi berriek geroz eta kontzientzia sendoagoa dute beren arbasoen identitatea berreskuratzeko. Maputxeen borrokan sinesten dut, eta jasan dituzten injustiziak nik jasan banitu bezala sentitzen ditut, nire anai-arrebatzat ditudalako. Nire bihotzaren zati bat beti egongo da Wallmapun.

Zergatik, munduan dauden borroka guztien artean, maputxeena aukeratu zenuen bat egiteko?

Maputxeen borroka betidanik izan da erreferentea niretzat, historia luzeko herria delako eta garaitua izan ez zen herri indigena bakanetarikoa delako. Hego Amerikako borrokei beti erreparatu izan diet historian zehar, batez ere antzekotasun handiak dituztelako Euskal Herriarekin: konkistatzaile bera izan genuen, erlijio eta hizkuntza berak inposatu zizkiguten...

Internazionalismoa praktikara eraman nahi nuen, konfort esparrutik ateraz eta borrokaren batekin bat eginez. Lanean urte bateko lan utzialdia hartu ahal izan nuenean, ordua iritsi zela erabaki nuen. Hasieran Mexikora abiatu nintzen, zapatistekin bat egiteko, baina han lurreratu bezain laster Polizia nuen esperoan. Deportatu ninduten, eta, hilabete batzuk geroago, Txilera joan nintzen, maputxeekin bizitzera.

BERRIAn argitaratua (2016/09/06)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA