astekaria 2016/09/09
arrowItzuli

iritzia

Geografia ariketa bat

Goizalde Landabaso

Geografia ariketa bat Goizalde Landabaso

Baiona, Bayonne frantsesez, Lapurdiko hiriburua eta Iparraldeko hiririk handiena. Arrankudiaga, Bizkaiko herri txikia. Valdorba, Benito Lertxundiren kantu bat da, baina baita Nafarroako erromaniko zoragarria duen eskualdea (ardo eta olio bikaina ere bai), Garinoain bertako herri bat da. Oion Araba da. Biarritz, Lapurdi. Eta Nagore, Nafarroa. Loiu, EHko aireporturik handiena eta baserri gunea uztartzen dituen herri bizkaitarra. Karkar, euskaraz barre egiteko onomatopeia, bai, baina Nafarroako herria ere bai. Altzürükü, Niko Etxarten herria, Zuberoan. Pobeña, euskal kostaldeko herri bat. Getaria, Madonnari gustatu zitzaion euskal kostaldeko herri bat. Getaria, kostaldeko beste herri bat; arratoia duela uste du jende askok, Oteizak, berriz, balea zela zioen. Oteiza, izan dugun jenio bakarrenetarikoa eta Nafarroako herri bat. Iruña Oka Araban dago. Berantevilla ere bai. Ziordia, ostera, Nafarroa da. Dantxarinea, Lapurdi eta Nafarroa arteko herria (dantzan egiten duen herriarentzat, ezinbestekoa). Etxebarria Markina albo-alboan dagoen herri bat da, udaletxea dauka. Usansolok oraindik ez. Jaizkibel mendi bat da, eta Izaro uharte bat. Lehenengoa Gipuzkoan, bigarrena, berriz, Bizkaian. Armintza eta Nabarniz Bizkaian daude. Dulantzi Araban. Mungia eta Murgia ez dira gauza bera. Aranguren zenbait dago (Nafarroan, Bizkaian...). Legarda Araban dago, eta Nafarroan ere bai. Laga eta Laida hondartza bi dira, eta Ibarrangeluan daude. Bardea basamortua da, Game Of Thrones telesailekoek (eta Espainiako ejerzitoak) ondo dakite, jakin. Karraspio ez da Lekeitio, Mendexa da. Itoiz, dagoeneko, ez da existitzen. Agoitz bai. Eta Urepel. Eta Santa Engrazia eta Txintxetru. Eskiula Biarnon dago eta euskaraz mintzo da. Nograron hotza da negua. Nafarroan miraria Milagro da. Astigarraga ez da sagardo mota bat. Karakter gehiagorako ez du ematen zutabe honek;hortaz, jarraituko du.

BERRIAn argitaratua (2016/09/05)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA