astekaria 2016/09/09
arrowItzuli

ekonomia

Nola iragazi uholdearen emaria

Oihan Vitoria

Nola iragazi uholdearen emaria

Ofizioa pasioz eta bizioz bizi dute, eta igartzen zaie: irribarrean, aurpegian, mintzatzeko moduan. Elkar ezagutu ez arren, gutxi behar izan dute solasaldiari ekiteko. Argazkien tramitea nola edo hala igarota, berehala hasi dira hizketan, arin-arin. Aktualitatea izan dute hizpide, jakina. Ezin zitekeen bestela izan: Zumaiako garbiketa ordenantza polemikoaz, Espainiako Vueltaren etorreraz, oporrez... Eta kazetaritzaz ere mintzatu dira, nola ez, horri ere lantzean behin erreparatzea ez baitago sobran. Taberna bateko gerizpea aukeratu dute Lander Arbelaitz eta Arritxu Iribar kazetariek ogibideaz gogoetatzeko eta bero sapatik babesteko.

Errotik aldatu da sektorea lanbidean murgildu zirenetik. Teknologia berrien agerpenak ofizioaren bilakaera baldintzatu du, informazioa jasotzeko eta helarazteko moduan iraultza eragiteraino. Batak zein besteak ezagutu zutenaren arrastorik ez da kasik. «Gure garaian, adibidez, ez zegoen ez eskuko telefonorik, ezta Internetik ere. Txirrindulari lasterketak ere ez nituen ikusten askotan, zuzenean sartzeko telefono kabina bat topatzea zelako kezka bakarra», kontatu du Iribarrek.

Arbelaitzek ere aldaketa tekniko izugarria antzeman du azken hamarkadan. «Oroitzen dut hasieran kamera kaskar bat baino ez genuela, mikrofonoa ezin zitzaiola sartu». Irratian grabagailuekin funtzionatzen zuten: «Zinta handi batzuk moztu eta itsasten genituen, emititzeko mozketak non zeuden igar ez zedin. Ikaragarria zen. Eskulanetan genbiltzala zirudien». Eta teletipoekin, antzera. «Aparatu bat zegoen etengabe agentzietako berriak ateratzen zituena. Banan-banan mozten genituen interesgarrienak, eskuz».

Orain, aski dute tekla bat ukitzearekin. Informazio andana lor dezakete; gehiegi, batzuetan. Zer ikusirik ez duela dio Arbelaitzek: «Baliabide gehiago ditugu, baina saturazioa ere handiagoa da. Ia ezinezkoa zen lehen publiko zabalarengana iristea. Bideo erreportaje duin bat egiteko, milioikada bat behar zenuen, eta hori hedabide handiek soilik zuten; aldizkari batek ezin zuen halakorik lortu. Talde handiek oso amarratua zuten informazio eskubidea».

Aldaketak, ordea, ez dira soilik esparru teknikora mugatu. Sareak transformatu egin du informazio jarioen norabidea, bolumena eta abiadura, eta lan egiteko moldeetan sekulakoa izan da iraultza. Kazetarientzat, funtsezko tresna bihurtu da, eta komunikabideentzat, edukiak ikusarazteko kanal berri bat. Baita iturri eta hartzaileekin hartu-emanean jartzeko ere.

Gizonen mundua

Elkarrizketak prestatzeko moduan nabaritu du aldea Iribarrek. «Askoz aberatsagoak ziren lehen solasaldiak. Datu gehiagorekin abiatzen genituen, hitzorduak zuzenean adostea beste biderik ez genuelako». Edonola harrapa ditzakete egun hizlariak. «Orduan, ez. Etxean ez bazeuden, akabo!». Iribarrek ziurtatu du genero trataeran ere badirela diferentziak: «Badirudi gizonak genetikoki jaiotzen direla kirolaz entenditzen. Zoritxarrez, emakume gutxi izan gara kirol kazetaritzan, eta, nonbait gene hori faltako balitzaigu bezala, horretaz genekiela demostratu behar izan dugu onartuak izateko». «Hara, honetaz ba al dakizu?», galdetu izan diote elkarrizketatu batzuek. «Sekula ez ez zioten hori esango gizon bati».

Baina gustuko tokian aldaparik ez. «Pixkanaka pausoak ematen, egoerari buelta ematen eta tokia berreskuratzen gabiltza, oraindik normaltasuna urrun badago ere. Atzera egin dugu zenbait kontutan, eta badago urratzeko bidea».

Internet sortzen eta garatzen ikusi dute biek, baina ikuspegi ezberdinak dituzte multimedia kazetarien ugaritzeaz: idazteko, argazkiak ateratzeko, sare sozialak elikatzeko edota kamera aurrean eta atzean aritzeko gai izan behar du orain kazetariak. Erronka gisa bizi du Arbelaitzek, naturaltasun osoz. «Aukeraz beterik ikusten dut. Gure belaunaldikook zortea dugu: natibo digitalak gara, eta ez zaigu hainbeste kostatzen. Erraz moldatzen gara tresna horiekin».

Aberastasuna ez, «galera»

Duela urte batzuk, Hegoafrikara joateko parada eduki zuen Argia-ko kazetariak, eta zeregin guztiak bere gain hartzea tokatu zitzaion. «Elkarrizketak gidatzea, bideoan grabatzea, argazkiak ateratzea... Flipatu egiten zuten elkarrizketatuek», gogorarazi du. Gehiegizkoa iruditzen zaio Iribarri: «Gai batzuetan eta momentu jakin batzuetan posible da hori egitea, bai, baina eguneroko jardunean ezinezkoa da erritmo horri eustea».

EITBn eginak dituzte ohiturok txertatzeko saioak, baina ezerezean geratu dira. Zergatia esplikatu du irrati esatariak: «Arriskutsua da. Teknikari, kamerari edo sareko kudeatzaile rola hartzean, beste langile batzuen eskubideak zapuzten ari zara, haien lana zapaltzen; lantalde erdiarekin geratuko ginateke hala. Aberastasuna baino gehiago, galera bat da».

Komunikabide bakoitzak bere izaera propioa errespetatu beharko lukeela deritzo Iribarrek. «Lan egiteko moduak eta teknikak oso ezberdinak dira. Ez dago formula sekreturik guztientzat. Nork bere erara aberastu eta mimatu badezake albistea, askoz hobeto. Hori egiten utzi behar zaio kazetariari, eroso senti dadin eta bere gaitasunei zukua atera diezaien».

Hedapen kanal moduan positiboak dira sare sozialak, baina bat-batekotasun horrek ez al du edukia sinpletzen? Zalantzarik gabe erantzun du Iribarrek: «Beste patxada bat ezagutu dugu guk lanbidean. Orain, hainbesteko uholdea dago, hori falta baita. Lehen, edozein albiste lantzerakoan, iturriak kontrastatzen zenituen, eta irudipena dut orain oso arin ematen direla notiziak, tituluetan gelditzen garela ia-ia, 140 karaktereetan». Bat dator Arbelaitz. «Egia da: azkar lan egin eta mimoa galduz gero, kalitatea pikutara doa».

Sinesgarritasuna, jokoan

Alde onak aipatuta ere, joera hori sektoreak jasaten duen «prekaritatearen» eskutik doala salatu du esatariak. LABeko ordezkari gisa, badu gai horiekiko sentiberatasuna, eta nabari zaio: «Sektorearen moldaketaren izenean eginiko murrizketek eta baldintza kaskarrek horretara bultzatzen dituzte hedabideak». Arrazoia eman dio Arbelaitzek: «Sektorean prekaritate handia dago; euskarazko medio ez-publikoak itota gaude».

Interneti, oro har, arrisku adina abagune ikusten dizkio Argia-ko kazetariak. «Atzera-bueltarik ez duen zurrunbilo batean gaude, eta aldi berean ase behar dira hartzaileak sarean eta paperean». Baina nola? Proiektua lehenetsi eta produktuak uztartuta, batak bestea jan ez dezan. Sinesgarritasuna dago jokoan, Arbelaitzen ustez. «Lehengai garrantzitsuena da».

Interneten aroan, halere, informazioa jada ez da soilik kazetariaren ondasun preziatua; herritar ororen eskura dago. Onerako edo txarrerako? «Sarea astintzen jakinez gero, agenda markatzeko eta hedabide handiei itzala egiteko gai gara. Iruñeko herri harresiko irudiak, adibidez, Al-Jazeeran eman zituzten. Hori ez bada irismena eta eragiteko gaitasuna...», ihardetsi du Arbelaitzek, bizkor.

Hautaketa fin bat eginda eta zaborra baztertuta sareari etekina atera dakiokeela diote, badakiten arren ez dela samurra. «Hainbeste informazio dago, denera heldu nahi horretan itsutu egiten baikara maiz. Langile gutxiago gaude, askoz estuago, eta ez dugu behar beste astirik gaietan sakontzeko», ohartarazi du esatariak.

Lokatzetan sartzea

Iribarren aburuz, gizarteko lehiakortasunak bultzatzen ditu kazetariak notizia batzuk presaz eman eta protagonistak lotsagabe tratatzera: kontraste falta, lehenengoa izan nahi eta hanka sartzea... «Gizartearen isla da, gurpil bat: azkar lortu nahi dugu arrakasta, landu gabe ia, bat-batean. Trataerari kalte egiten dio horrek».

Ados dago Argia-ko kazetaria, nahiz eta baliabide gutxi dituzten medio independenteentzat «oso garai interesgarriak» direla iritzi. «Bestela landuko ez genituzkeen gaietara heltzeko aukera ematen digu. Kazetariei dagokie erabakitzea noraino hedatu informazioa: neurtzen jakitea, zintzo lan egitea eta elkar elikatzea dira gakoak».

Sare sozialak sare sozial, Arbelaitzek argi du: «Ez dago iturri zuzen onak bezalakorik». Haren hitzetan, izan ere, sareak ez, manipulatzen duten kazetariek egiten diote min ofizioari. «Finean, edukiak dauka garrantzia». Entzutea eta kontatzea. Erredakziotik irtetea eta lokatzetan sartzea. «Hori galduz gero, Facebook hoberenak ere ez zaitu salbatuko». Uste berekoa da Iribar, baina lauso ikusten du etorkizuna. «Sarritan pentsatzen dut: iraultza hainbestekoa izanda, hemendik aurrera zer?».

BERRIAn argitaratua (2016/09/06)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA