astekaria 2016/09/09
arrowItzuli

mundua

Magreben bihotzeko usadio judua

Ricard Gonzalez

Magreben bihotzeko usadio judua

Izango du berezitasunik Tunisia hegoaldeko Djerba uhartean arnasten den aireak, liluratuta geratzen baitira haraxe bisitan joaten diren atzerritarrak. Uharte horretan geldialdi bat egin eta gero, Ulisesi berari ere kosta egin zitzaion berriro Itakarako bidaldiari lotzea; hainbeste liluratu zuen. Duela 2.500 urte baino gehiago, Salomonen tenplua suntsitua izan ondoren, hainbat familia juduk ere kokaleku horixe aukeratu zuten Mediterraneotik barrenako itsas zeharkaldirako. Haien ondorengoak lur horretan bizi dira oraindik, eta harmonia betean eraikiak dituzte hantxe sinagoga, meskita eta eliza ugari. Komunitate judu hori da mundu arabiar osoko ugariena; gehiengo musulmanarekin batera bizi dira Jerban, bai eta Maltako immigranteen eta Europako erretiratuen ondorengoek osaturiko gutxiengo kristauarekin batera ere.

«Hemen, beti izan dira onak musulmanen eta juduen arteko harremanak. Txiki-txikitatik, elkarrekin goaz eskolara, elkarrekin jokatzen dugu futbolean kalean… Ez dago inolako indarkeria edo bereizkeria arazorik», azaldu du Mustafa Burgiba musulman eta nefrologo beteranoak, zeinak dialisi klinika bat baitu Humt al-Suq hirian, uharteko handienean. Baina mundu guztiak ez du egiten diagnosi bera: «Integrazioaz baino gehiago, elkarbizitzaz hitz egin beharko litzateke. Lehen, talde misto gehiago zegoen; orain, berriz, komunitate berekoen artekoak izan ohi dira giza harremanak, gero eta gehiago», zehaztu nahi izan du Annie Kabli juduak; adin erdiko emakumea, eta ziberkafe baten jabea, bere burua «salbuespen laikotzat» daukana «debozio hain handiko gizarte ezinago kontserbadore batean».

Iragan baten erlikia

Islamofobiak kutsaturiko Europan, eta tirabira sektarioek urraturiko mundu arabiarrean, tolerantzia erlijiosoaren adibide bitxi bat da Djerba, Afrika iparraldean judaismoaren eta islamaren arteko elkarbizitza emankorra zeneko iragan baten erlikia. Bitxia bada ere, hortik 90 kilometro eskasera dago Ben Gardane hiria, bere buruari EI Estatu Islamiko deritzon horrek Tunisian dituen gotorlekuetako bat. Joan den martxoan, hiriari eraso egiten saiatu ziren dozenaka borrokalari jihadista, emirerri islamiko bat ezartzeko asmoz, baina armadak galarazi egin zien.

Komunitate juduak badaki zer den jihadismoaren astinaldi basatiak sufritzea. 2002an, lehergaiz jositako kamioi bat zartarazi zuen Al-Qaedak Djerbako Ghriba sinagoga historikoan —kondairak dioenez, Salomonen tenpluko ate baten gainean eraiki zuten, lehenbiziko immigrante juduek ekarria baitzen—. Erasoaldi hartan, hemeretzi pertsona hil ziren; gehienak, turista alemanak. Andorraren tamainakoa da uhartea, eta 160.000 lagun bizi dira; gaur egun, segurtasun indarren talde handi batek babesten du.

Tunisia osoko komunitate juduaren bihotz bihurtu da Ghriba; 1.500 pertsona inguruk osatzen dute komunitatea, eta horietatik %85 bizi dira Djerban. Urtero, udaberriaren amaiera aldean, erromesaldi bat egiten dute, eta tunisiar jatorriko ehunka judu biltzen dira hara, mundu guztitik emigratuak. «Aurten, 6.000 etorri dira; gehienbat, Frantziatik. Guztira, 2.500 pertsonak baino gehiagok parte hartu dute festan», azaldu du Rene Trabelsik, antolatzaileetako batek. Tradizioaren arabera, emakumeek arrautza gogortuetan idazten dizkiote beren nahiak Jainkoari: gehienetan, senar edo suhi bat ekartzea, edo ezin lorturik dabiltzan haurdunaldi hori. Gero, sinagogako lurrean egindako zulo batean lagatzen dute, eta, handik ordu batzuetara, jan egiten dute arrautza.

«Tunisiako juduen nostalgia izugarriaren adierazgarri da gaur egungo ospakizuna. Aitzakia ezin hobea beren herrialdetzat daukaten lurrera itzultzeko», azaldu du Sonia Fellous historialariak. Neskato zelarik emigratu zuen Frantziara, 1960ko urteetan. Aurten, gonbidatu berezi bat izan dute erromesaldian: Abdelfatah Muru, parlamentuko presidente izandakoa eta Ennahda alderdi islamista historikoaren sortzaileetako bat. Bozkario handiz hartu zuten Muru, tradiziozko txilaba dotore bat jantzita agertu zelarik. Mundu guztiak nahi zuen atera argazki bat harekin, edo selfie bat. Salbuespen tunisiarra deritzon horren beste erakusgarri bat. «Ez diezazuetela esan 'ongi etorri Tunisiara'. Zuek tunisiarrak zarete!», orro egin zuen Muruk, Ennahdako alde moderatuko ordezkariak, jaialdia inauguratzeko hitzaldian. Alboan zeukan, adi-adi entzuten, Turismo ministroa.

Exodoa

Gainerako herrialde arabiarretan bezala, juduen exodo handi bat gertatu zen Tunisian, eta arabiar-palestinar gatazkako oldarraldi bortitzak izan ziren mugarri. Israelgo Estatua sortu aurretik, 600.000 judu inguru bizi ziren Afrika iparraldean; horietatik 100.000 Tunisian. Egun, 4.200 geratzen dira eskualde osoan. «Tunisia hainbat oldetan hustu zen juduz: Ekialde Hurbileko egoeraren eta hango krisialdiaren arabera, 1948an, 1956an, 1967an… Alde egiten lehenbizikoek Israelera jo zuten batik bat, eta haiexek ziren erlijiosoenak. Aurrerago, gehien-gehienek Frantziara emigratu zuten», esan du Fellousek, gai horretan aditua.

Uhartea hiriburuko borbor politikotik aldenduta dagoenez, handik urte batzuetara iritsi ziren juduen jabetzen edo sinagogen kontrako mehatxuak, eta indarkeria txikiagoz; hortaz, luzaroan iraun du han komunitateak. «Hemen, gertatu zen gehiegikeriaren bat edo beste, bai, 1980ko urteetan, baina ez indarkeria masiborik, Europako pogromen tankerakorik», nabarmendu du Burgiba doktoreak. «Hiriburuan, berriz, seinale batez markatu zituzten juduen dendak, eta erre ere egin zituzten batzuk, baita sinagoga bera ere. Artean txikia nintzen, baina oraindik gogoan ditut batzuen oihuak, juduei lepoa moztu behar zitzaiela garrasika. Beldur handia pasatu genuen», erantsi du Fellousek.

Identitatea, tradizionalismoa eta fedea dituzte ezaugarri nagusi Djerbako komunitate juduan, asimilazioaren kontrako antidoto ezin hobeak. Familia ugariak dira hemengoak, eta horri esker beretu ahal da emigrazioa. Neraberik gehienek ez dituzte amaitzen bigarren hezkuntzako ikasketak, gurasoek nahiago izaten baitute seme-alabak institututik atera eta familiako lanbidea irakatsi. Komunitateko kide gehienek eskulangintza dute lanbide —batez ere, urregintza—, eta finantzetan ere aritzen dira. «Guretzat, garrantzitsua da identitateari eustea. Horregatik, hirietan, jende gutxik bidaltzen ditu unibertsitatera seme-alabak. Erlijiotik aldenduko lirateke, azkenean»; hori darabil argudio gisa David Bukurisek, 47 urteko merkatariak. Zortzi seme-alabaren aita da Bukuris.

Hara-kabira da Humt al-Suq-eko auzo judua. Etxeen fatxada zuriek arrainen eta menora izeneko argimutil urdinen marrazkiak dituzte apaingarri. Auzoan, gona jantzita dabiltza kalean emakume guztiak; emakume ezkonduek, gainera, zapi batekin estalia dute burua, tradizioak agintzen dien modura. Aise antzematen da zeintzuk diren emakume musulmanak, haiexek baino ez baitabiltza galtzak jantzita.

Manuba unibertsitateko Humanitate Fakultateko dekanoa da Habib Kazdaghli; Ghribarako erromesaldia baliaturik, Tunisiako juduen museo bat eraikitzeko egitasmoari bide eman dio. «Tolerantzia predikatzeko abagunea ematen du. Belaunaldi berriei erakutsi behar zaie aniztasuna ez dela ahultasun bat, aberastasuna baizik»; hala ezagutarazi du Kazdaghlik, uhartean gaiari buruz egin duten mahai inguru batean. Irakasleak adierazi du oraindik goiz dela esateko non jarriko duten etorkizuneko museoa. Hala ere, gutxiri bururatzen zaio Djerba baino toki hoberik.

BERRIAn argitaratua (2016/09/03)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA