astekaria 2016/09/09
arrowItzuli

ekonomia

ERABILTZAILE ETA ZERBITZARI

Oihan Vitoria

ERABILTZAILE ETA ZERBITZARI

Huts-hutsik, ilun eta oso bare. Kilker hotsak besterik ez da entzuten inguruan. Tantaka-tantaka ailegatzen dira bezeroak, baina iristen direnek argi dute. Buruz dakizkite jarraitu beharreko pauso guztiak. Ziurtasunez irteten dira ibilgailutik: kutxa automatikora jo, hornitu beharreko kopurua zehaztu, baieztatu, kreditu txartela sartu, ordaindu eta erregaia bota.

Ohiko zerbitzuguneak dirudite lehen begi kolpean, baina ez: langileak falta zaizkie. Zerbitzaririk gabeko gasolina zerbitzuguneak dira, gasolindegi mamu gisa ezagunak. Enpresari txikiek kudeatzen dituzte, itzalpean: ez zerbitzaririk, ez zaintzailerik, ez jarduera handirik. Merkatuen eta Lehiaren Espainiako Batzordeak (CNMC), ordea, berriki eman die oniritzia, lehiakortasunari on egiten diotela argudiatuta, eta debeku guztiak kentzeko eskatu du.

Ia edonork ireki dezake halako zerbitzugune bat. Gutxi gorabehera, 200.000 euroko aurrekontuarekin jar daitezke abian, jakintza handirik gabe eta gutxieneko zenbait baldintza beteta. Segurtasun faltagatik salatu ohi ditu sektoreak —segurtasun kamera batzuk besterik ez dute—, baina CNMCk argitu du arriskuak ez daudela frogatuta. Adituak ere bat datoz: etorkizuna dira prezio apaleko gasolindegiak.

Lantaldeak murriztuta aurreztutako dirua erregaiak merkatzeko aprobetxatzen dute, eta enpresa handien arreta bereganatu du fenomenoak. Igarri da mugimendua sektorean. Repsol eta Cepsa hasi dira haien zerbitzuak egokitzen: Repsolek hamabost gasolindegi automatiko abiarazi ditu, eta sakelako telefono bidez pagatzeko aukera ematen hasi da; Cepsak, berriz, beste hamar zabaldu ditu, proba modura. Egunez ohiko zerbitzua eta gauez zaintzarik gabekoa ematen duten gasolindegi hibridoek ere indarra hartu dute.

OCU kontsumitzaile elkarteak babestu egin ditu, prezioak merkatzen dituztela iritzita: «Agerian geratu da erregaien merkatua dinamizatzeko fenomeno bakarrenetarikoa dela». Sektorean nagusi diren konpainia erraldoiak estu hartuta, erregaia merkatzea beste biderik ez dutela uste du elkarteak, eta gasolindegi automatikoei zor die hori. «Haiei esker, enpresek ezinbestean jaitsi behar dituzte salneurriak, lehiari eusteko».

60.000 lanpostu, arriskuan

OCUk, hala ere, ez du aipamenik egin zerbitzugune horiek ekar dezaketen enplegu galeraz. 60.000 lanpostu zuzen leudeke kolokan, CEES eta GES patronalen aburuz. Ohar bateratu bat atera dute asteon, eta iraingarritzat jo dute Lehia Batzordearen txostena, «lanpostuen suntsiketa ospatzeagatik». Zerbitzaririk gabe kontsumitzaileen interesei bizkar ematen dietela uste dute, eta ebazpenak areagotu egingo duela arazoa, konpondu ordez. Facua elkarteak ere horri heldu dio: «Langilerik gabe, bezeroek ezin dezakete kexurik jarri; eskubideak urratzen dira».

Horren haritik, CNMC erakundeak gomendatu du atzera botatzeko zerbitzaririk gabeko gasolindegien jarduna galarazten duten araudi guztiak. «Indarrean daudenak eta onartzear direnak, gasolindegi automatikoak zuzenean edo zeharka debekatzen edo baztertzen dituztenak». Gainera, ohiko gasolindegiei aplikatzen ez dizkieten irizpideak —papera edo plastikozko eskularruak izatea— ez exijitzeko eskatu du CNMCk.

Nafarroa da halako gasolindegiei mugak jartzen dizkien lurraldeetako bat: irekita dauden aldiro gutxienez langile bat jartzera behartzen ditu legez. Neurria Espainiako Gobernuak bultzatuta ezarri zuen, 1997an, erregai prezioen gerra hastear zela. Inoiz ez dela bete salatu du Nafarroako zerbitzuguneak batzen dituen elkarteko idazkariak, Javier Iraburuk: «Inork ez dio gaiari serio heldu».

Hemeretzi urtean ez dute lortu debekua betetzea, eta atsekabetuta hartu du CNMCren txostena, gasolindegi mamuak kontsumitzaileen onerako direla azpimarratu arren ez diolako erreparatu arreta faltak bezeroei —elbarriei, adibidez— eragin diezaiekeen kalteari. «Horri buruz tutik ere ez du esan. Onartuko genuke gauetan langilerik ez izatea, mugimendu gutxi egoten baita. Dena den, sektore delikatua da: edozein erregai isurik arazo larriak sor ditzake».

Bat datoz CEES eta GES, eta erregai isuriak gertatzeko arriskuari jaramonik ez egitea leporatu diote CNMCri:«Azal diezaguke zergatik tabako makina bat zaintzapean egon behar den eta derrigorrean langile batek aktibatu behar duen, eta halako gasolindegietan, aldiz, produktu kutsagarri bat edonork manipula dezakeen? Kontraesana da». Patronalak galdetu dute nolako arreta jasoko duten laguntza berezia behar dutenek: «Zerbitzu bera eskainiko al diete elbarriei, adindunei edo haurdun dauden emakumeei? Ziur ezetz».

Murriztea, merkatzeko

CNMCren esanetan, Hegoaldean Araban bakarrik daude zerbitzaririk gabeko gasolindegiak, baina ez asko: hamar, gehienez; Gipuzkoa, Nafarroa eta Bizkaikorik ez da ageri. Euskal Herritik at badira antzeko debekuak: Madrilen, Andaluzian, Gaztela Mantxan eta Aragoin. Aspaldi daude Europan: ohiko zerbitzuguneek urteak daramatzate prezio apalekin elkarbizitzen. Danimarkan halakoxea da gasolindegi sarearen %66; Belgikan, %18,6; Frantzian, %8,8.

Erosoagoak izan daitezkeelako soilik ez. Merkeagoak ere badirelako jotzen dute gidariek halakoetara: batzuetan, hogei zentimo merkeagoa izan daiteke erregai litroa. Ohiko gasolindegietan baino %15 merkeagoa da han biltegia betetzea. Lantaldea gutxitzea prezioak apaltzeko estrategia gisa darabilte: horri esker, Espainian baino 20.000 langile gutxiago dituzte Frantziako gasolindegietan.

BERRIAn argitaratua (2016/09/03)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA