iritzia
'Gordita'
Onintza Enbeita


Ia-ia ziur dakit salaketa ipini zuenak ez zuela gordita esan; gorda baizik. Euskaraz ere egiten dugu bereizketa hori: potoloak dira gauza bat, eta lodiak beste bat. Eta badakit udaltzainarentzat ez zela atsegina izango niri lodia deitzea, eta horregatik esan zuela potola. Eta gogoratu nintzen nola eztabaidatu nuen behin, mutil zoragarri batekin, nire gorputzari buruz. Haren ustez, ni ez naiz lodia: «lodiak beste batzuk dira!». Esplikatu nion baietz, ni lodia nintzela 80 kilo pasatu nituenetik, eta hori oso aspaldi gertatu zela. Kontua da lodia izatea oso gauza negatibotzat hartzen dela, eta zaila da maite duzunari ezaugarri negatiboak jartzea.
Nola hain gaizki ikusita dagoen 42 neurritik pasatzea, pertsona baten begietara desiragarria zarenean, potolo ikusiko zaitu. Badago loditasuna onartzeko ezintasun bat. Osasunarekin mozorrotzen dute, baina nik ez daukat osasun arazorik, eta, hala ere, sarritan gomendatzen didate dietaren bat zuzenean edo zeharka. Eta okerrena da, neu ere, beti ez naizela eroso sentitzen lodia izatearekin.