astekaria 2016/09/02
arrowItzuli

bizigiro

Hausturak

Jokin Labaien

Hausturak Jokin Labaien

Denbora badoala entzun izan dut maiz. Atzera edo aurrera, horra nire zalantza. Eztabaida batzuk atzean uzteko nahikoa argudio eta gogo dugula uste arren, temati itzultzen dira. Gaizto itzuli, gainera. Muinari heldu ordez, forma aldatu eta orain artekoak desitxuratuz. Izkin eginez.

Sentipen hori izan dut bukatu berri den abuztuan, bitan. Gaur egun-eko albiste batek eragin zidan lehen haustura. Rioko Olinpiar Jokoetan urrezko domina irabazi, eta ongi etorria egin zioten kirolariari Donostian. Albistea osatzeko harreraren irudi batzuk eta kirolariaren azalpenak erabili zituzten. Bitan ageri zen hizketan, bi hizkuntzatan. Adierazpen batzuk euskarazkoak aukeratu zizkioten, besteak gaztelaniazkoak; Teleberri-n izan zen bigarrena. Elgoibarko Mausitxa baserriko gaztagilea hiru aldiz mintzatu zen haren gazta munduko elikagai onenen artean aukeratu zutela eta. Lehen bi aldietan gaztelaniaz aritu zen, euskaraz azkenengoan.

Has ninteke, beste behin ere, ETBko euskarazko eta gaztelaniazko kateek euskal herritarren adierazpenak zein hizkuntzatan eskuratzeko ahalegina egin behar luketen sakontzen. Landu nezake gaia, hala izan ezean, adierazpenok ikus-entzuleoi nola helarazi beharko lizkiguketen taxutzen. Egin liteke irakurketa hizkuntzaren sustapena ardatz hartuta. Egin liteke alde komunikatiboari lehentasuna emanez.

Une honetan, gehiago arduratzen nau ikusitakoak adierazten duenak. Herri bezala, komunikabide bezala, igorle eta hartzaile bezala bizi dugun egoeraren adierazle argia da albisteok erakusten duten bipolaritatea. Ikus-entzulearen papera utzi eta erredakzioan lanean ari diren kazetarien larruan jartzen ahalegindu naiz, handik jauzi egin eta beste herrialde bateko ikusle arrunt baten begietatik egoera ulertze aldera. Ez dut lortu. Egoera arraroa da, abiapuntuak abiapuntu. Izango da ezagutzen ez dudan arrazoi edo zailtasunen bat pertsona bera bi hizkuntzatan jartzeko, minutu eta albiste berean. Agian ez. Agian neu naiz ohartu den bakarra. Agian neu naiz gure kaleetan pertsona bat, minutu berean, bi hizkuntzatan aditzera ohitu ez den gutxi horietako bat. Agian telebistak kalearen antz handia hartu du. Alderantziz, agian. Bi kasuetan albistearen haria galdu nuen ohartzerako.

BERRIAn argitaratua (2016/09/01)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA