astekaria 2016/09/02
arrowItzuli

gizartea

Ikasturte berria, alertan

Ander Perez Zala

Ikasturte berria, alertan

U rduritasuna, zirrara eta nagikeria. Hiru sentimendu horien artean murgilduta hasi dute lehen eskola eguna Ipar Euskal Herriko 18.000 ikaslek. Gurasoen eskuei helduta iritsi dira txikienak, eta helduagoek euren kabuz egin dute eskolarako bidea, oinez edo autobusez. Lehen egunean, ordea, berrikuntza batzuekin egin dute topo. Horren adibide izan zen atzo Hendaiako (Lapurdi) Geltokiko eskola: ikasle berrien gurasoek nortasun agiria erakutsi behar izan dute.

Izan ere, ikasleek lehen eskola egun desberdina izan dute, 2016-2017ko ikasturtea segurtasun neurri «indartsuen» artean hasi baitute. Azken urtean Frantziak jasan dituen eraso «terroristen» harira, gobernuak «ezinbestekotzat» jo du eskolak eta ikasleak babestea: «Azken atentatuek eta terrorismoaren mehatxuak zaintza sendoagoa eskatzen dute». Egunotan martxan jarri diren neurriak Parisko atentatuaren ostean hartutakoak indartzeko asmoz adostu dituzte.

«Eskola eta eskola erakundeen segurtasuna erabateko lehentasuna da»; hala zehaztua dago Frantziako Hezkuntza Ministerioak eta Barne Ministerioak batera idatzitako segurtasun argibideen txostenean. Han azaldu dituzte eskolek dagoeneko hartu dituzten eta hartu beharko dituzten neurriak. Horrez gain, Frantziako Gobernuak laguntza ekonomikoa eskainiko die beharrezko diren aldaketak finantzatzeko. 2012ko martxoan, eraso jihadista bat jasan zuen Okzitaniako Tolosako eskola judu batek: Mohamed Merak hiru haur eta irakasle bat hil zituen.

Hollanderen gobernuak adierazi du helburua dela «eskola komunitatearen erresistentzia gaitasuna areagotzea». Alegia, «ustekabean ez harrapatzea eta erreakzio egokia izatea». Hona hemen Frantziako Gobernuak hasi berri den ikasturterako agindutako neurriak:

SEGURTASUNA

Jendarmeriaren 3.000 erreserba baino gehiago mobilizatu dituzte lehen eskola egunean; Frantziak 63.600 eskola, kolegio eta lizeo ditu. Zuzendariek eskura izango dituzte jendarmeak, eraikinen inguruak segurtatzeko. Bermatu beharko dute metaketarik ez izatea ikasleak eskolara sartzean, ezta handik ateratzean ere. Jendarmeak eskolen inguruan egonen dira ikasturte osoan. Bestalde, errektoreei eskatzen zaie ziurtatzea ebakuazio ariketak eta ikasleen konfinamenduak egingo direla eskola, kolegio eta lizeo guztietan. Gainera, herenegun SMS bidezko alerta probatu zuten; atentatu baten kasuan erabili beharko dute, abisua emateko. Simulazioa «arrakastatsua» izan da, gobernuak adierazi duenez. Horrez gain, zuzendari guztien eta Hezkuntza Ministerioko ikuskatzaileen zenbakiak katalogo batean elkartu dituzte, argibide guztiak modu eraginkorrean denei transmititzeko, eta etorkizunean balizko atentatu batean erabiltzeko beharra egongo balitz.

IKASLEEN PRESTAKUNTZA

Kolegioko azken urteko ikasleak «sentsibilizatuko» dituzte, «salbatzen duten keinuak» jakin ditzaten. Helburua da «ustekabean» ez harrapatzea, eta erreakzio «egokiak» izatea. Gainera, Hezkuntza ministro Najat Vallaud-Belkacemek helburutzat du gelako ordezkariek sorospen ariketak menperatzea, eta kolegioko azken urteko ikasleek ere ariketa berak ezagutzea. Alegia, 1,2 milioi ikaslek trebakuntza horiek jasotzea du helburu nagusitzat. Horretarako, 3.000 trebatzaile osagarri izango dituzte eskura eskolek; guztira, 10.000 izango dira. Zuzendariek ere trebakuntza jasoko dute, «krisiak» kudeatzen jakin dezaten.

ALDAKETAK ERAIKINETAN

Eraikinen segurtasun egoerari buruzko diagnostikoak eguneratzeko agindu du gobernuak, eta emaitzaren arabera egin beharko dituzte obrak eraikinetan: alarma bereziak jarri, soilik atentatu kasuan erabiliko direnak; lehen solairuko leihoak opakoak izan beharko dira, eta abar. Gobernuak 50 milioi euroko funts osagarria eskainiko du lan horiek egiteko. Beraz, guztira, Hollanden gobernuak 120 milioi euro gastatuko ditu obra horiek finantzatzen. Eraikinetako alde «ahulak» (fatxada, adibidez) aztertu beharko dira, beharrezkoa bada zonalde horiek «indartzeko».

HIRU SIMULAZIO ARIKETA

Hiru simulazio ariketa egingo dituzte ikasturtean; bat urriko oporrak baino lehen, derrigorrez. Ariketa horietako bat atentatu simulazioa bat izango da. Kasu horietan erabiliko den alarmak besteen ezberdina izan behar du, eta entzungarria. Gainera, autoritate akademikoek egiaztatu beharko dute eskola, kolegio eta lizeo guztietako langileek dakitela PPMS Segurtasunean Jartzeko Plan Partikularra. Plan horrek eguneratua egon behar du; %30ek ez dute oraindik eguneratu, eta urte bukaera baino lehen eguneratu beharko dute, aurrez aipatutako ariketak behar bezala egiteko.

«ERRADIKALEN» JARRAIPENA

Susmatzen bada ikasle edo langile batzuk «erradikalizatzen» ari direla, horien jarraipena egin beharko da, eta autoritate akademikoak susmoaz informatu beharko dira. Prefetek akademiako zuzendariei txostenak eman beharko dizkiete. «Kasu sentikorretan», zuzendariak ere jakinean jarriko dituzte, ikasle horien eskolatze baldintzak aztertzeko.

BILERAK GURASOEKIN

Eskoletako zuzendariei eskatzen zaie bilerak antolatzea ikasleen gurasoekin, segurtasun neurriak azaltzeko. Gainera, zuzendariei beharrezkoa iruditzen bazaie, gurasoen laguntza eska dezakete, ikasleei erakusteko eraikinera nola sartu eta atera behar diren. Bilkura eskolako lehen egunetan egin beharko dute. Lizeoko eta kolegioko zuzendariek, ordea, lehen egunetik informatu beharko dituzte bai ikasle bai gurasoak. Argibide horiek errespetatzeko eskatu du gobernuak.

BERRIAn argitaratua (2016/09/01)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA