astekaria 2016/09/02
arrowItzuli

gizartea

Ikasturtea, zintzilik

Garikoitz Goikoetxea

Ikasturtea, zintzilik

Parlamentuei begira hasiko dute ikasturte berria eskoletan. Hegoaldean, LOMCE erreformaren geroa argitzeko dago, Madrilen ez baitute adostasuna lortzen gobernua osatzeko. Airean dago, beraz, aurtengo ikasturtean legeak indarrean jarraituko duen edo ez —LOMCEren kontrakoa da Espainiako Kongresuko gehiengoa—. Iraileko hauteskundeen ondotik etor daitekeen egoera ere adi jarraituko dute Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako eskoletan; hezkuntza lege berria izango da hurrengo agintaldiko ardatzetako bat. Eta erakundeei begira egongo dira Lapurdiko, Nafarroa Behereko eta Zuberoako ikastetxeak ere; batetik, lurralde elkargo berriak ekarriko dituen aldaketengatik, eta, bestetik, Frantziako Gobernua atentatuen ondotik hartzen ari den segurtasun neurriengatik. Zalantza eta galdera askorekin dator ikasturtea, hortaz. Zintzilik.

Espainiako hezkuntza erreformaren geroak denbora darama ez atzera ez aurrera. Izatez, onartu zutenean jarri zioten iraungitze eguna: oposizioak bat egin zuen iragartzeko PPk gehiengoa galtzean LOMCE bertan behera utziko zuela. Kontua da oposizioaren gehiengo hori ez dela egituratu, gobernurik gabe Espainiako Kongresua ez baita normal ari lanean.

Joan den apirilean hasi zuten bidea erreforma indargabetzeko. PSOE buru, lege proposamen bat tramitatzen hasi ziren errebalidak bertan behera uzteko. Gobernua osatzeko ezintasunarekin, ordea, Kongresua desegin egin zuten bozetara berriro deitzeko. Bidean geratu zen proposamen hura, nahiz eta osoko bilkuran bozketa bat irabazia zuen —egutegia LOMCEn bertan jasoa nola baitagoen, parlamentuko bide osoa pasatu behar da aldatzeko—.

Ezerezean geratu zen apirileko bidea, eta, gainera, agerian gelditu zen oposizioko taldeek ikuspegi desberdina daukatela hezkuntza legeari buruz. Denak bat datoz LOMCEren aurkako aldarrietan, baina hortik aurrera, ez: batetik, ez daude ados erreformarekin zer egin behar den —neurriak etetea proposatu dute sozialistek, eta araua indargabetzea nahi dute beste talde batzuek—; bestetik, beste lege bati buruzko oinarrietan ezberdintasun handiak daude.

Madrilen, lehengo eran

Apirilean bezala dago egoera Espainiako Kongresuan, baina ez ikastetxeetan. Iraila da, ikasturtea hastera doa, eta ez dago argi zer gertatuko den LOMCErekin. Bukaerako azterketetan dago gakoa. Teorian, legearen egutegia aldatu ezean, aurten hasiko dira DBH eta Batxilergo amaierako probekin. Lehen urtea denez, DBHko probak ez du eragin akademikorik edukiko —titulua jasoko dute azterketa gainditu ezean ere—. Batxilergokoak, erdizka: titulua jasoko dute proba gainditzen ez dutenek ere, baina unibertsitatera sartzeko notaren %40 erabakiko du. Aurtengo ikasturtean neurri horiek abian jarrita, LOMCE bete-betean egingo litzateke martxan.

Zer gertatuko den da zalantza. Apirilean bezala, PSOEk hartu du ekimena orain ere. Kongresuan proposamen bat aurkeztu du bukaerako azterketak bertan behera gera daitezen. Apirilekoa baino ahulagoa da ekinbidea, hala ere: legea aldatzeko bidea ez, mozio bat da, gobernuari «eskari» bat egiteko: utz ditzala bertan behera erreformaren atal gatazkatsuenak. Errebalidak daude tartean. PPk eta Ciudadanosek sinatutako akordioan ere bada halako puntu bat: «LOMCEren ezarpen egutegia izoztea indarrean jarri ez diren puntuetan». Errebalidak lirateke.

Gaur dute inbestiduraren bigarren saioa Kongresuan, eta ez du behar adina boto jasoko Mariano Rajoyk, zer eta azken orduko aldaketarik ez datorren. Hortaz, eskuak libre izango ditu PPren gobernuak orain ere: Ciudadanosekin sinatutako «izoztea» ez da indarrean jarriko, inbestidura ostean zelako martxan jartzekoa; PSOEren mozioak ere bide motza du, gobernua ez baitu behartuko. Horrenbestez, hurrengo bozak arte airean segituko luke egoerak.

Eta hemen, zer bide?

Zortzi hilabete baino gehiago daramatza funtziotan Rajoyren gobernuak. LOMCE garatzen segitu du denbora horretan. Uztail bukaeran onartu zuen errebalidei buruzko dekretua, adibidez. Egia da hasierako proposamena zerbait arindu duela —ez da azterketa bera izango erkidego guztietan eta ezingo da rankingik egin—, baina izpirituan ez dago desberdintasunik: azterketen gidalerroa Madrilek ezarriko du, nahiz eta galdera zehatzak erkidego bakoitzak jarri. Dekretua onartuta, ministerioaren agindua soilik falta da: hark zehaztuko ditu aurtengo azterketaren «ezaugarriak, diseinua eta edukiak». Hori dio ministerioak udan ateratako dekretuak.

Behin Espainiak LOMCE erabat martxan jartzen badu, errebalida eta guzti, erkidegoetan hasiko da hurrengo partida. Zer egingo duten haiek. Ezezkoan dago Jaurlaritza: Cristina Uriarte sailburuak apirilean iragarri zuen asmorik ez duela Batxilergo amaierako proba egiteko. Izatez, ikasturteko ordutegia zehazteko irizpideetan, Jaurlaritzak institutuei agindu die uzteko egun batzuk selektibitatea prestatzeko, aurreko urteetan bezala. DBH amaierako proba ere ez dute sartu antolaketa irizpideetan.

Gogoan izatekoa da azterketa orokortuekin komeria handiak izan dituela Jaurlaritzak agintaldi honetan. Lehen Hezkuntzako hirugarren mailako probek sortu zuten ika-mika. LOMCE legean eta Heziberrin, bietan ageri da. Uriartek beti defenditu du diagnostikoa egiteko dela azterketa hori —laugarren mailan eta DBHko bigarren mailan egiten direnen gisakoa—, ez errebalida bat. Azkenean, eskola bakoitzaren esku utzi du azterketa hori egin edo ez. Lehen Hezkuntza bukaerako proba, berriz, ez dute egingo.

Nafarroan egin zituzten iaz Lehen Hezkuntzako azterketak, eta asmoa dute aurten ere, nahiz eta argitu gabe dagoen zein mailatan egingo dituzten. Diagnostikoak direla nabarmendu dute han ere.

Gakoa Batxilergoko azterketan dago, halere. Zer asmo duten galdetuta, erantzun dute errebalida egingo dutela, non eta aldaketarik ez datorren Madrildik. Hala esan du Estebe Petrizanek; Hezkuntzako zuzendari izan da orain arte, eta herenegun kendu zuten kargutik —joan den astean mintzatu zen BERRIA harekin—. Nabarmendu du Batxilergoko titulua lortzeko ez dagoela proba gainditu beharrik aurten, baina unibertsitatean sartzeko, bai, hark zehaztuko baitu notaren %40. Horregatik, Iruñeko gobernuak dio egin egin beharko duela azterketa. «Ikasleak Nafarroako Unibertsitate Publikora bakarrik joango balira, ez legoke arazorik. Baina EAEra edo Aragoira joaten dira ikasleak unibertsitatera, eta ezin dira lege linbo batean utzi». Ez da behin betiko erabakia, halere. Madrilgo aldaketen menpe dago.

Petrizanek azaldu du hizketan aritu direla udan NUPekin, eta selektibitatearen antzekoa izango dela errebalida. «Ahal den eta aldaketa gutxien egingo dira». Ministerioak zehaztu behar ditu probaren ezaugarriak, ordea, eta oraindik ez du agindua kaleratu.

Ikasturteko aldaketak

Madrildik iritsitakoak bakarrik ez, bestelako aldaketak ere izango dira ikasturte honetan. Hilaren 25ean izango dira Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak. Hezkuntza izango da datorren legealdiko hizpideetako bat; legea egiteko asmoak denbora darama mahai gainean, baina Uriarte sailburuak ez du proposamenik aurkeztu gaiari buruz. Eztabaida zabalik dago, batez ere hezkuntza sareen finantzaketaren inguruan. Hizkuntza ereduena da desadostasuna sortzen duen beste gai bat.

Ikusteko dago, gainera, Madrilen gobernu berria osatzen dutenean zer jokabide hartuko duen. PPk eta Ciudadanosek ildo batzuk ezarri dituzte, nahiz ituna ezerezean geratu orain; besteak beste, murgiltze eredu orokortuari atea ixtea aipatu dute —Katalunia gogoan—. «Hezkuntzako akordio nazionala» lortzea dute helburu.

Parisen urratsak ere ikusgai daude. Atentatuen osteko giroan, segurtasun neurri zorrotzak hartzeko agindu die eskolei. Ikasturte honetan izango dira Frantziako presidentetza bozak, apirilean.

BERRIAn argitaratua (2016/09/01)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA