mundua
Integratu, edo galbahetik pasatu
Danel Agirre

«Iraganeko okerretatik ikasita» idatzi da legea, Merkelen hitzetan. 1960ko eta 1970eko hamarkadetan ailegatu etorkin turkiarrak integratzen asmatu ez zenaren inguruan kontsentsua dago. Udaberrian hil zen, eta garai hartan Errepublika Federaleko kantzilerra zen Helmut Schmidtek «oker handitzat» zuen ehunka mila pertsonari fabriketan lan egiteko ateak zabaldu izana. Ez zen asmatu kulturen arteko talka ekiditen, eta gaur arte konponbiderik izan ez duten ghettoak sortu ziren. Jatorri turkiarreko 3,5 milioi lagun bizi dira Alemanian; Bonneko unibertsitateko ikerketa baten arabera, prestakuntza bereko alemanek baino %20 aukera gutxiago dituzte oraindik lanpostu jakin bat lortzeko. 350.000 inguru Hartz IV izenekoa kobratzen ari dira, langabezia subsidioa amaitu dutenei ematen zaien laguntza.
Ezegonkortasunean
Hartz IV-a jasotzen dutenen multzo hori haz ez dadin, errefuxiatuak lan merkatuan bizkor sarrarazi nahi dira integrazio legearekin. Hiru hilabete pasatuta, hizkuntza ikastaroei ekin behar diete, asilo eskaera onartua egon ala ez. Lana bilatzeko programetan sartzeko epea hamabosgarren hilabetean ezarri da. Alemana ez ikastea nahikoa izango da batez besteko 400 eurokoa den diru laguntza galtzeko. Enplegu bulegoak ondorioztatzen badu errefuxiatu bat lana topatzeko esfortzu nahikoa egiten ari ez dela, bizileku eskubidea eten diezaioke, eta herrialdetik egotzi. Errealitatea da, ordea, alemana ikasi nahi duten 800.000 lagunetatik 300.000 inguruk bakarrik hasi dituztela eskolak, sistemak 2015eko oldeari erantzunik eman ezinik jarraitzen duelako. Praktikak topatu edo unibertsitate tituluak baliozkotu ahal izango dituzten egiaztatu nahi dutenak ez dira erraztasun gehiago topatzen ari, gobernuak berak onartu duenez.
«Desintegrazio lege» izendatu du Proasyl gobernuz kanpoko erakundeak Alemaniako gobernuaren neurri sorta. Gerra edo jazarpen egoera batetik ihesi doazenak babestea baino gehiago, ekonomiarentzat baliagarriak diren piezak hautatzea da plangintza berriaren ardatza, interpretazio horren arabera. Hemendik aurrera, asilo eskubidearen neurgailua ez litzateke izango arriskuan nor dagoen neurtzea, lan merkatuarentzat emankorren nor den zehaztea baizik.
Demokristauen eta sozialisten koalizioak aurkeztutako berrikuntza polemikoena euro bat eta 2,5 euro artean ordainduko diren 100.000 lanposturen sorrera da. Joan den urtean onartu zen gutxieneko soldata Alemanian —8,5 euro orduko—, eta lehenbiziko salbuespena du hau. Gobernuak errefuxiatu analfabeto edo hezkuntza oso apalekoentzat pentsatutako beherapena dela zehaztuta defendatu du bere burua, «enplegatu ezin diren gizataldeak» eman ez daitezen. Erretiroa hartu berri duen Gregor Gysi Die Linkeko buruzagi historikoak Die Welt egunkariari elkarrizketa batean agertu dio gobernuaren plangintza horrek eragiten dion errezeloa: «Ezegonkortasunaren bidean, beste urrats bat da. Alemaniako langabezia tasa iruzur galanta da; 2003ko azken erreformarekin lanaldi osoak minilanetan zatitu zirelako da baxua. Egun osoz ari diren milioi bat emakumezko gutxiago dago egun duela hamar urte baino. Kohesio soziala birrintzen ari gara bide horretatik. Garrantzitsua da errefuxiatuei gutxieneko soldata bermatzea. Are gehiago, zergak ordainduko dituzten etorkinak behar ditugulako, jaiotzen diren alemaniarrak baino gehiago direlako hildakoak».
Diakonia ebanjelikoaren eta Caritasen gisako erakundeek integrazio legeak ustez urratzen duen beste oinarrizko eskubide batean ipini dute arreta. Beren kasa topatutako lanik edo diru sarrerarik ez badute, errefuxiatuek gobernuak agindu tokian geratu beharra dute —landaguneetako aterpetxe bakanduetan askotan—, Alemaniako ezein bazterretan familia edo lagunak edukita ere. Baimenik gabe mugitzen direnen diru laguntzak etetea aurreikusten du lege berriak. Konstituzioaren aurkakotzat dute aipatu bi erakundeek.