astekaria 2016/09/02
arrowItzuli

gizartea

Lehengoratzeko prozesu luzea

Ander Perez Zala

Lehengoratzeko prozesu luzea

Basoko sute baten ondoren, «dena» galtzen da. Hala ziurtatu du Nafarroako Oihanzainen Elkarteko presidente Jose Antonio Perezek. «Biodibertsitatea, kultura, ekonomia, lana, asko galtzen da, oro har». Tafalla eta Puiu artean erre den eremuko galerak «handiak» izan direla deritzo. «Galdu da nekazaritza lana, egurra, eta, historiaren ikuspuntutik, eremu babestuak. Eta paisaia, noski». Animalietan ere jarri du arreta Perezek, habitata galdu baita. Nafarroak biodibertsitate handia du, baina suteak eremu hartako fauna galtzea ekarri du; harrapariak, adibidez. «Baita intsektuak, narrastiak eta horiek babesten dituen landaredia ere». Pinudi asko ere galdu dira sutearekin.

Kalteei aurre egiteko protokoloa argia da halako kasuetan. «Lurra leheneratzeko», ezinbestekoa da kaltetu diren eremuen azterketa egitea, ekosistemaren egoeraren ekografia zehatza lortzeko. Hurrengo pausoa erretako zuhaitzak kentzea da, izurriteak sortzen baitituzte: «Lan handia da, eta ez dute suhiltzaileek egiten; guk egiten dugu», adierazi du Perezek. «Gainera, kontuan hartu behar da pinuak ez direla ernaberritzen, baina beste landare batzuk bai; zuhaixkak gehienbat». Horregatik, prozesu horretan garrantzitsua da desberdintzea erreta dauden eta ez dauden zuhaitzak.

Gizakiaren laguntza behar duen arren, naturak bere burua osatzeko duen gaitasuna nabarmena da, Perezen ustetan: «Lurrak indarra du, eta pixkanaka bere bidea hartzen duenean, leheneratu egiten da. Euriak ere laguntzen du sistemak berriz funtziona dezan; beraz, hori oso garrantzitsua da. Denbora asko daramagu tenperatura altuekin, euri pixka bat egiteak lagunduko du». Basotzea era naturalean egitea da egokiena, gizakiaren laguntzaren beharrik gabe; hala ere, Perezek argi du denbora asko behar dela oinarrizko egoerara itzultzeko. Lurraren emankortasuna leheneratzea da egitekorik garrantzitsuenetarikoa.

Eginbehar horien guztien artean, garrantzitsua da pauso guztien plangintza egitea. Basoberritzea garaiz kanpo egitea txarra izan liteke, eta, kasu batzuetan, kaltegarria ere bai. Hala ere, ezinbestekoa da basoberritzea «erabatekoa» izatea. Espainiako Ingurumen Ministerioaren gomendioen arabera, lehen egitekoa da kaltetu den eremuaren egoera larria den ala ez zehaztea. Horretarako, kontuan hartu behar dira suteak eremuan izango duen eragin sozioekonomikoa, eremuaren hedadura eta hondatutako ekosistemen ezaugarriak. Gainera, garrantzitsua da landare estaldura eraberritzeko proiektu bat osatzea, sutearen efektu negatiboak leuntzeko. Denbora baten ondoren, ezinbestekoa da eremua nola dagoen aztertuz joatea, haren eboluzioa aztertzeko.

Era askotako kalteak

Oihaneko sute batek eragin handia izaten du ingurumenarekin lotura duten hainbat arlotan. Greenpeaceren Basoko suteak, zer galtzen dugu? txostenen, kalteei buruzko hainbat gako daude. Suteak eragin handia izaten du faunan. Ekosistema suntsitzearen ondorioz, animaliek oso zail dute ugaltzea, jakirik ez dutelako, eta lurra «muturreko egoeran» dagoelako. Horrekin batera, animalia batzuen presentzia alda daiteke.

Balantze hidrologikoaren desoreka ere eragiten dute suteek. Euria oztopatzen duen landaredirik ez dagoenez, ur isurketak areagotu egiten dira, erortzen den euriaren %5etik %20ra; horren ondorioz, uraren kalitatea okertzen da. Suteek eragina dute atmosferaren kalitatean ere; airea kutsatzearekin batera, CO2 kantitateak areagotzen ditu, eta atmosferaren egoera okertzen da.

Greenpeaceren ustetan, paisaia «ahaztu ohi da gehien». Elementu «integratzailea» da harentzat: «Balio kulturalak, zientifikoak, ekologikoak, emozionalak eta estetikoak globalizatzen ditu». Sute baten eragin ekologikoak kuantifikatzea «ezinezkoa» izateaz gain, «oso zaila» da haren ondorio guztiak aztertzea.

BERRIAn argitaratua (2016/08/26)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA