astekaria 2016/09/02
arrowItzuli

mundua

Mendirik ere ez Rojavan

Urtzi Urrutikoetxea

Mendirik ere ez Rojavan Urtzi Urrutikoetxea

Duela 70 urte, Mahabadeko errepublika eratu zuten kurduek. Sobietar Batasunarekin negoziatu eta gero, beren estatua aldarrikatu zuten 1946ko urtarrilean. Baina udaberrian sobietarrek eta britainiarrek Irandik erretiratzeko konpromisoa bete zuten, eta urtea amaitzerako, Moskuren babesa galduta, Teherango tropak sartu, errepublika txikitu eta Qazi Mohamad presidentea urkatu zuten. Mustafa Barzani eta bere borrokalariak Azerbaijan sobietarrean erbesteratu ziren, 1958an Irakeko errepublika sortu eta etxera itzuli arte. Estatu Batuen babesean orduko hartan, eta haren aliatu Iranengandik armez hornituz, Barzanik Bagdadi aurre egin ahal izan zion. Baina 1974ko Aljerko akordioak Irak eta Iran adiskidetu zituen Henry Kissingerren begiradapean. Kurduak laguntzarik gabe zeuden ostera ere, eta ordura arte lortutakoa berehala amildu zen.

Munduko potentzien koalizio/traizio joko horien ondorioz, aspaldiko esaldia dute kurduek, ez dutela «mendiak beste lagunik» («eta kalaxnikova», erantsi zuen borrokalariren batek). Siriako gerra 2011n piztean, mugimendu kurduak asmatu zuen bazterrean egoten, elkar hiltzeari ekin zieten arabiarren auzietan sartuz gero kaltetuenak eurak izango zirela jakitun. Baina estatu zentrala desagertuta, beren herrien defentsari ekin zioten. Jihadisten erasopean, borrokalari erabakigarriak bihurtu dira geroztik. Estatu Batuen babesa lortu dute 2014. urte amaieratik, eta Errusiak behin baino gehiagotan eraman du kurduen ahotsa Genevara. Kurduek ondo zekiten unean uneko interesen alde baino ez zihardutela bi potentziek. Eta interes hori aldatu egin zaie asteotan.

Maiatzean, ez dira lau hil ere, Turkiako hedabideak aztoratu egin ziren PKK gerrillak zabaldutako irudi batzuekin: lurretik airera misilak jaurtitzeko manpad batekin, Cobra helikopteroa erauzi zuten gerrillariek. Argi zegoen aparatu errusiarra zela, eta Turkiako Kurdistanen ziharduten gerrillariei nondik iritsi zitzaien ere bai: Errusiak zuzenean hornitu zein YPG Siriako miliziaren bidez ailegatu, abiapuntua Moskun zegoen. Handik bi hil baino gutxiagora, egoera erabat aldatu da. Uztailaren 15eko estatu kolpearen jakinarazpena Teherandik eta Moskutik iritsi ei zitzaion Erdogani, eta beti onik irteten maisua dela agerian utzita, 180 graduko aldaketa burura eraman du azken asteotan. Zerk batu ditzake Iran, Siria, Turkia eta Errusia? Lehen hiruren kasuan, azken urteotako haserreen gainetik, estatuen batasuna eta kurduen aurkako jarrera, eta Moskuk ere, estatu federala izanagatik, argi utzi du nola zapal dezakeen edozein tentazio independentista (bere mugen barruan baldin bada, noski, besterik da atzerri hurbileko bere Lebensraum, SESB ohiko errepubliketan gertatzen badira mugimendu sezesionistak).

Duela astebete, orain arteko borrokarik gogorrenak izan zituzten Al-Hasakan kurduek eta Assaden tropek. Turkiak behar zuen seinalea, ziur aski, Damaskok eta Ankarak kezka pare bat partekatzen duten adibide. Baina kurduei hiriaren kontrol ia osoa ematen dien su-etena izenpetu behar izan zuen Siriak. Handik bi egunera, Sirian Turkiako tankeak sartu eta Estatu Islamikoaren esku egondako Jarabulus hartu zuten. Hiria hutsik aurkitu zuten, jihadistarik ere ez zegoen. Daex-ek pragmatikoa izaten ere bai baitaki: bazekien azken helburua ez zela euren aurka egitea, kurduen kontra jotzea baizik. Kurduak nagusi diren Siriako Indar Demokratikoek Manbij aurreko astean askatu zuten, dozenaka milizianoren sakrifizioa ekarri duten bi hilabete baino gehiagoko borroken ondotik. Eufrates ibaiaren mendebaldera egin zuten lehen aldiz, Rojava osoa lurrez batzea posible zela amestuz. Turkiak, hamabi ordu baino gutxiago behar zituen Jarabulus hartzeko. Aspaldi egin zezakeen, baina jihadistak ez zituen kezka iturri; areago, Kobanetik Jarabulus hartzera etorritako borrokalariek Turkiaren bonbardaketei egin behar izan diete aurre beti, ibaia ez igarotzera gaztigatuz. Baina Manbijen ostean, Turkiaren amesgaiztoa betetzear zen: ia Mediterraneotik Irakeko mugaraino hedatzen zen eremu kurdua.

Joe Biden AEBko presidenteordearen bisita probestu zuen Ankarak Sirian sartzeko, eta, bidenabar, kurduei esanarazteko, NATOko bigarren armada jendetsuena duen Turkia dutela aliatu natural. Isolatuta egotetik, denekiko harremanak estutzera egin du Ankarak —Washingtonekin errezeloa berehalakoan baretu gabe ere—, Sirian sartu eta kurduen aurka jo baino lehen. Estatu Islamikoari aurre egiteko, ederto etorri zaie denei kurduen sakrifizioa. Orain, ia Raqqa baino ez dutela jihadistek Sirian, kurduak geroz eta traba handiagoa egiten dien konpainia dira. Eta Rojavan mendirik ere ez dute. Ikasiko ahal zituzten historiako lezioak, hainbeste odol kosta zaien ametsari eusteko.

BERRIAn argitaratua (2016/08/27)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA