astekaria 2015/10/30
arrowItzuli

iritzia

Urrezko kaiolak

Zihara Enbeita

Urrezko kaiolak Zihara Enbeita

Aspaldion batean eta bestean haur parkeen inguruko kezka zabaldu da. Gaur egun ezagutzen ditugun haur parke asko eta askori (gehienak ez esatearren) «kontzentrazio esparru» deitzen die Francesco Tonucci psikopedagogo italiarrak. Haurrek ez dutelako eurek euretara ibiltzeko aukerarik eta etengabe kontrolpean daudelako. «Urrezko kaiolak» direla ere irakurri dut hor nonbait. Jesarlekuz inguratutako haur parkeak dira. Guraso, aitona-amona, zaintzaileek… bertatik haurren «ustezko jardun librea» ondo kontrolatzeko. Inguratuta daude haurrak, bai, eta despistatzen bazara (nahita edo nahigabe) besteren batek zainduko ditu zure seme-alabak eta deskuiduan baita agiraka egin ere.

Egun-pasa nonbaitera joateko haur parkeak begiratuko ditugu mapan. Bidaiako ezinbesteko legez. Beraiek behar duten zerbait balitz legez. Haur parkerik ezean aspertuko balira legez.

Eta haur parkera goaz egunero. Eta haurrak libre utziz gero, eserlekuan jesarrita geldituko gara hutsik dagoen txirristari begira. Gure seme-alabek zeregin hobea topatu dutelako esparrutik kanpo.

Eta inbidiaz ikusi ditugu Amsterdameko haur parkeak. Naturarekin bat egiten dutenak, organikoak, urarekin eta arearekin jolasteko aukera ematen dutenak. Haurrei benetan euren buruak neurtzeko aukera ematen dietenak. Eta gurasoak, zaintzaileak ere lasai egoteko taberna eta guzti. Eta irekiak direnak. Oso gauza desberdinetarako aukera ematen dutenak.

Gure auzoan, adibidez, ba al du zentzurik txakur kakaz betetako zelai berdeak eta zaindu gabeko basoak izan eta haur parkeak eraikitzeak? Ez al litzateke egokiagoa zelaiak eta basoa atondu eta egoki mantentzea? Baina ba al du zentzurik beren-beregi haurrentzako lekuak diseinatzeak? Ez al luke herri osoak behar haur parkea?

BERRIAn argitaratua (2015/10/28)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA