astekaria 2015/10/02
arrowItzuli

kultura

Emily Watson: «Haizeak eramaten nau eramaten nauen tokira»

Gorka Erostarbe

Emily Watson: «Haizeak eramaten nau eramaten nauen tokira»

Etengabe bidearen erdira ateratzen zaion, dioten, izena da Lars von Trierrena. Zuzendari daniarrak eman zion aukera aurrenengoz zineman lan egiteko; Breaking The Waves (1996) filmarekin estreinatu zen Emily Watson (Londres, 1967), emakume eskoziar xalo baten rolean, eta laudoriozko kritikak jaso zituen. «Esaten dute gogorra dela Larsekin lan egitea, baina niretzat esperientzia zoragarria izan zen. Hark eman zidan lehen aukera, eta bideak zabaldu zizkidan. Beti egongo natzaio eskerturik», esan zuen Watsonek atzo Donostia saria jaso aurretik, prentsaren aurrean egindako agerraldian.

Orduz geroztik 30 lanetik gorako ibilbidea osatu du eta egungo zinemagile esanguratsuenetako batzuekin lan egiteko parada izan du. Jim Sheridanen The Boxer-en (1997), Alan Parkerren Angela's Ashes-en (1999), Tim Robbinsen Cradle Will Rock-en (1999), Robert Altmanen Gosford Park-en (2001), Paul Thomas Andersonen Punch Drunk Love-n (2002), Tim Burtonen The Corpse Bride-n (2005), John Hillcoaten The Proposition-en (2005), Charlie Kaufman-en Synecdoche, New York-en (2008), Steven Spielbergen War Horse-n (2011) eta Joe Wrighten Anna Karenina-n (2011) lan egin izan du, besteak beste. Ez lioke muzin egingo horietako askorekin berriro lan egiteari, baina bereziki gogoan ditu Paul Thomas Anderson eta Robert Altman. «Oso berezia izan zen Altmanekin egindako lana. Ezer prestatu gabe joateko esan zidan. Bera desberdina zen, ez zuen araurik, bere egiteko modu propioa baizik, eta oso aberasgarria izan zen niretzat».

Film hartan bezala, bere ibilbide osoan ere ezer ez duela aurrez planifikatu azaldu zuen aktore ingelesak: «Ez dut plangintzarik; ijitoen bizitza daramat, haizeak eramaten nau eramaten nauen tokira. 22 urte dituzunean, oso ondo pasatzen duzu; adinean gora zoazenean, erronka zailago bihurtzen da. Egun haurrak ditut, eta saiatzen naiz askorik ez urrutiratzen. Zinemak konpromisoa eskatzen du, baina baita haurrak izateak ere. Saiatzen naiz duintasuna duen zerbait egiten aldi oro. Gustatzen zaidan zerbait egiten ahalegindu naiz beti. Batzuetan, arrakasta izan dut, eta beste batzuetan, ez, baina ez dut plangintza berezirik antzezle gisa».

Zinemaren munduan egin da ezaguna Watson, baina telebistarako eta antzerkirako ere lanak egin izan ditu, eta baita animazio filmetarako ahotsa jarri ere. Antzerkian hasi zuen bere ibilbide profesionala, besteak beste Lilian Hellmannen The Children's Hour, Anton Txekhoven Hiru ahizpak eta Henrik Ibsenen Itsasoko andrea obretan arituz. Gaur egun, hala ere, nahiago du zineman edo telebistan lan egin. «Zineman eta telebistan sentitzen naiz erosoen. Antzerkia egitea ere gustatzen zait, baina ordu askoko lana da, eta egunero errepikatu egiten da. Zineman etxean bezala sentitzen naiz, eta telebista ere gustukoa dut: azkarrago lan egiten da; erritmo biziagoa du; bistan da. Baina erakargarria da». Ingalaterrako emakume antzezleen tradizioa «asko errespetatzen» du Watsonek; haiengandik asko ikasi duela dio. «Emakume belaunaldi bat bada nire aurretik jardun duena: Maggie Smith, Judi Dench, Eileen Atkins... Antzezle klasikoak dira, antzerkian heziak eta filmetan lan egin dutelako oso ezagun bihurtu direnak. Istorioak kontatzen dakite, eta horretan aritu dira, banitatea alboratuz».

Atseden une batean

Donostia saria jasota, «gustura eta arraro» sentitzen da. «Arraro sentitzen naiz, ez baitut uste behar adina zahar naizenik halako sariak jasotzeko, neure burua ikusten baitut oraindik 23 urte banitu bezala. Zinema jaialdietara normalean joaten naiz proiektu bat aurkeztera eta talde batekin batera. Lan bat babesteko egin ohi dut, ez niretzat bakarrik. Hemen ni izaten saiatu behar dut, eta ez da erraza». Donostiako Zinemaldian sekula egon gabea zen Watson, nahiz eta jakitun zen bazela. «Ez nekien sari hau ematen zutenik, ordea, eta saridunen zerrenda ikustean harrituta geratu nintzen.Ohore handi bat da haiekin batera egotea».

Zinemari bezainbateko garrantzi ematen dio Watsonek familiari egun, eta horregatik atseden une batean dago. Orain artean Everest filmean egin du lan azkenekoz, eta aurrera begira telebista saio bat du esku artean. «The Dresser antzezlanean oinarrituriko serie bat izango da, eta gogoz nago hura egiteko. Gainerakoan ez dut ezer». Emakumeek aktore lanak egiteko «presio handiagoa» izaten dute, Watsonen iritzian: «Ezaugarri fisikoek asko baldintzatzen gaituzte, batez ere Hollywooden, baina ni zorionekoa naiz, ez bainaute deitu eder naizelako». Watsonek era guztietako rolak jokatu izan ditu, baina batez ere drama sozialetarako deitu izan dute eta paper komikoagoak ere egin nahi lituzke: «Uste dut oso ondo lan egingo nukeela paper komiko batean, gainera», adierazi zuen irribarrez.

BERRIAn argitaratua (2015/09/25)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA