astekaria 2016/08/26
arrowItzuli

kirola

FRAN GARAGARZA

«Aspalditik daukagu garbi zein hiru jokalari ekarri nahi ditugun»

Aitor Manterola

«Aspalditik daukagu garbi zein hiru jokalari ekarri nahi ditugun»

Hogei jokalari dauzka Eibarrek gaur egun, eta 23 nahi ditu Jose Luis Mendilibar entrenatzaileak. Abuztuaren 31n itxiko da jokalariak fitxatzeko epea, eta izen batzuk bolo-bolo dabiltza: Sergio Leon Elxeko aurrelaria, Fran Rico Granadako erdilaria, Andres Gonzalez Huescako eskuin hegaleko atzelaria... Eta inork baldin badaki ondo zertan diren kontu horiek guztiak, hori Fran Garagarza da (Mutriku, Gipuzkoa, 1969), Eibarreko kirol zuzendaria. Bileraz bilera dabil Garagarza, baina, agenda bete-bete horretan, toki egin dio BERRIAri.

Zenbat jokalari ekarri nahi dituzue taldea osatzeko, fitxaketen epea itxi baino lehen?

Hiru.

Zein postutarako ekarri nahi dituzue?

Eskuin hegaleko atzelari baten bila gabiltza, zelai erdirako litzateke beste bat, eta aurrelaria bestea.

Hirurak ekartzeko aukera izango duzue astebete honetan?

Bai, bai. Gauzak ez daude errazak, gure esku ez dagoelako orain. Aspalditik daukagu garbi zein ekarri nahi ditugun, baina orain beste aldekoen baitan dago etorri edo ez. Badakigu zein bide hartu behar ditugun hiru jokalari horiek ekartzeko, eta, orain, zain egotea tokatzen zaigu.

Hiru eskaintza eginda dauzkazue, hortaz, eta esperoan zaudete.

Ez da horrela. Eskaintzak ez dira. Esango nuke bideratuta dauzkagula, eta ea datozen orduetan zer gertatzen den.

Haien taldeetatik ateratzeko etete klausulak ordaindu beharko ditu Eibarrek?

Ikusiko dugu.

Hiru jokalari horiek zein diren galdetzea alferrik galdetzea da?

Bai. Ezin dizut izenik eman, zaildu egingo liratekeelako negoziazioak. Bestela ere ari gara izaten nahiko oztopo, eta gehiago ezin ditugu sortu.

Uste baino gehiago ari zaizue kostatzen, hortaz, hiru jokalari horiek lotzea.

Pixka bat normala da kostatzea. Merkatuan gaude, eta azkeneko pausoak ari gara ematen. Gainera, azkeneko egunetan izan ohi da fitxaketak egiteko tartea, eta logikoa da horrela egotea merkatua. Ohikoa da talde guztientzat garai honetan zaila izatea fitxaketak lotzea.

Taldea osatzeko falta zaizkizuen hiru fitxaketa horiek ez zuten lehentasunik?

Tira, taldea osatzea izan da beti gure helburua. Hogeita hiru jokalari nahi ditugu, eta hogei dauzkagu orain. Postu zehatz batzuk nahi ditugu hobetu, ahalik eta talde indartsuena osatzeko.

Dagoena osatzera etorriko dira hirurak, ala taldeari beste indar bat emango diote?

Osatzera baino gehiago indartzera etorriko dira, eta denborak esango du nolako garrantzia izango duten taldearen barruan. Talde osoaren indarra beharko dugu, eta etorriko diren hiru horien lana ere garrantzitsua izango da, aurretik fitxatutako guztiena bezalakoa.

Egindako jokalariak dira etorriko direnak, ala gazteagoak, Cristian Rivera bezalakoak?

Denetarik dago. Ekarri ditugun jokalari batzuk egindakoak dira, Bebe, Pedro Leon eta Galvez bezalakoak. Beste batzuk, Lejeune, Rivera eta Peña, esaterako, esperientziarik gabeak dira Lehen Mailan. Azkenean, taldea osatzea puzzle bat egitea da, eta profil guztietako jokalariak edukitzea gustatzen zaigu. Ekarri behar ditugunak ere ezaugarri ezberdinetakoak dira, eta ea nahi ditugunak ekartzen ditugun.

Zaila da esatea zein egunetan izango ditugun albisteak?

Oso zaila. Merkatuak bere bidea dauka, eta pauso horiek merkatuak berak ezartzen ditu, ez daude gure esku. Hor gabiltza, lanean eta gainean, eta gauzak ahalik eta ondoena egiten. Baina, lehen esan bezala, gu gaude negoziazioaren alde batean, eta jokalaria edota bere taldea bestean; orain, beste aldearen zain gaude.

Fitxaketak egiteko epea ixteko eguna gainera dator, eta, zenbat eta gehiago atzeratu, garestiagoa da jokalariak ekartzea?

Merkeagoa ez da, behintzat. Zailtasunak handitu egiten dira, talde handiak mugitzen hasten dira, ondoren besteok denok batera hasten gara dantzan, eta zaildu egiten da. Ezinbestean fitxatu nahi baduzu jokalari bat, urduritasuna sartzen da, eta, azkenean, diru gehiago jarri behar mahai gainean.

Jokatu zuen taldeak aurreneko partida ligan aurreko ostiralean, eta galdu egin zuen Coruñan. Nolako itxura dauka Eibar honek?

Gustatu zitzaidan taldeak nola jokatu zuen Coruñan, nahiz eta emaitza txarra izan. Opariak egin genizkion Deportivori, eta opari horiei esker dauzka hiru puntu Coruñako taldeak. Une askotan hobeto moldatu ginen, eta Eibarrek ondo lehiatu zuen, etxetik kanpoko lehen partida izateko. Galtzeko partida ez genuen jokatu. Taldeak jokoa sortuko du, aukerak eta baliabideak ere baditu lehiakorra izateko, eta lasai nago.

Demagun etzi gauza bera gertatzen dela: ondo jokatu baina Valentziaren aurka galdu egiten duela taldeak. Hala balitz, horrek ezin zaitzake baldintza fitxaketaren bat egiteko, ezta?

Ez, ez. Horrela izango balitz, ez litzateke logikoa izango gure jarduna.

Ligako lehen jardunaldia bakarrik jokatu da, baina hiru igo berriek —Osasunak, Alavesek eta Leganesek— ez zuten galdu. Zerbait esan nahi du horrek?

Mailari eusteko helburua lortzea ez dela erraza izango. Ondo indartu dira taldeak, eta hor daude, lehian. Borroka handia egongo da mailari eusteko, eta igo diren hiru taldeak fidagarriak dira, onak.

Aurreko denboraldian mailari eusteko lehian ibili ziren taldeak ere ondo indartu dira, gainera.

Hala da. Iruditzen zait indartsuagoak direla gehienak. Dirua sartu da klubetan, eta ondo gastatu dute gehienek taldeak indartzeko. Koska bat gora egin dute zenbait taldek, horrek ere argi uzten du oso borroka gogorra egongo dela mailari eusteko lehian.

BERRIAn argitaratua (2016/08/24)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA