astekaria 2016/08/26
arrowItzuli

kultura

GERMAN DESCALZO

«Solista moduan aritzea oso esperientzia desberdina da»

Idoia Davila Uzkudun

«Solista moduan aritzea oso esperientzia desberdina da»

Oso gazte hasi zen German Descalzo (Lerma, Espainia, 1991) Lermako Union Musical eskolan tronboia jotzen; 8 urte zituela jada herriko bandako musikaria zen. Burgosko (Espainia) musika kontserbatorio profesionalean amaitu zituen tronboi ikasketak. 2013tik Lermako Union Musical bandaren zuzendaria da, eta aurten Musikene Euskal Herriko goi mailako musika ikastegian hirugarren maila egingo du. Gaur Donostiako Musika Hamabostaldian arituko da, Miramar jauregian, arratsaldeko zazpietan.

7 urte zenituela hasi zinen tronboiarekin. Zergatik instrumentu hori?

Nire aitak tuba jotzen zuen banda batean, eta nire amak, berriz, saxofoia. Txikia nintzenetik, gainera, kontzertu askotara eraman ninduten; haizezko eta metalezko instrumentuen eta banden kontzertuak entzun nituen, batez ere. Eta bazegoen talde bat ere... Haren kontzertuetara joan nintzen txikia nintzenean, eta disko bat ere banuen. The Sir Alligator's Company izena zuen taldeak, eta tronboiek eta tubek osatzen zuten; horrek piztu zidan tronboiaren inguruko interesa. Hasieratik instrumentu hori erosi zidaten, eta horrekin jarraitu dut aurrera.

Zein aukera ematen ditu tronboiak?

Tronboiak aukera asko ematen ditu gaur egun. Aldiz, pianoak eta organoak, esaterako, aukera asko dituzte, baina ez daude bandan integratuta, eta askotan behartuta daude solista izatera. Tronboia, ordea, taldeetan parte hartu dezakeen tresna bat da: haizezko orkestretan, bandetan, orkestra sinfonikoetan, jazz taldeetan, big bandetan, metalezko taldeetan... Solista ere ibil zaitezke, noski, gaurko kontzertuan bezala; piano batek lagunduta joko dut gaur kontzertuan.

Orkestretan, bandetan, taldeetan eta beste batzuetan izan zara, baina zein nahiago duzu?

Ezingo nuke esan zein den hobea; uste dut esperientzia desberdinak direla. Orkestra batean jotzea, adibidez, esperientzia izugarria da niretzat; musika egiten ari den talde handi baten parte sentitzen zara. Ez duzu, beharbada, solista gisa edo kinteto batean adinako protagonismo izango, baina sentipen ikaragarriak eskaintzen ditu orkestrak. Oraingo kontzertua prestatzea, esaterako, desberdina izan da; solista moduan babesgabe sentitzen zara, eta modu desberdinean prestatu eta bizitzen duzu esperientzia. Edozein modutan ere, oso interesgarria da, eta asko gozatzen dut.

Zer zailtasun ditu solista izateak?

Orkestra batean jotzen dugunean, zuzendari bat izaten dugu aurrean. Obra ikasita eta prestatuta eramaten dugu, baina zuzendariak musikaren interpretazio propioa egiten du, eta bertsio horretan oinarrituta zuzentzen du orkestra. Solista zarenean, aldiz, laguntza hori ez dago presente, eta zuk sortu behar duzu interpretazio hori; niretzat, hori da zailena. Gainera, erresistentzia handiagoa behar da; errezital honek ordu bat inguru irauten du, eta ordu luzez prestatu naiz denbora horretan guztian bakarrik jotzeko, pianoaren laguntza bakarrik izango baitut.

Lermako banda zuzentzen duzu. Zer da zailagoa?

Zailtasuna neurtzea zaila da; gauza desberdinak dira. Nire herriko banda zuzentzeak badu bakarlari izateak ez duen zailtasun bat: alderdi soziala. 30-40 pertsonek osatzen duten talde baten aurrean zaude, eta bakoitza bestearengandik oso desberdina da. Gainera, banda hau amateurra da; borondatez daude bertan, ez da beren lanbidea. Pertsona bakoitzari gauzak nola azaldu jakin behar da. Musikaren aldetik, bai zuzendari eta bai solista izateak maila tekniko bera eskatzen dute.

Irakasle lanetan ere ibiltzen zara. Zer zailtasun ditu?

Hor ere ikasle oso desberdinak ditut; gazteenak 10 urtetik beherakoak dira, eta zaharrenak 34 urte inguru ditu. Gauzak nola azaldu eta transmititu behar diren ikasi behar da, eta oso aberasgarria da edozein musikarirentzat. Nik ere gauza asko hobeto ulertu ditut ikasleei azaldu ostean; ikusten duzu gauzak ez zenituela hain argi. Interesgarriena niretzat musikarekiko pasioa transmititzea da, ikasleak ere senti dezan. Hori lortzen baduzu, asko lagundu diezaiekezu haien ikasketa prozesuan.

Zergatik joan zinen Musikenera ikasketekin jarraitzera?

Ikastegiaren erreferentzia onak nituen; han izandako jendea ezagutzen nuen. Batez ere tronboi irakasleen erreferentziak nituen: Juan Manuel Real eta Stefan Schulz. Bertara joateko gogoa nuen; ateak irekitzeko egunean Juan Manuel ezagutu nuen, eta asko gustatu zitzaidan haren filosofia. Gainera, Burgoskoa izanda, Donostia nahiko gertu nuen.

Zein aukera eskaini dizkizu Musikenek?

Gaurko kontzertua egiteko aukera, hain zuzen, oso interesgarria da. Horrez gain, EOSekin praktikak egiteko aukera ematen digu Musikenek, eta, esan bezala, irakasleekin oso pozik nago. Tronboiaren espezialitatean, zehazki, luxua da astero Juan Manuel Real eta Stefan Schulzekin egotea.

Nolakoak dira kontzertuan joko dituzun obrak?

Oso errezital atsegina dela iruditzen zait; erraz entzuten da, eta musika gustuko duen edonork goza dezake programa. Enrique Granados konpositorearen heriotzaren mendeurrena aitzakiatzat hartuta, haren obrak sartu nahi genituen errepertorioan. Printzipioz, ez zegoen tronboi solistarentzako Granadosen obrarik, eta, horregatik, beste bi pieza txiki egokitu genituen; izatez, biolontxelorako piezak ziren, baina tronboiaren antzeko erregistroa du tresna horrek. Guri gustatu egin zaigu emaitza, eta espero dugu publikoak ere gustuko izatea. Aukeratu ditugun beste piezak Frantziako konpositoreenak dira, Granadosek erlazio estua izan baitzuen herrialde horrekin; izan ere, Parisko kontserbatoriora joan nahi izan zuen. Granadosen estiloan ez da nabaritzen lotura hori, baina programari koherentzia ematen dio. Hautatutako Frantziako piezen artean badaude tronboiarentzat bereziki egindakoak. Jacques Casterederen sonatina batekin hasiko da kontzertua; beharbada hori da joko dugun piezarik modernoena, eta energia handia du. Asko kostatu zitzaigun hura prestatzea. Hurrengo pieza Camille Saint-Saensena da, eta Gabriel Faureren abesti batekin amaituko dugu. Amets erromantiko bat da abesti hori, oso polita, eta kasu honetan hitzak ez ditugu entzungo, baina musika ere ederra da.

Zer iruditzen zaizkizu Interprete Gazteen Zikloko beste musikariak?

Hamabostaldian egongo diren taldeak ez ditut entzun, Musikenen hautaketa egin zenean ezin izan nituelako ikusi. Baina badakit aparteko musikariak direla, eta ziur nago kontzertu zoragarriak egingo dituztela; ez dut inolako zalantzarik.

Ikasten jarraituko duzula uste duzu?

Bai, musikariok etengabe ikasi behar dugu. Bai irakasle gisa eta bai musikari gisa, eguneratuta egon behar duzu. Nik bezala orkestretan edo solista moduan jo nahi duen norbaitek asko ikasi behar du, errepertorioak prestatu. Ni oraintxe ikaslea naiz, eta nire asmoa ikasten jarraitzea da, gauzak ondo egiteko eta bide honetan jarraitzeko.

Baduzu beste proiekturik esku artean?

Kontzertu honetaz gain, ez dut beste proiektu jakinik etorkizunean. Hala ere, kontzertu hau prestatzen beste batzuk egiteko interesa piztu zait; beraz, segur aski saiatuko naiz beste programa batzuk osatu eta prestatzen. Oso interesgarria iruditu zait, eta asko ari naiz gozatzen formatu honekin.

BERRIAn argitaratua (2016/08/23)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA