astekaria 2016/08/26
arrowItzuli

kirola

LEIRE ANTIA

«Estropadak errematatzen asmatzea falta zaigu»

Aitor Manterola

«Estropadak errematatzen asmatzea falta zaigu»

Beroarekin ez da konforme Leire Antia arraunlaria (Oikia, Gipuzkoa, 1989). «Entrenatzeko txarra da, nahiz eta iluntzerako pixka bat freskatuko duen», azaldu du. Itzalean eseri, eta hantxe erantzun ditu BERRIAren galderak Hibaikako arraunlariak.

Denboraldia ari da amaierara iristen; orain arte egindakoaren inguruan, zein da zure iritzia?

Oso denboraldi ona ari gara egiten. Hibaikak inoiz ez ditu aurten hainbeste estropada irabazi. Bederatzi estropada irabazita, zortzi bandera lortu ditugu, Zarauzko lehen jardunaldiko garaipenak ez zuelako bandera ematen. Ez gara jabetzen lortutakoaz, dena oso azkar doalako.

Euskotren liga San Juanek irabazi duelako ere ari da geratzen zuen sasoi bikaina itzalean?

Gerta daiteke, bai. Euskotren ligan, San Juanek estropada gehiago irabazi ditu, guk baino lau gehiago, eta, nola liga horretako estropadak telebistaz ikusten diren, ematen du guk egindakoak ez duela balio handirik. Baina denboraldi osoa kontuan hartuta, San Juanek hamar estropada irabazi ditu, eta guk bat gutxiago bakarrik.

Estropada ia guztietan, oso alde txikia egon da bi taldeen artean, eta horrek ere erakusten du ondo dabilela Hibaika, ezta?

Hori da. Aldeak ez dira handiak izaten ari, eta gustura gaude horrekin ere, San Juanen parean gaudela esan nahi baitu.

Onenean dago orain Hibaika, ala baduzue hobetzeko aukera?

Hobetzeko gauzak beti daude, eta bada gauza bat hobetu behar duguna: estropadak errematatzea falta zaigu, eta konfiantzak emango digu hori, gure lanarekin fedea edukitzeak. Falta zaigu lana biribiltzea aurretik goazenean, eta aurrekoa harrapatzea ere bai atzetik garenean.

Nola hobetzen da hori?

Buruaren lanak izaten dira, baina ez bakarrik; arraunean egiteko erak ere eragina izaten du.

San Juanen diote heldutasuna lortu dutela talde barruan, urduritasunak ez diela gaina hartzen lehen bezala. Zuek nola zaudete arlo horretan?

Lana egin behar da, eta guri falta zaigu puntutxo bat egoera horiek ondo bideratzeko. Burua dena da arraunean.

San Juanek talde ia bera dauka azken urteetan, eta zuek ez, aurten ere bazaretelako berri batzuk. Hori zuen kalterako da?

Hibaikan ere badago etxeko arraunlari multzo bat urteetan batera ari dena, baina berriak gehiago ditugu San Juanek dauzkanak baino, eta hori antzeman egin daiteke heldutasuna lortzeko lanean. Uste dut guk ere talde indartsua daukagula, eta asko hobetu dugula azken hilabeteetan. Konfiantza handiagoa edukitzea falta zaigu, eta ea lortzen dugun azkeneko aste hauetan.

Neguan eta udaberrian arazoak izan zenituzten denok elkartu, taldea osatu eta uretara joan ahal izateko. Orain hobeto zaudete alde horretatik?

Bizkaiko gure arraunlariek beren taldeetan egin zuten bateletako denboraldia; ni Zumaian aritu nintzen, eta trainerua osatzeko kadeteen laguntza behar izan zuten taldekideek. Udaberritik aurrera, gehiagotan bildu gara, eta udan ere talde osoa ari gara batera.

Damurik bai lehenago talde osoa bateratu ez izanarena?

Ezin denean ezin da, eta alferrik da bueltak ematea.

Gipuzkoako Ligako azkeneko bi estropadetan, bi astindu eman dizkiozue San Juani, eta bi puntu aurretik zarete. Liga zuena da?

Bi estropada on izan dira guretzat. Larunbatean, gainera, Orio ere sartu zen San Juanen eta gure artean, eta mesede guretzat. Oriok erabili duen Branka trainerua probatu genuen larunbatean, eta gustura ibili ginen.

Larunbatean bukatuko da liga, eta etxean jokatuko duzue estropada.

Errenteriako festetan ere jokatu genuen, eta sekulako giroa egon zen; ea orain ere hala den. Esperientzia handia izan zen, eta emozioz beterikoa: oilo ipurdia jarri zitzaidan. Errenterian arrauna sustatu nahi dute, eta horregatik da estropada ibaian.

Kontxako Bandera ere gainean duzue. Noizbait tokatu beharko zaio, bada, Hibaikari...

Ea aurten den. Baina talde guztiok gaude indartsu, bi egunetara da, kale zozketa, aurten bi txanda eta lehen jardunaldian zozketa txandak zehazteko... Denak atera behar du alde. Guk gerra emango dugu.

Hibaikarentzat presioa da Kontxan oraindik ez irabazi izana?

Ilusioa eragiten du, presiorik ez. Taldean oso giro ona daukagu, eta prest gaude irabazteko.

Kontxako bandera Zumaiarekin irabazita zaude, duela hiru urte. Baina trainerurik osatu ezin aurten. Ari omen zarete mugitzen datorren urteari begira.

Ari gara zerbait mugitzen, eta saiatuko gara, baina arraunlariak behar dira. Olatzekin [Olatz Agirregabiria, Orion dabilen Zumaiako arraunlari ohia] aipatu izan dugu nolako pena ematen digun uretan gaudela Zumaiak aurten trainerurik ez duela atera entzun beharrak bozgorailuetatik; tripak buelta ematen dit.

BERRIAn argitaratua (2016/08/23)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA