astekaria 2016/08/26
arrowItzuli

gizartea

GEMMA ALTELL

«Erasotzaileek ez dute epai sozialik jasaten, drogak hartu arren»

Maite Asensio Lozano

«Erasotzaileek ez dute epai sozialik jasaten, drogak hartu arren»

Jai giroan eta gaueko parranda eremuetan emakumeek jasaten dituzten erasoek albisteen goiburuak bete ohi dituzte udan. Azken bi urteetan «ikusgarritasun boom» bat izan dela uste du Gemma Altell psikologo sozialak (Bartzelona, 1971), inoiz baino gehiago salatzen dutela andreek bortizkeria hori. «Baina eraso batzuek, intentsitate baxukoak izaki, ezkutuan jarraitzen dute». Joera horren hasieran abiatu zuten Katalunian Noctambul@s, gaueko aisialdi inguruetan izaten diren sexu abusuei eta droga kontsumoei buruzko behatokia. Lan kualitatiboa egiten dute, «fenomenoa hobeto ezagutzeko, eta halako egoerei buruzko kontakizuna jasotzeko».

Feminismoak beti ukatu izan du alkohol edo droga kontsumoen eta indarkeria matxistaren arteko lotura kausala. Zein ikuspegitatik ari zarete zuek?

Begirada feminista erradikal batetik ari gara. Urte asko daramatzat drogen auzia genero ikuspegitik aztertzen. Nire teoria ez da drogen kontsumoa sexu indarkeriaren kausa denik, baina ikusi dut kontsumo horiek intentsitate handiagoa eragin dezaketela erasoan, gizonen jarrerari begiratuta, eta, batez ere, alkohola edo drogak kontsumitzen dituzten emakumeen gaineko begirada eralda dezaketela jai giroan. Begirada hori zigortzailea da, eta ondorio larriak ditu andreengan.

Zein dira ondorio horiek?

Alkohola edo drogak kontsumitzen dituzten emakumeak sexu harremanak izateko prest daudela pentsatzeko joera handiagoa dago. Hau da, kontsumoen eta sexualitatearen artean lotura patriarkal bat egiten ari dira, aurreiritzietan oinarrituta: alegia, andre mota batek kontsumitzen duela, eta horrek dakarrela sexualki eskuragarriago egotea. Hori desmuntatu egin behar da: kontsumitzeak ez du esan nahi emakume bat prest dagoenik edozeinekin sexu harremanak izateko. Gainera, begirada horrek oso kaltebera bihurtzen ditu andreak: proposamen sexual gehiago jasotzen dituzte, jazarpen handiagoa... Eta, askotan, intentsitate baxuko eraso asko onartu egiten dituzte, ziurtzat dituztelako: ukituak, esaldi ezegokiak, trago batera gonbidatzeagatik emakumeen gaineko eskubideak dituztela pentsatzea...

Berdin gertatzen al da emakume gazteekin?

Haien artean badago beste joera bat: berdintasunaren irudi faltsuarekin lotuta, hau da, berdintasuna jada lortuta dagoela pentsatuta, emakume gisa erabakitzen dute euren gorputzarekin nahi dutena egitea eta nahi dutena kontsumitzea, nahiz eta badakiten hautu horrek arrisku batzuk ekar ditzakeela. Arazoa da ez direla ohartzen ez dituztela zertan arrisku horiek jasan; euren askatasuna erabili ahal izan behar dute. Kezkagarria da, ez baitute sexismoa auzitan jartzen.

Eta zer gertatzen da gizonekin testuinguru horretan?

Esango nuke gure sistema azaleratzeko beste agertoki bat dela, eta ez dela beste esparru batzuetan gertatzen denaren oso diferentea. Sexu eraso larri bat dagoenean, badago epai sozial eta moral bat, gizonei esaten diena ezin direla erabat kontrolatu mozkortuta doazelako, eta emakumeei esaten diena jakin behar dutela nora doazen eta adi ibiltzen. Gizonak honela daude sozializatuta: harrapariak izan behar dute, drogak kontsumitu eta arriskuak hartu. Andreak, aldiz, ezinezko oreka batean daude: sexuaren arloan, adibidez, ezin dugu ez asko ez gutxi jardun, gaizki begiratuko gaituztelako. Baina lan munduan ere gertatzen da.

Baina gizonak legitimatuago sentitzen al dira festa giroan?

Bai, justifikatuago sentitzen dira: kontsumitu arren, haiek ez dutelako zigorrik jasaten epai sozialean; kontrara, kontsumitzeak desenkusatu egiten ditu.

Nola iraul daiteke diskurtso horri? Zein da gizonekiko mezua?

Oso kanpaina gutxi daude gizonei bideratuta, fokua andreengan jartzen jarraitzen dutelako. Horri buruzko gogoeta egin beharko litzateke, emakumeei beren burua babesteko aholkuak ematen segitzeak dakarrelako erasoen erantzukizuna haien gainean ipintzea. Hasi behar dugu gizonei bestelako mezuak igortzen: egiten dutenaren erantzule izan daitezen, eta hausnar dezaten nola erabiltzen duten sexualitatea, boteretik eta bortxatik. Ez da erraza: eraldaketa sakona eskatzen du.

Are zailagoa kontsumoekin uztartuz gero...

Azken urteetan, arriskuen murrizketa lantzen ari gara. Kontsumitzea askatasun pertsonalaren barruan egiten da, baina arriskuen berri izanda egin behar da. Eta arriskuez hitz egitean, tradizionalki, dosiak zaintzeaz edo autoa ez gidatzeaz hitz egin da, baina oso gutxi sexu erasoez, nahiz eta emakumeentzat arrisku handiena den. Hori ikusgai egin behar dugu, gizonen ikuspegitik ere bai: kontsumitzeak ezin ditu erasotzaile bihurtu.

Nola aldatzen dira emakumeen eta gizonen arteko harremanak parrandaren testuinguruan?

Oso lotuta daude bi aldagai: kontsumoa eta testuingurua. Larunbat gau batean mozkortuta egonda gerta daitezkeen gauzak nekez gertatuko dira astearte goizez liburutegi batean. Parrandan edatekoa eskatzera zoazenean ipurdia ukitzen badizute, zuretzat ia-ia ohikoa izango da. Halakoekin tolerantzia handia daukagu, baina gero gerta daitezkeen eraso larriagoen oinarrian daude. Eta hori festa giroak eta kontsumoak errazten dute. Desinhibizio bat dago: ondo pasatzera doaz, eta horren barruan dago sexua. Ondorioz, gizon batzuentzat, borondatezko sexuaren eta bortxazkoaren arteko xehetasunak lausotzen dira; eta andre batzuei, intentsitate baxuko jazarpen asko jasan dutenez, kosta egiten zaie identifikatzea hautatu ez dituzten hainbat egoera. Adibidez, borondatezko sexu harremanen barruan sarri ikusten ari gara nahi gabeko sexu jokaerak; eta neskek sentitzen dute ez dutela jardun hori gelditzeko eskubiderik.

Kontsumoen ondorioz rol femeninoak eta maskulinoak indartzen direla esango zenuke?

Testuinguruak eta substantziek desinhibitu egiten dute, eta, gainera, sekulako pisua hartzen du inguruaren eraginak. Gizonekin argi ikusten da maskulinitatea berresteko presioa taldeetan: modu batean jokatu behar dute egiaz gizon izateko. Agerikoa da taldean egiten diren bortxaketetan: haien arteko maskulinitate erakustaldiak dira.

BERRIAn argitaratua (2016/08/23)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA