astekaria 2016/08/26
arrowItzuli

mundua

Eskolak itxita hasi dute ikasturtea

Oier Morras Aranoa

Eskolak itxita hasi dute ikasturtea

Mexikoko presidente Enrique Peña Nietok iragarri du ez duela gehiago negoziatuko hezkuntza erreformaren aurka dauden irakasleekin klasera itzultzen ez diren arte. CNTE Hezkuntza Langileen Koordinatzaile Nazionaleko irakasleak greban daude maiatzetik, eta ez dute gelditzeko asmorik gobernuaren erreforma deuseztatu arte. Oaxaca, Michoacan eta Chiapas estatuetan, hots, CNTEk nagusitasuna duen estatuetan, lehen eta bigarren hezkuntzako eskola gehienak itxita abiatu dute ikasturtea. Sindikatuak astelehen honetan berretsi du hezkuntza erreforma indargabetu arte ikasgeletara ez itzultzeko erabakia.

Astelehenean hasi zen 2016-2017ko ikasturtea Mexikon, eta, inaugurazio ekitaldian, Tolucako eskola publiko batean (Mexiko estatua), Peña Nietok adierazi zuen kausa edo eskakizun batek ezin dituela haurrak eta gazteak «bahituta» eduki. Haatik, CNTE herrialdeko irakasle sindikatu garrantzitsuenetan bigarreneko langileei «errespetuz» eskatu zien klaseetara bueltatzeko: «Lehenbizi hezkuntza, eta gero eztabaida [...]. Haurren etorkizuna ez da negoziatzen». Sindikatuak gobernuari leporatu dio irakasleei elkarrizketarako prest zegoela sinetsaraztea eta gero inolako erantzunik ez ematea gatazka amaitzeko. Nochixtlanen (Oaxaca), ekainaren 19an, CNTEko manifestarien eta Poliziaren arteko talkak zortzi hildako eragin zituen, eta, horren ondotik, gobernuak sindikatuarekin negoziatzea onartu zuen, aste honetan iritziz aldatu duen arte.

Erreformaren defentsan

Presidenteak defendatu egin ditu irakasleentzako ebaluazio sistema jarraitu bat ezartzen duen eta eskubide sindikalak murrizten dituen hezkuntza erreformaren baten «onurak». Esan du horren xede nagusia herrialdean kalitatezko hezkuntza sistema bat izatea dela, eta erreformaz gaindi Mexikoko hezkuntza «nahitaezkoa, laikoa eta doakoa» izango dela aurrerantzean ere. Halaber, salatu du «hezkuntza publikoaren printzipio horien aurkako atentatuak diren bertsioak zabaldu» direla. CNTErekin elkarrizketak bertan behera uzteko erabakia justifikatzeko, Peña Nietok esan du eztabaidak «manipulatuta» daudela eta haurrei hezkuntza eskubidea ukatzen ari zaiela. Beraz, «ez da elkarrizketa gehiago egongo» ikasgeletara itzultzen ez diren bitartean.

Mexikon, 26 milioi inguru haurrek eta gaztek ikasten dute haur, lehen eta bigarren hezkuntzetako 225.000 eskolatan, 1,2 milioi irakaslerekin. Gobernuaren datuen arabera, Oaxacako ikastetxeen %47ek hasi dute ikasturtea normal, hots, estatuko 930.469 ikasleetatik 438.000k klaseak izan dituzte. Chiapasen, berriz, 18.000 eskoletako 1,3 milioi haurren gehiengoak ez du eskolarik izan —eskolen %42 ireki dituzte, gobernuaren arabera—. Eskola publikoak izan dira greba egin dutenak; pribatu guztiek ateak ireki dituzte. Michoacanen eta Guerreron, CNTEk indar handia duten beste bi estatutan, ordea, ikastetxe ia denek eskolak normal-normal izan dituzte —%97k eta %99k, hurrenez hurren—.

Blokeoen areagotzea

Peña Nietoren elkarrizketak eteteko adierazpenen aurrean, Oaxacako CNTEko kide Isabel Garcia Velascok argi utzi du sindikatuaren asmoa: «Ez dugu nahi gehiago galdetu diezaguten ea noiz itzuliko garen klaseetara. CNTEren jarrera argia da: grebarekin jarraitzea. Estatuaren errepresioa ere argia da. Itxarongo dugu ea zein den haren hurrengo pausoa». Astelehenerako, irakasleek martxak antolatu dituzte Oaxacan, eta iragarri dute estatuko 37 errepide berriz blokeatuko dituztela. Gobernuak adierazi du segurtasun neurriak hartuko dituela hori eragozteko.

Chiapasen ere kalera atera dira hezkuntza langileak, eta, Tuxtla Gutierrez hiriburuan eginiko martxa batean, «zentral hidroelektrikoak, findegiak, errepideak eta aireportuak» blokeatuko dituztela adierazi du CNTEk. Beste estatuetan ere egingo dira ekintza horiek, gobernuak aintzat har dezan «irakasleen lan eskubideak» bermatzen dituen hezkuntza proiektu alternatibo bat. Irakasleek gobernuari egotzi diote gatazkak irautearen erantzukizuna, eta esan dute ia ez dutela akordiorik lortu gobernuarekin negoziatzean. Hainbat auzi airean geratu dira, hala nola preso politikoak askatzea eta irakasleei kendutako ordainak itzultzea. Gobernua mugitzen ez den bitartean, blokeoek aurrera segituko dute.

BERRIAn argitaratua (2016/08/23)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA