iritzia
Erretratuak
Lander Garro
Nork bere erretratuen arkitektura dauka, batzuk paratzen ditugu sare-sozialetan eta beste batzuk marko batekin apaindu eta ohe ondoan jartzen ditugu, nahi ditugulako etengabe ikusi, edo nahi ditugulako aldarrikatu, demagun kanpoko jendea etxera datorrenean, harro esateko koadroan dagoen hura dela geuretzat garrantzitsuena, esate baterako geure amona Maria Luisa, edo geure arbasoen baserria, edo osaba Migeltxoren barkua, edo zakurra, edo seme-alabak. Nork bere literatura eransten dio argazkiari, eta nork bere atxikimendu emozionala dauka. Kontu intimoak dira horiek.
Badira beste batzuk, ordea, aitortza herrikoiak direnak, herriak egiten dituenak, nola izate diren presoen argazkiak, paratzen direnak gauaren babesean, oker eta baldar, ziztuan, antsiaz, arduraz, ikaraz eta hunkiduraz. Debekatu zituelako autoritateak. Lehenago bortxaz eraman zituen autoritate horrek berak, geurean dena autoritate kolonizatzaile bat, eraman izan duena jendea galeretara kasik gaua gaua denez geroztik.
Presoak eraman zituzten, eta argazki batek ez du hori konpontzen. Baina ezein erretratuk denboraren logikari desafiatzen dion bezala, presoaren argazkiak gatibutatzen logika desafiatzen du: eraman zenituzten, baina hemen daude oraindik, geure kaleetan, pasatzen den ororen ikusgarri.
Herriak oroitzeko daukan zilegitasuna autoritateak zalantzen jartzea, noski, ez da harritzekoa. Zer ez den erakargarri, izan ere, haiek hezur eta haragi eraman zituzten bezala, haien akordua ere eramatea. Ankerragoa da, ordea, haren akordua, nork ere herriak berak kendu nahi izatea. Zeren eta gaur izango baita niri edo zuri gustatzen ez zaigun horren erretratua, eta bihar izango da beste edonor. Kontua da lehena kentzea, ze, behin hasita, gero etorri daitezke beste asko, eta, oharkabean, etsaiaren lana egiten amaitzen duzu.