astekaria 2016/08/26
arrowItzuli

ekonomia

FERNANDO NEBREDA

«Politika aktiboentzako dirua ia erdira jaitsi da bost urtean»

Jon Fernandez

«Politika aktiboentzako dirua ia erdira jaitsi da bost urtean»

«Oker bat da enpresekin bakarrik lan egitea, baina baita langabeekin bakarrik egitea ere». Fernando Nebredak (Miranda de Ebro, Espainia, 1963) argi dauka tokiko garapen ekonomikoa hiru erpineko triangelu bat dela, eta hiruak lagundu behar direla: langabeak, enpresak eta ekintzaileak. Horixe da, hain zuzen, eskualdeetako garapen agentzien lana. Nebreda Oiartzualdeko agentziako kudeatzailea da, eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako 31 agentzia biltzen dituen Garapen elkarteko presidentea.

Elkarteko agentziek iaz 17.500 langaberi eman zieten merkaturatzeko laguntza, 1.450 enpresaren sorrera sustatu zuten, eta 3.500 enpresari eta 2.900 saltokiri eman zieten zerbitzua.

Kopurua onak dira? Nahi beste jenderengana iristen zarete?

Ditugun baliabideak kontuan hartuta, bai. Udalen apustu argi bat dago inor lan merkatutik baztertuta gera ez dadin. Hori oso inportantea da, ze krisialdi sakon bat egon da, eta, orain, ematen du pixkanaka ateratzen ari garela, baina lana bilatzen ari direnek dute aukera handiena enplegu bat lortzeko. Krisialdietan beti daude kolektibo batzuk bazterketa arriskuan. Horiengana iristea da gure helburu handiena.

Zeintzuek osatzen dute kolektibo hori?

Gazteek eta 45 urtetik gorako luzaroko langabeek dituzte zailtasun handienak lana aurkitzeko.

Trebakuntza, bitartekaritza eta orientazioa eskaintzen dituzue. Hori ez al dagokio Lanbideri?

Enplegu zerbitzu publiko eredugarri batean zerbitzu zentralak daude, Lanbide, eta horiek osatzen dira erakunde kolaboratzaileekin. Bere garaian lortzen genuen finantzaketa, enplegu zerbitzu zentralek emana, baina azkenaldian gero eta murritzagoak dira politika aktiboetara bideratzen diren baliabideak. Egia da krisian gaudela, eta DSBE diru sarrerak bermatzeko errentak baliabide asko jaten dituela.

Orain, Lanbidetik atera nahi dute DSBE.

Duela bost urte arte diputazioen eta udalen esku zegoen, baina Lanbidek bere gain hartzea erabaki zuten. Haren funtzionamendua guztiz blokeatu du, eta badirudi buelta eman nahi diotela orain, baina bost urte galdu dira.

Galdu?

Egiaztapen bat da bost urtean ia erdira jaitsi dela politika aktibora bideratzen den dirua. Horren arriskua da kolektibo batzuk langabezian betikotzea.

Diru gehiago behar da politika aktiboetarako?

Inportantea da esatea orain politika aktiboak behar direla, pixkanaka krisiari buelta ematen ari zaion honetan. Batzuk esaten ari dira enplegu politikarik onena existitzen ez dena dela, nahikoa dela enpresei laguntzea. Hori ez da egia.

Langabeak, enpresak eta ekintzaileak laguntzen dituzue. Zeinek du larritasun handiagoa?

Ikuspegi integral bat izan behar da garapenean. Hau triangelu bat da. Oker bat da bakarrik enpresekin lan egitea, baina baita bakarrik langabeekin egitea ere. Lagundu behar zaie zailtasunak dituzten langabeei lan merkatuaren eskarietara egokitzen, baina lan aukera enpresetan sortzen da. Beraz, enpresak sendoak ez badira, aukerarik ez da sortzen.

Badira euren enpresa sortu nahi dutenak ere. Krisiak aldatu egin al du ekintzailearen soslaia?

Lehen, gazteagoak ziren, 25-35 urte artekoak. Orain, 35-45 artekoak dira. Eskarmentu eta zuhurtasun handiagoarekin ari dira sartzen. Lehen, ekintzaileek errentagarritasunaz hitz egiten zuten, eta, orain, bideragarritasunaz edo iraunkortasun finantzarioaz. Azkenik, ekintzailetza oso fenomeno indibiduala zen orain gutxi arte, baina, orain, elkarlanean ari da oinarritzen.

Zuen laguntza jaso duten enpresa berrien %85ek bizirik diraute hiru urtera.

Inolako laguntzarik gabe martxan jartzen diren enpresen %90 lehen bost urteetan desegiten dira. Azterketa eta aholkularitza izandako proiektuek beti dute aukera handiagoa aurrera egiteko.

Zeintzuk dira, etorkizunera begira, sektore estrategikoenak?

Eskualdez eskualde aldatu egiten dira, baina, oro har, badira batzuk: energia sektorea, turismoa, teknologia berriak, industria kulturala, merkataritza, eta nekazaritzako elikagaien sektorea.

Enpresek zertan behar dute laguntza handien?

Euskal Herrian enpresa oso txikiak daude, eta hori arazo bat da. Horregatik, oso garrantzitsua da lankidetza: txikia bazara, gutxienez, ondo erlazionatuta egon behar duzu.

Zelan errazten duzue elkarlana?

Detektatu egiten ditugu enpresen behar eta nahi komunak, konbentzitu egiten ditugu lankidetzarako, lantaldeak sortzen ditugu, eta dinamizatu egiten ditugu talde horiek.

Eskualdeen arteko lankidetza ere sustatzen duzue?

Bederatzi agentzia ari gara elkarlanean, adibidez, nekazaritzako elikagaien sektorearekin polo bat sortzeko. Oiartzualdean ikusi genuen potentziala: sektoreko 150 enpresa daude. Aukera batzuk aztertu genituen, baina jabetu ginen txiki geratzen zela Oiartzualdea, eta, gainera, markari begira, Basque Country dela ezaguna.

Hori Eusko Jaurlaritzaren eskumena ez al da?

Gu ez gara sartzen eskumenetan. Gobernuak baditu bere programak, badaude enpresa batzuk eta bestelako eragileak, baina horiek denek balio erantsiko proiektu bat osatzeko, norbaitek egin behar du lubrikatzaile lana.

Udalek sortu eta finantzatutako eragileak zarete agentziak.

Inportantea da jakitea udalen apustua dela, eta, orain, inportanteagoa izango da udal lege berriak berariaz aipatzen duelako udalen eskumena tokiko garapenean eta enpleguan. Aitortza oso garrantzitsua da. Jakina, ikusi behar da horren garapena, eta horren isla aurrekontuetan. Eskumen bati ez bazaio finantzabide bat atxikitzen, ez da eskumena mendekua baizik.

BERRIAn argitaratua (2016/08/22)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA