astekaria 2016/08/26
arrowItzuli

gizartea

ADELA GONZALEZ

«Estreinakoz, euskara modu transbertsalean landu dugu»

Ion Orzaiz

«Estreinakoz, euskara modu transbertsalean landu dugu»

Duela urtebete izendatu zuten Adela Gonzalez (Iruñea, 1963) Gazteria zuzendariordea Nafarroako Gobernuan. Ordutik, haren lehentasuna izan da Nafarroako gazteen egoera ezagutzea, diagnostikoa egitea eta proposamenak txosten batean biltzea. Abendurako prest izanen dute.

Zeintzuk dira Gazteria Planaren ildo nagusiak?

150 ekintza barnebiltzen dituen plana da, eta lau ardatzetan sailkatu ditugu: emantzipazioa, garapen pertsonala, sozializazio prozesua eta identitatea, eta aukera berdintasuna. Lau horiek, dena den, elkarri lotuta daude, denak baitira beharrezkoak gazteen garapen integralerako. Alegia, emantzipatu ahal izateko, hezkuntza, enplegua eta etxebizitzarekin zerikusia duten ekintzak garatuko ditugu, baina horri lotuta, baita osasunari, parekidetasunari, kulturari edo gizarte gaiei lotutakoak ere, sinetsita baikaude dena erlazionatua dagoela.

Planaren ezaugarrietako bat transbertsaltasuna dela diozue...

Oso faktore garrantzitsua izanen da, bai planaren garapenean, bai aplikazioan. Bi izan dira, bereziki, era transbertsalean garatu ditugun gaiak: genero identitatea eta euskara. Hala, Gazteria Planean jorratzen diren esparru guztietan aplikatu ditugu genero eta hizkuntza ikuspegia. Bestalde, lehen aldiz, gobernuko departamentu guztiak inplikatu nahi ditugu transbertsaltasunaren aldeko apustuan, baliabideak eta informazioa partekatuz, koordinazio maila handiagoa lortze aldera. Izan ere, gazteei eragiten dieten politikak ez dira soilik Kirol eta Gazteria Institutuan jorratzen ditugunak: etxebizitza, osasuna, enplegua... Politika horien lidergoa, administrazioaren barruan, ez dagokigu guri, baina parte hartu nahi dugu gazteen ikuspegia emanda, eta, alderantziz, auzi horiek Gazteria Planean txertatu nahi ditugu.

Estreinakoz, euskara lantalde guztietan eztabaidatu da. Norabide aldaketa?

Plana ontzeko mahai teknikoak osatu genituenean, Nafarroako gazteriaren egoeraz 2015ean argitaratutako diagnostikoa hartu genuen oinarri gisa, eta hor azaleratzen zen arazoetako bat euskaldunen hizkuntza eskubideena zen. Hortaz, Euskarabidera jo genuen, aholku eske. Haiek erantzun ziguten ez zutela euskararen gaia mahai bakar batera mugatu nahi, nahiago zutela mahai guztietan presente egon. Eta halaxe egin genuen. Bilkura tekniko guztietan txertatu genuen euskararen ikuspegia, izan hezkuntza arloko mahaian, izan osasun arlokoan nahiz enpleguari buruzkoan. Gure helburua baita Nafarroako gazte guztiengana iristea.

Askotan, gazteentzako politikak aplikatzen dira, gazteak aintzat hartu gabe...

Bai. Hasieratik, argi izan dugu plangintza honek gazteen parte hartzea sustatzeko balioko zuela; horregatik, haien iritzia entzun nahi izan dugu: 3.182 inkesta egin ditugu, eta Nafarroako gazteen populazioa kontuan izanda, oso kopuru handia iruditzen zait. Parte hartzaileek jarrera aktiboa erakutsi dute une oro. Lehen fase hori bukatuta, tailerrak ere antolatu genituen hainbat herritan, gaiak zehatzago lantzeko, eta horietan, 120 gaztek parte hartu zuten. Azkenik, mahai teknikoetan, gazteen eskaerak, kezkak eta proposamenak aztertu genituen.

2015eko diagnostikoa aipatu duzu. Zein ondorio nagusi ditu?

Zaila da bat edo beste nabarmentzea, lehen esan dugun legez dena elkarri lotuta dagoelako. Baten bat aipatzearren, langabezia tasa handia da kezka nagusietako bat, baina baita osasunarekin edo parekidetasunarekin lotutako gaiak ere... Hezkuntza alorrean, adibidez, euskal hiztunen kopuruaren hazkundea nabarmentzen du txostenak, eta hori garrantzitsua da administrazioarentzat, unibertsitateko eta lanbide heziketako ikasketen eskaintzak nolakoa behar duen zehazteko tenorean. Enpleguaren esparruan, berriz, gizonek eta emakumeek jasotzen duten soldataren arteko arrakala da aipatu izan den arazoetako bat; baita gazteak kontratatzean enpresek jartzen dituzten baldintzak ere. Azkenik, etxebizitzaren eta emantzipazioaren auzia ere sarri azaleratu da; erantzunez, alokairu soziala sustatzeko neurriak planteatzen ditugu plan honetan.

Gaztetxe eta aisialdi gune autogestionatuei buruz hausnarketarik egin duzue?

Planaren lehen zirriborroan ez zen gaia ageri, baina horren ostean eginiko bileretan azaleratu zen, eta datozen hilabeteetan helduko diogu berriz. Behin betiko txostenean txertatuko dugu.

Asmoak aplikatzeko zailtasunak egonen direla uste al duzu?

Ez du zertan hala izan. Horregatik jarri dugu indarra transbertsaltasunaren kontzeptuan: guk helburu batzuk ezarri beharrean, departamentu bakoitzak ezar ditzala irizpideak, baliabideen eta beharren arabera. Oso erraza da halako plan bat diseinatzea eta goiburu ikusgarriz betetzea: Gazteen langabezia zerora murriztuko dugu, Etxebizitzak denontzat, eta gisa horretakoak. Baina, tamalez, oso ohituak gaude halako helburu handiak betetzen ez direla ikusten. Guk nahiago dugu hitz hanpatuez ihes egin eta xede egingarriak ezarri.

BERRIAn argitaratua (2016/08/20)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA