astekaria 2015/10/30
arrowItzuli

bizigiro

Ihes egitearen plazera

Ihintza Elustondo — Ander Gartzia Badiola

Ihes egitearen plazera

Antzerkia, plazera eta askatasuna gauza bera dira Kattalin Salaberrirentzat (Mugerre, Lapurdi, 1955). Lapurdin, Zuberoan eta Nafarroa Beherean antzerki amateurrak tradizio handia du, eta, zergatik hasi zen oso argi ez badu ere, zergatik jarraitzen duen azaldu du: «Errealitatetik ateratzen ahal zara, baina arriskurik hartu gabe. Beste norbait bilakatzen zara, eta gero, bukatuta, berriz zu bilakatzen zara. Eta horrek ematen du askatasun bat izugarria. Antzerkia da plazera niretzat, bai eta ihes egiteko manera bat ere. Uste dut hori denok behar dugula».

22 urte zituela hasi zen antzerki amateurra egiten, eta ordutik ez da gelditu. Xirristi Mirristi taldean hasi zen, Daniel Landarten gidaritzapean, eta, egun, Mari Bi Sos konpainian dabil. Iparraldeko antzerkiak bizirik dirauela eta hala jarraituko duela uste du Salaberrik: «Herri ttipia gara, baina antzematen dut mugimendua».

Dena den, harremana galdu dela uste du. «Duela 25 urte-edo, biziki lotura azkarrak genituen Hegoaldearekin. Euskal Antzerki Taldeen Biltzarra zegoen, eta maiz elkarretaratzen ginen». Hegoaldeko talde profesionalen berri badu, baina amateurrak badiren ere ez daki. «Beharbada, badira herri txikietan gu bezala ibiltzen direnak, herriz herri, plazaz plaza; nik neuk ez dakit, eta penagarria da».

Baliabide urriekin aritzen dira gehienetan antzezle amateurrak. Hortik bizi ez direnez, ahal den moduan egiten dituzte gauzak, eta, sarritan, baldintza «eskasetan»: entseatzeko aretoak eta ikuskizunetarako antzokiak, maiz, ez dira izaten egokiak. Halere, Salaberri ez da ausartu esatera ez dela aski baloratzen amateur mailako euskal kultura. «Ikusten dudana da bizi dela. Oinarrizko bizia da hori. Nork baloratu behar du? Botere publikoak? Ez. Guk baloratu behar dugu. Eta nola baloratuko dugu? Eginez, hor izanez, sortuz, plazaratuz».

Antzerkia euskaraz egitea, euskaraz bizitzeko modu bat ere bada, haren iritziz. «Kultura bat bizi da, sail ezberdinak bizi baldin badira. Euskaraz behar da kantatu, antzeztu, tindatu, zizelkatu.. Euskara behar da maila guztietan biziarazi». Haren esanetan, elkarrekin doaz euskara eta antzerkia. «Ezin nezake antzez beste hizkuntza batean».

Xalbat Faltxa (Baigorri, Nafarroa Beherea, 1953) 17 urterekin hasi, eta urte luzez antzerkian ibilitakoa da. Jada utzi badu ere, azken obra duela hiruzpalau urte egin zuen, Ander Lipusen zuzendaritzapean. «Zinez berezia» izan zela dio obra horretan parte hartzea, sekula ez baitzen halako «molde berrietan» aritu. Aurretik, Piarres Larzabalen eta Telesforo Monzonen obrak emanak ditu, besteak beste. Orotara, dozena bat obra eginak ditu, kasik guztiak, Eñaut Larralderen zuzendaritzapean.

Gogoan du 1984an Hego Euskal Herrian hamar egunez egin zuten egonaldia; Monzonen Hazparneko Anderea sei aldiz antzeztu zuten. «Biziki oroitzapen onak ditut». Politikoki garai «gogorrak» ziren, eta gizarteari kritika egiten dio obrak, «irri egiteko» moldean.

Antzerkian hasi zenetik aldaketak izan direla azaldu du. Egun, antzerkilari eta idazle berriak daude Iparraldean, eta «indartsu» datozela uste du. Besteak beste, Antton Luku, Pantzo Irigarai eta Mattin Irigoien nabarmendu ditu. Aktoreen lana ere hobetu da, haren iritziz: «Guk, ikusten genuen bezala egiten genuen, edo zuzendariak erraten zigun modura. Ez genuen antzerki eskolarik. Orain, badira talde profesionalak». Dena den, antzerkia profesionalizatu izanak amateurrari ez diola kalterik egin uste du: «Bakoitzak bere lekua badu. Amateurrak segituko du aitzina».

Mari Karmen Borda (Azpeitia, Gipuzkoa, 1948) eta Amaia Garmendia (Azpeitia, Gipuzkoa, 1953) haien herriko Emakumeen Antzerki Tailerrean dabiltza. Borda hasieratik dabil, hamabi urte orotara; Garmendiak, berriz, zazpi urte daramatza. Taldeko bi emakumerik helduenak dira. Probatze aldera hasi ziren, eta ez dute uzterik pentsatu ere egin. «Probatzen baduzu, gero gustatu egiten zaizu, eta harrapatu egiten zaitu», dio Bordak. «Ondo gauden bitartean, eta osasuna baldin badugu, hau eta bestea eta bestea egingo ditugu», gehitu du Garmendiak.

Tailerra Bordaren alabak gidatzen du, Alaitz Olaizolak, eta, hark sortutako obra bat antzezten dute urtero. Azken txanpan dabiltza, azaroaren 14an egingo baitute Punto ta punto antzezlana, Azpeitiko Euskal Antzerki Topaketetan. Nerbioak airean badabiltza ere, gidoia gau eta egun errepasatzen,okerrena oholtzara igo artekoa izaten dela azaldu dute. Gero bukatutakoan, «Bukatu al da? Ze pena!» pentsatzen dute. «Zeure buruari jartzen diozu erronka bat: 'Ea gai naizen!'. Eta gero esaten duzu: 'Ba, bai, banaiz'», azaldu du Bordak. «Eta gustura sentitzen zara.», berretsi du Garmendiak.

Ostiral arratsaldero biltzen dira taldeko bederatzi kideak. «Oso ondo moldatzen gara. Ez dugu inoiz arazorik izan du. Oso ondo pasatzen dugu», dio Garmendiak. Zailtasunak ere badituzte, ordea. Bederatzi taldekide dira, eta bakoitzak bere bizimodua du. Horregatik, sarritan, zaila egiten zaie denak elkartzea, eta datorren urtean ez dakite taldeak jarraitzeko modurik izango duen. «Jarraitzen badu, gu apuntatuko gara. Azpeitian antzerkiak daukan indarrarekin... 12 urte egin eta gero, pena bat izango litzateke».

Kritika instituzioei

Antzerki konpainia antzokitik bota dute. Instituzioen babesik gabe, etxerik gabe utzi dute. Aktoreek barrikada bat eraiki dute antzokiaren ate aurrean, eta Polizia etorri da. Egiazko gertaera izan zitekeen arren, Zapoi antzezlanak kontatzen duen istorioaren sarrera da. «Gaur egun antzerkiarekiko instituzioek eta administrazioek erakusten duten utzikeria salatzen du obrak», argitu du Eneko Sagardoi aktoreak (Durango, Bizkaia, 1994). Durangoko Karrika antzerki talde amateurrak esku artean duen proiektua da Zapoi. Hilabetearen hasieran, sanfaustoetan, estreinatu zuten, hain zuzen.

Zapoi-k azaleratzen duen errealitateari helduta, galderak bata bestearen atzetik bota ditu airera. «Konpainia hori profesionala nahiz amateurra izan, etxerik gabe uzten baduzu, zer sortzen da? Herriak zer galtzen du? Urteetan sortutako lana non gelditzen da?». Hamalau urterekin ezagutu zuen antzerkigintza, eta geroztik, ez da oholtzatik jaitsi. «Neure burua ezagutzeko aukera izan dut, zer-nolako gaitasunak ditudan ikusteko. Hori guztia landu eta gauza berriak aurkitu ditut. Mugak ezagutzen dituzu, eta sormenari eta arteari ere leku bat zabaltzen dio antzerkigintzak. Oso aberasgarria da».

Denbora tarte horretan — zazpi urte—, hainbat konpainiarekin egin du lan, amateurrak zein profesionalak izan. Aste honetan Amodioaren ziega antzezlana prestatzen ari da Nazarte Froufe, Urki Muguruza eta Joana Ocaña aktoreekin batera. Dena den, mundu bi horien arteko muga oso lausoa dela dio. «Bata bestearengandik desberdintzeko, muga objektiboena dirua izan daiteke. Baina kalitate aldetik, ez dago zertan mugarik egon. Profesional izateak ez du ezer bermatzen; ezta alderantziz ere».

Sagardoik beste hainbat aktoreren bide bera jarraitu du, talde amateurretatik profesionaletara jauzi eginez. «Bide naturala da. Mundu amateurrean denok borondatez parte hartzen dugunez, eta asanblada bidez funtzionatzen dugunez, balio batzuk oso presente daude: boluntariotza, asanbladan lan egiteko gaitasun hori... Antzerkigintza maitatzen hor ikasten da. Horrek erreminta batzuk ematen dizkizu, gero etorkizunean modu profesionalean lan egin nahi izanez gero».

Hala ere, ohartarazi du, modu ez profesionalean aritzeak bere arriskuak dituela: «Ahuleziak ditu, noski. Guztiok ez ditugu helburu berak. Helburuak desberdinak direnez, zaila da askotan entseguetarako lotzea. Gainera, konpromiso maila oso ezberdinak daudenez, haserreak sor daitezke». Halere, gauza bat argi du: antzerki amateurrik gabe, ez dago antzerki profesionalik. «Hor sortzen da etorkizuneko publikoa. Herrietara eta komunitate txikietara antzerkia hurbiltzeko modu bat da».

BERRIAn argitaratua (2015/10/29)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA