astekaria 2016/08/19
arrowItzuli

kultura

Suspensearen maisuari jarraituz

Idoia Davila Uzkudun

Suspensearen maisuari jarraituz

Alfred Hitchcock zinema zuzendari britainiarra eta haren emazte Alma Reville gidoilaria Miarritzeko (Lapurdi) aireportura iritsi ziren 1958ko uztailaren 21ean. Vertigo filma estreinatzekoa zen zuzendaria, Donostiako VI. Zinemaldian. Lau egun eman zituzten senar-emazteek Euskal Herrian, eta argazki ugaritan jaso ziren Miarritze, Hendaia (Lapurdi), Donostia, Pasai Donibane (Gipuzkoa), Baiona eta Lourdesera (Okzitania) egindako bidaiak. Pedro Usabiaga Welcome Mr. Hitchcock erakusketako komisarioak Hitchcockek 1958ko uztailaren 21ean, 22an, 23an eta 24an egindako urratsak berreraiki ditu. Gaurtik urriaren 14ra bitarte egongo da irekita erakusketa, Donostiako 2016 Gunean.

Ehun argazki inguruk osatzen dute Welcome Mr. Hitchcock, eta artxibo eta egile ugariren eskutik datoz: Vicente Ibañez, Kutxateka, Paco Mari fondoa, Miarritzeko aireportua, Carlos Saura, Ivan Zulueta, Alvarez familia, Pedro Usabiaga, Paramount, MGM, Espainiako Liburutegi Nazionala eta Baionako Mediateka. Zinemaldiko zuzendari Jose Luis Rebordinosen hitzetan, «Usabiagak egindako lana oso interesgarria da». Pablo Berastegi Donostia 2016ko zuzendariaren ustez, 2016 Gunea pelegrinaje lekua izango da zinemazale askorentzat.

Pertsonaia unibertsala

Suspensearen maisuak, Zinemaldian egon ahal izateko, aste oso batez atzeratu zuen North by Northwest bere hurrengo filmaren grabaketa. Hari horri jarraituz, Hitchcock Miarritzera eraman zuen hegazkinaren argazkiarekin hasten da erakusketa, eta film horren irudi batekin amaitu, zeinean hegazkin bat Cary Grant harrapatzear dagoen. Xehetasun hori salbu, erakusketak egitura kronologikoa du; bidaiaren lau egunak bereizten dira.

Hitchcockek argazkilari bat eta kazetari bat eramaten zituen leku guztietara, eta, horregatik, leku askoren argazkiak ikus daitezke erakusketan, jatetxeak eta elizak batez ere; izan ere, janaria pasioa zuen, eta katoliko praktikantea zen. Hitchcocken argazkiekin batera, 1958. urteko adierazgarriak diren objektuak daude bitrina batzuetan, zinemagilearen bisitaren testuingurua osatzeko. Horrez gain, britainiarrak bisitatutako txokoen argazki batzuk txoko beraren gaur egungo irudiekin alderatu dira: «Leku batzuk nola aldatu diren ikusi ahal izango da», Berastegiren arabera.

Bisitaren hirugarren egunean, kalean zaleekin ateratako argazkiek lekua egiten diote glamour-ari. 1958ko uztailaren 23ko goizean, argazki saio bat egin zuen Hitchcockek Polloeko hilerrian, eta, arratsaldean, Vertigo aurkeztu zuen Zinemaldian. Viktoria Eugenia antzokiko proiekzioan ateratako argazkiak filmeko irudiekin nahasten ditu erakusketak. Hitchcock ere ikus daiteke argazkietan, eskuarekin V bat eginez, filmari erreferentzia egiten. Halaber, Carlos Saura, Roman Polanski eta Barbara Kwiatkowska gazteen irudiak ikus daitezke; Zinemaldian izan ziren 1958. urtean, euren lanak aurkezten. Viktoria Eugenian zegoen publikoaren artean, filma gustuko izan zuen pertsona bakarrenetarikoa izan zen Ivan Zulueta, orduko Zinemaldiko zuzendari Antonio de Zuluetaren semea; emanaldia amaitutakoan, argazki bat atera zien Hitchcock eta haren emazte Revilleri.

Estatu Batuetara itzuli zenean, North by Northwest ekoizpenaren grabaketa zuen zain Hitchcockek, eta Euskal Herria utzi aurretik hitzartuta utzi zuen 1959. urteko Donostiako Zinemaldian film horrekin izango zuen parte hartzea. Suspensearen maisua ez zen Donostiara itzuli, baina Eva Marie Saint aktoreak aurkeztu zuen North by Northwest; aktorearen eta pelikularen irudiekin amaitzen da erakusketa.

BERRIAn argitaratua (2016/08/18)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA