astekaria 2016/08/19
arrowItzuli

mundua

Maparen desegitea bultzatu zuen kolpea

Adrian Garcia

Maparen desegitea bultzatu zuen kolpea

Mikhail Gorbatxov SESB Sobietar Errepublika Sozialisten Batasuna zeneko azken presidentearen ahaleginak guztiz lehertu ziren gaur 25 urte, militarrek emandako estatu kolpeak dagoeneko hilzorian zegoen batasunari azken kolpea eman zionean. 1991ko abuztuaren 19ko kolpearekin SBAK Sobietar Batasuneko Alderdi Komunistako mutur kontserbadoreak Gorbatxoven erreformak geldiarazi nahi zituen, hura indarrez boteretik aldenduz. Kontrako eragina izan zuen, ordea: erabateko hutsegitea izan zen, eta SESBen desintegrazioa azkartu zuen. Urte hartako abenduaren 26an, guztiz aldatu zen mapa, eta hamabost errepublika independentetan banatu zen SESB.

Lurrikara geopolitiko hartako uhinak gaur ere senti daitezke, Gerra Hotzeko superpotentziaren gainbeherak piztutako hamaika gatazka konponbiderik gabe baitaude oraindik. Alor ideologikoan, eredu kapitalistaren gailentzea ekarri zuen, eta sobietar ziren errepublika asko Mendebaldearen blokean ardaztu ziren. Moskuk sufritutako umiliazio hark azal dezake, hein batean behintzat, Vladimir Putin Errusiako presidentearen agintepean herrialdeak nazioartean hartutako norabidea.

1985ean hartu zuen boterea Gorbatxovek, eta, luze gabe, batasunaren ekonomia suspertzeko erreformak martxan jarri zituen, bloke sobietarraren iraupena segurtatzeko. Horretarako, berebizikoa zuen zaharkitutako egitura politikoa eta soziala moldatzea. Bi hitz gakotan laburbil daiteke hark hasitako lana: glasnost (irekiera) eta perestroika (eraberritzea). Independentzia mugimenduak indartzen hasiak ziren, batez ere Baltikoko errepubliketan, eta, haien aldarriak baretzeko asmoz, deszentralizazio prozesu bat ere martxan jarri zuen Gorbatxovek.

Jeltsin, ikur bihurtuta

Baina aurkako muturrek estututa kudeatu behar izan zuen prozesua. Alde batetik, iraganean gotortutako buruzagi komunistak zituen; bestetik, erreformazale sutsuak; eta, azkenik, eskualde bakoitzean boterearen tarta zatia hartzeko irrikaz zegoen elitea. Abuztuko kolpe militarrak hankaz gora jarri zuen dena.

Militarrek indar erakustaldi bat egin nahi izan zuten, eta ibilgailu blindatuak sartu ziren Moskun. Etxe Zuria inguratu zuten, Errusiako Errepublikaren Gobernuaren eta Parlamentuaren orduko egoitza. Haatik, aldaketa haizeek herritarren zati handi bat astindua zuten dagoeneko, eta kolpearen erantzuna aldarri horiek indartsuago oihukatzeko plataforma bilakatu zen.

Boris Jeltsin presidentea izan zen kolpearen aurkako aurpegi nabarmena; Etxe Zurira joandako tankeen gainean egin zuen mobilizaziorako deia: «Errusiako herritarrei dei egiten diet kolpeari erantzun duina ematera».

Urte hartako ekainean irabazi zituen Jeltsinek Errusiako Sobietar Errepublika Sozialista Federatiboko presidentetzarako hauteskundeak, Gorbatxoven hautagaiari gailenduta. Erreformazalea zen Jeltsin, eta Baltikoko subiranotasun mugimenduen aurkako errepresioa kritikatu zuen. Ez zuen Sobietar Batasuna deuseztatzerik nahi, baina Gorbatxoven erreformen kritiko zorrotza zen, eta batasunaren deszentralizazioa bultzatu zuen. Lehia politiko estua zuten bi agintariek aspalditik.

Kolpeak Jeltsinen aldera lerratu zuen balantza. Gorbatxov Krimean atxiki zuten militarrek, eta desagerturik egon zen bi egunez. Jeltsinen tankearen gaineko irudiek, berriz, munduari bira egin zioten, eta milaka eta milaka lagun mobilizatu zituen kolpisten aurka Etxe Zuria defenda zezaten. Leningraden ere —egungo San Petersburgon— izkin egin zioten etxean geratzeko militarren aginduari, eta protesta jendetsuak izan ziren. Indarra galduz joan ziren kolpistak, eta, bi egunen ondoren, tropak erretiratu zituzten.

Politikarako abilezia berezia erakutsi du beti Jeltsinek, eta orduan ere ez zuen galdu kolpeak eskainitako aukera Gorbatxov behin betiko lurperatzeko, eta bere burua salbatzailetzat aurkezteko; bere presidenteordea bidali zuen Krimeara SESBeko agintariaren bila. Abuztuaren 22an itzuli zen Gorbatxov Moskura, baina, sinesgarritasuna galduta, dagoeneko ez zuen herrialdean agintzen. Lau hilabete geroago, dimisioa eman zuen, SESB ofizialki desegintzat emanda. Jeltsinek ordezkatu zuen Kremlinen.

Kapitalismo basatia

Errusiar gehienek ez dute oroitzapen onik Sobietar Batasunaren desegitearen ondorengo garaiaz. Jeltsinek estatu enpresen pribatizazio kanpaina erraldoi bat hasi zuen Errusian, eta beste aldera begiratu zuen ustelkeriaren aurrean. Sistema komunistatik kapitalismo basatirako jauziak gizartea txirotzea ekarri zuen, eta krimen antolatuak goia jo zuen.

Sobietar Batasuna desegiteak Mendebaldearekiko erresumin handia piztu zuen, Gerra Hotza galtzean potentzia komunistaren hutsunea betetzen saiatu baitira Europa eta AEBak, historikoki Moskurenak izan diren eragin eremuetan sartzen. «XX. mendeko hondamendi geopolitikorik handiena» izan da SESBen desegitea, Putinen hitzetan. Nazioarteko jokalekuan Errusiaren garrantzia indartzea izan du obsesio agintariak. Egun, eragile garrantzitsua da Ekialde Hurbilean, Siriako gerran bete-betean esku hartu baitu, eta Damaskoren eta Teheranen gertuko aliatua da.

Sobietar izandako errepublikei Moskuren orbitan eustea berebizikoa du Errusiako Gobernuak. Aliantza politikoen eta gasaren bidez limurtu ditu batzuetan, eta indarra erabiliz presio egin die besteetan. Ukrainako, Georgiako, Moldaviako eta Azerbaijango gatazkek orain mende laurdeneko mapa aldaketekin dute zerikusia. Putinek elkarrizketa batean esana da: «25 milioi errusiar Errusiatik kanpo esnatu ziren egun batetik bestera».

BERRIAn argitaratua (2016/08/18)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA