astekaria 2016/08/19
arrowItzuli

ekonomia

Ur nahasietatik ihesi

Oihan Vitoria

Ur nahasietatik ihesi

Mareak bizi-bizi eta eguzki gosez datoz udan turismoarentzat. Erasoak pairatzeko beldurrak sektorearen menpeko ekonomia ugari jo ditu, eta neurriak hartzera derrigortu. Gatazken albo kalteak larrutik ordaintzen ari dira hainbat herrialdetan, eta ez da gutxiagorako: gaian espezializatutako IPK International erakundearen arabera, turisten %40ren planak aldarazi ditu «mehatxu terroristak» hilabeteotan. Atzerrira joateari muzin egin diote erreserbak eginak zituzten bidaiarien %15ek, eta beste %25ek ustez toki seguruagoen aldeko hautua egin dute azken orduan. Ez kasualitatez: turismoaren olatua bozgorailu gisa baliatzen ari dira erasotzaileak.

Itzal artean, ordea, bada eguzki izpien arrantzan dabilenik. Bonbek uholde bihurtutako itsasgorari zukua atera diote zenbait herrialdek. Turkia, Tunisia, Egipto, Frantzia edota Belgikatik erasoen beldur ihesean dabiltzan turisten aterpe bilakatzen ari dira Grezia, Espainia eta Portugal. Sarraskiaren bi aldeak dira, finean, galtzaileena eta garaileena. Erasoak eraso, bidaiatzeko gogoa izuari gailentzen ari zaiola dio WTTC turismoaren munduko kontseiluak, eta sektorea %3,5 haziko dela.

TURKIA

Erasoek bakartuta

Turkiako kasua da esanguratsuena. Azken hamarkadan munduko seigarren helmuga turistikoa bihurtu ostean, eraso etengabeek hankaz gora jarri dute negozioa. Urte beltza bizitzen ari da turismoari dagokionez. Argigarriak dira datuak: uztail hasierako estatu-kolpe saioak porrot egin zuenetik, %35 apaldu zaizkio joan-etorriak, azken 22 urteotako kopuru apalenaren pare uzteraino. Munduko aireportu jendetsuenetan hamargarrena da Istanbulgo Ataturk, baina Turkiako ate izateari uzten ari zaio; 44 lagun hil zituzten han, bi bonba zartarazita.

Urtero 42 milioi lagun hartzen baditu ere, inoizko uda okerrena pasatzen ari da. Segurtasunik eza dela eta, gero eta bidaiari gutxiago igarotzen dira handik ?hotel asko ez dituzte ireki?, eta ez zaie arrazoirik falta: azken urteko 50 atentatuek herrialdearen ospe txarra areagotu dute, eta hondoa jotzear utzi lehendik gain behera zihoana. 1990eko datuetara itzuli direla deritzo TURSAB elkarteak.

Alemaniako, Frantziako, Erresuma Batuko eta Georgiako bisitariak galdu ditu Turkiak. Baina, bereziki, errusiarrak gutxitu zaizkio (-%92), Turkiak Errusiako hegazkin bat suntsitu ondoren Moskuk lizentziak ukatu zizkielako Turkiara turistak igortzen zituzten agentziei. Tentsio diplomatiko horiengatik, lau milioi bisitari galdu ditu Turkiak iazko azarotik.

Egoerari aurre egin eta sektorea biziberritzeko plan bat iragarria du gobernuak turistak erakartzen dituzten konpainientzat: 78 milioiren laguntzak eta 5.265 euroren pizgarriak. Oso litekeena da, hala ere, aski ez izatea, turismoak pisu handia baitu Turkian: urtero 30.000 milioi sortzen ditu, eta enpleguaren %8 eta BPGaren %12 dagozkio. Horri bankuekin daukan 17.000 milioiko zorra gehituta, sektoreak uste du 7.000 milioi irabazteari utz diezaioketela, eta kostatuko zaiela berreskuratzea. Ukraina, Israel eta Irango turistak erakarri nahian ari dira orain.

EGIPTO

Bost urteko gainbehera

Egiptoko egoerak antz handia du Tunisiakoarekin. Oso urrun geratu dira urtean hamabost milioi bisitari erakartzen zituen garaiak. Udaberri Arabiarrak eta krisi politiko etengabeek ia erdira apaldu dute kopurua bost urte eskasean. Beheraldi horren puntu makurrena nozitu zuen iaz ?bederatzi milioi bidaiari besterik ez zuen erakarri?, eta aurtengo aurreikuspenak ez dira hobeak. Urrian turisten hegazkin bati eraso egin ostean, WTTCk azaldu du hotelen %40 baizik ez daudela beteta. BPGaren %11,4 dagokio sektoreari, baina erasoek pisua kendu diote.

FRANTZIA

Aldapak gainditu ezinik

Uda ezezaguna izaten ari da Frantzian. Azaroko atentatuetatik indarberritzeko zorian zegoela zirudienean ailegatu zen Bruselako atentatua, eta, Eurokopa amaitu bezain pronto, Nizakoa: 85 lagun hil zituzten kamioi batek harrapatuta. Futbol txapelketak arnasa hartzea ahalbidetu zion sektoreari ?hotelek %76raino handitu zituzten sarrerak?, baina ez luzerako. Eraso gehiago nozitzeko arriskuak eta lan erreformaren harira piztutako protesta oldeak herrialdeko negozio handienaren hobekuntza zantzuak zapuztu ditu.

Ile-de-France eskualdean nagusiki, joera hori emendatu ezinik daude. Atzerriko hegaldien joan-etorriak %20 gutxitu dira, eta Parisko hotelen okupazioa ia hamar puntu txikitu da iaztik, %78raino. Areago luxuzkoena: %77tik %32ra. Parisko Ekonomia Behatokiak dioenez, batik bat japoniarrak (-%56) eta errusiarrak (-%35) galdu ditu hiriburuak, Espainiaren eta Portugalen mesedetan.

Gobernuak, berriz, 2020an ehun milioi turista erakartzeko xedeari eutsi dio: «Iaz, atentatuak jasanda ere, 85 milioiren marka hautsi genuen. Lehen helmuga turistiko gisa mantendu behar dugu Frantzia». Adituek, ordea, uste dute Frantziak bi urte beharko dituela normaltasunera itzultzeko. Herrialdeko BPGaren %7 dagokio sektoreari, eta bi milioi laguni ematen die lana.

BELGIKA

Tokiko bisitariak euskarri

Eta Frantziaz esandakoa ia osorik aplika dakioke Belgikari. Martxoko atentatuen osteko ospe txarra ?metroko eta Zaventem aireportuko erasoetan 35 lagun hil zituzten? gainetik kendu ezinean dabil Brusela hiriburua. Hotelen okupazioa %80tik %62ra jaitsi da udan, eta atzerriko turisten %40 galdu ditu. Attractions & Tourismeren hitzetan, halaber, BPGaren %0,1 (mila milioi euro) gastatu ditu eragina arintzeko.

Ekonomia Ministerioaren ikerketak erakusten du sarraskiaren neurria: espero baino 760 milioi gutxiago bildu ditu zergetan. Tokiko turistek eutsi diote sektoreari: haien igoerak lortu du balantza orekatzea eta galera ekonomikoak %25ean uztea. Kalte handiena ostalariek eta merkatariek izan dute. Egoerak taxi gidariei eta zinema aretoei egin die mesede, terrazetan esertzeko eta garraio publikoa erabiltzeko izuagatik; diru sarrerak %6,8 eta%8,4 igo dituzte.

GREZIA

Marka guztiak apurtzen

Mediterraneo inguruko herrialde batzuen ezegonkortasun politiko eta soziala inor baino hobeto baliatzen ari dira Grezian. Corralito-aren finantza mugak alboratuta, markak hausten ari da, eta bederatzi milioi turista hartu ditu urtarriletik uztailera, iaz tarte berean baino 1,5 milioi gehiago (%6,4). SETE Greziako Turismo Federazioak zehaztu duenez, iaz baino %9,1 hegaldi gehiago jaso dituzte atzerritik, eta herrialde barruko joan-etorriak ere %1,6 gehitu dira.

Azken orduko erreserbei esker, urte hasieran jarritako helburua ?%6ko hazkundea? lortzeko atarian dago Grezia. Errefuxiatuen krisiak, hori bai, bete-betean eragin du uharteen turismo joeran: Lesvosen turisten %62,7 galdu dituzte, Samosen %29,7 eta Kosen %15,9. Kezkatuta dago SETE, enpresa turistikoei zergak garestituta ez ote den susperraldia etengo.

Lehen zantzuak, oraingoz, positiboak dira. Iraganeko mamuak atzean utzita, Grezia hasia da hobekuntza ekonomikoak nabaritzen: bigarren hiruhilekoan %0,3 hazi da, turismoaren ekarpenari esker. Turkia, Egipto edota Tunisiatik ihesi dabiltzanak erakarrita espero du Tsiprasek urte arteko tasa negatiboa (-%0,7) iraultzea.

ESPAINIA ETA PORTUGAL

Gainezka egiteko zorian

Mediterraneoko herrialdeen egoerak errotik aldatu du turisten jarioa, eta desafekzio horri etekina atera diote Espainiak eta Portugalek. Herrialdeotako gobernuentzat turismoa da azken boladako poztasun iturri apurrena. BPGaren %11,7 eta %6,5 dagozkie, eta aspaldian ez bezala hazi dira lehen seihilekoan. Espainian %11,7 igo da atzerriko bisitarien kopurua, eta aurtengo balantzean soilik AEBen atzetik da: 70 milioi jasotzea espero du, iaz baino bi milioi gehiago. Salneurri merkeek bultzatuta, dena dela, goia jotzeko zorian dago, eta zenbait hiritan alarmak piztu dituzte jada. Portugalek oraindik badu hazteko tartea: ondo bidean, 10,2 milioi bisitariren langa gaindituko du aurten, Erresuma Batutik, Frantziatik eta Alemaniatik iritsiei esker.

BERRIAn argitaratua (2016/08/18)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA