astekaria 2016/08/19
arrowItzuli

kultura

Fikzioak dezakeen egia

Iñigo Astiz

Fikzioak dezakeen egia

Musika entzun ezin zutenek zorotzat jo zituzten dantzan zebiltzanak». Kasualitatea. Nietzscheri egozten dioten zita hori ekarri du Facebookek gaur Villanueva de los Infantes herriraino. Mantxa da hau, Espainia. 40 gradu daude kalean, eta, herriko informatika dendan, gizon bat aireari ostikoka eta ukabilka dabil. Errealitate birtualeko Vr-Box betaurrekoak daramatza soinean, eta berak bakarrik ikusten dituen fantasmak apartatzeko dira kolpeak. Horma zuriari begira gelditu da; «Neska bat ikusten dut», dio. Irribarrez du denda guztia, eta informatikariak eman du azalpena: «Edozein telefono mugikorrentzat balio dute betaurrekoek, jarri, eta hiru dimentsiotan ikusten dituzu mamu, munstro eta halakoak. 25 euroan saltzen ditugu. Oso ongi daude». Hau da Kixoteren sorterria. Hau da Miguel Cervantes idazleak bere eleberririk ezagunenean aipatu gabe utzi zuen herria. Edo hori diote adituek. Batzuek, behintzat, zeren eta beste batzuek gauza bera esaten baitute Mota del Cuervori edo Argamasilla de Albari buruz. Fikzioaren eta errealitatearen bidegurutzea da hau. Cervantesen heriotzaren laugarren mendeurrenaren harira, Kixoteren lurretara egindako bidaia kronika bat kaleratuko du egunero BERRIAk igandera bitarte, Maite Mutuberriak ilustraturik.

«Mantxa aldeko herri koxkor batean, izenik gogoratu nahi ez dudana, aspaldi ez dela gapare bat bizi zen, lantza altxatokian, adarga zahar, zaldi zingil eta erbi-zakur lasterkari daduzkaten horietarikoa». On Kixoteren lehen esaldia da. Ezaguna. Klasikoa. Unibertsala. Bada, esaldi horretara bidaiatzea da asmoa. Baina zein da leku hori? GPSari galdetu behar lehenik. Badaezpada. Cervantesen esaldia kopiatu bilatzailean. Itxaron. Eta ezer ez. «Akatsa». Akats horretan hasten da bidaia. Izan ere, lau menderen ostean itxi gabe jarraitzen du nobelaren kokapenari buruzko eztabaidak, eta zehazgabetasun hori da Kixoteren bizirik irautearen klabeetariko bat. Zalantza horren gainean eraiki da geroztiko literatura.

«Gu garenaren arabera, gauza ezberdinak esaten dizkigu Cervantesek». Julian Marias filosofoak hitz horiekin azaltzen zuen On Kixotek 1605ean lehenengoz argia ikusi zuenetik hona irakurle, artista, filosofo, idazle eta adituengan eragin duen lilura. Dostoievskiren hitzetan, adibidez, nahikoa zen liburu hau jainkoaren begietara humanitatearen odisea osoa justifikatzeko. Berez, aski sinplea da Cervantesek sortutako trama, baina literatura unibertsaleko harribitxietariko bat da emaitza: egunak zaldun eleberriak irakurtzen pasatzen ditu 50 urte inguruko Alonso Quijano nobleak, eta zoratu egiten da azkenean irakurriaren irakurriz eta lo faltaren ondorioz. Benetakotzat hartzen ditu irakurritako nobela guztiak eta erabakitzen du bera ere zaldun egingo dela. On Kixote izendatzen du bere burua, Rozinante deitzen du bere zaldi iharra, Tobosoko Dultzinea izeneko fantasiazko emakumeaz maitemintzea erabakitzen du, eta abentura bila ateratzen da mundura Santxo Panza ezkutariarekin. Ezagunak dira gerokoak. Errotak erraldoi iruditzen zaizkio, artaldeak gudarosteekin nahasten ditu, bentak gaztelu direla uste du... Eta liburuko Mantxa hura da Mantxa hau. Hemen abiatzen da hori dena. Tira, zehatzago esatearren, hemen nonbait.

Gazteluak haizetan

«Esaten dute hau izan daitekeela Kixoteren herria ez; hau da Kixoteren herria». Cervantesen adituak baino ziurtasun handiagoz mintzo dira turismo bulegoetako langileak Villanueva de los Infantesen. Madrilgo Unibertsitate Konplutentseko ikerlari talde garrantzitsu baten ikerketa dute alde. Ez da ziurra ikerketaren emaitza, noski, baina komeni zaie ziurtasun hori turismo teknikariei. Sasoi lasaia dute uztailekoa, eta beroagatik mortu dirudite herriek bazkalorduan, baina Cervantesen zaldunaren inguruan eraiki dute eskaintza turistikoaren zati handi bat, eta ezin, beraz, zaldunari hala edo hola ihes egiten utzi. Erraz topatzen dira Kixote eta Santxoren eskultura eta irudiak horregatik, eta denda eta tabernetan etengabeak dira liburuari egindako erreferentziak: Cervantes ostatua, Kixote benta, Dultzinea gozo denda... Ezin guztiz bereizi zer den kitsch hutsa eta zer omenaldi sentitua, baina edozein kasutan ere, ederra da ondorioa: fikzioek mugi ditzakete errealitateak. Eraiki daitezke gazteluak haizetan.

Hipotesi zientifiko bat: gurutzatu ahalko litzateke iberiar penintsula alderik alde Cervantesen edo Cervantesen pertsonaien izeneko kale eta plazak soilik zapalduz? Gurutza daiteke errealitate fisiko bat literatura soilik zapalduz? Hemen handia da tentazioa geografia ofizialaren azpitik geografia ezkutu bat bilatzeko. Sarbide sekretu bat. Antzeko aurkikuntza bat deskribatzen du John Cheever idazlearen Igerilekua ipuinak. Igerilekudun lagun batzuen etxean dago protagonista egun-pasa, eta bere etxerako buelta igerian egitea erabakitzen du. Igerilekuz igerileku. Lorategiz lorategi. Igeri etxeraino. Froga egin nahi du, behintzat, narratzaileak kontatzen duenez. «Aurkikuntza bat egin zuen. Ekarpen bat geografia modernoari, eta emaztearen omenez Lucinda deitu zuen [igerilekuz osatutako] erreka hura». Indartsu hasten du bidea protagonistak, baina ilun amaitzen da ipuina, azkenean. Nora heltzen dira Cervantesen kale horiek guztiak? Itzul daiteke etxera Cervantesetik Cervantesera? Etorkizuneko ikerlarientzako proposamena: zinez aberatsak dirudite ikerketa ildo honetan sakontzearen emaitza zientifiko zein literarioek.

Paperezko sortetxea

«Jose, emaiozu argia koadroari». Oihartzun egin du Argamasilla de Albako eliza hutsaren ilunpetan 70 urte inguruko Maria Jose Torres Charcosen deiadarrak. «Banoa, banoa», erantzuna sakristiatik, eta segundo batzuen ostean, azkenean, piztu da bonbilla. Apaiza laguntzen aritzen da Torres Charcos bertan, eta ez du zalantzarik batere: bere herria da Kixoteren sorterria. Argamasilla de Alba. Herri hau. Hiru dira hipotesi hori defendatzen dutenen argudioak. Lehen froga: herrian zerga biltzaile zebilela egindako tranpa bategatik preso hartu omen zuten Cervantes, eta Kixote idazten hasteko baliatu omen zuen zeldako egonaldia. Kartzela izandakoa bisitatzeko aukera ere badu, gainera, bisitariak. Bigarren froga: liburuko hitzaurrean herriko akademikoei egiten die erreferentzia burlatia idazleak. Eta hirugarren froga: elizako koadroa. Kixoteren pertsonaia inspiratu omen zuen Rodrigo Pacheco zoroaren irudia ikus daiteke bertan. Baina denak dira suposizioak. Omen, omen eta omen. Benetan ez dago hipotesiotako bakar bat ere ziurtatzerik.

Beharrik ere ez herritarrek. Zalantza izpirik gabekoa da Torres Charcosen azalpena elizan: «Sanson Carrasco batxillerraren etxea da nire sortetxea». Andreak naturaltasun osoz barneratu du umetatik normal-normal uztartu daitezkeela Cervantesen liburuko pertsonaietariko baten bizitza eta berea.

Dokumenturik ez, ziurtasunik ez, baina hori dio tradizioak. Academicos kaleko lehenean bizi izan zela Sanson Carrasco pertsonaia, eta etxe horretan jaio zen Torres Charcos. «Zazpi familia bizi ginen etxe hartan. Etxe guztietako sukaldeko leihoek patiora ematen zuten. Bota egin zuten gero, baina etxea erraldoia zen. Pintore asko etortzen zen hura margotzera, hura delako Kixote-n agertzen den etxea. Gure familian denok irakurri dugu liburua; nik neuk, adibidez, bai, gertatzen dena da memoria txarra dudala. Carrasco hori gure arbasoa zen, zer edo zer badugu oso urrunekoa harekin». Udalari saldu zioten etxea urteekin, eta zimenduak baino ez ditu bistara orain. Zahar zegoen, eta bota egin zuten. Museo bat ireki nahi dute orain, eta lanean dabiltza bertan langileak. Bizi du gogoan eraikina Torres Charcosek, halere. «Begiak itxiz gero lehen zegoen bezal-bezala ikusten dut. Hor daude nire haurtzaroko oroitzapen guztiak. Asko gogoratzen naiz etxe harekin».

Fikzioa eta historia

Fikzioa eta errealitatea. Historia eta ipuina. Uste baino lausoagoak dira maiz mugak. Anne Carson poetak historiaren aitatzat kontsideratzen den Herodotoren kasua aipatzen du, esaterako, Nox liburuan. «Beste ezeren gainetik gizakiek egiten dituzten gauzekin liluratuta geratzeko prozesu bat da Herodoto irakurtzea. Eta argi uzten duenez, alde handiz historia da gizakiek egiten duten gauzarik arraroena. Galdetze hori. Zeren eta maiz ez du kontakizun argi edo lagungarririk eskaintzen; areago, gizakiek maiz aski dute erantzun klaserik arraroenarekin». Historialariak szythiar herriaz kontatzen duena jartzen du horren adibidetzat Carsonek. Populazioa zenbatekoa den deskubritu nahi du Herodotok: «Zenbat zarete?». Eta ontzi erraldoi bat seinalatzen diote szythiarrek. Ontzi hori da haien erantzuna. Izan ere, herritar bakoitzari eskatutako gezi puntak urtuz sortu omen zuen ontzia Ariantes erregeak, eta ontzi hori da, beraz, herria. Ontzia deskribatzen du Herodotok populazioa deskribatzeko. Zer egin bestela? «Erraz isur ditzakezu 600 anfora szythiar ontzian, eta sei hatzeko sendotasuna du metalak». Antzera Mantxan. Galdetu beren herriaren historiaz, eta Kixoteren liburura egiten dute keinu hainbat herritarrek. Harro guztiek, erdi harro eta erdi eszeptiko beste batzuek.

Lau mende dira Cervantesek bere zalduna sortu zuenetik, eta liburua haiei buruz mintzo dela sentitzen dute Mantxako herritarrek oraindik. Badezake fikzioak hori baino egia handiagorik?

BERRIAn argitaratua (2016/08/15)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA