astekaria 2016/08/19
arrowItzuli

mundua

Bi mila eta hamaika gehiago

Amagoia Mujika Tolaretxipi

Bi mila eta hamaika gehiago

Ia berrogei urteko borrokaren lekuko, Etxe Arrosaren aurreko Maiatzeko Plaza, Maiatzeko Piramidea, Buenos Airesen. 2.000. osteguna. Berriz ere han 1977tik, ostegunero bezala, baina aspaldian izan den jendetsuena bilakatu da azkenekoa. Mauricio Macri presidenteari zor zaio meritua, neurri handi batean; izan ere, milaka herritar bekaiztu ditu, gutxiesten ari baita 1977tik 1983rako diktaduran desagerrarazitakoak eta justizia, memoria eta egia eskatzen dutenak. Horregatik, 2.000.a Macriren kontrako aldarrikapen sutsua izan zen, Hebe de Bonafini Maiatzeko Plazako Amen presidentea buru.

Bonafiniri bi seme eta erraina desagerrarazi zizkioten, eta, orain, 87 urte dituela, milaka seme-alaba galduen ama eta amona dela dio: «30.000 desagerrarazi, 15.000 fusilatu eta 8.900 preso. Ez dago munduan gu bezalako emakumerik, horrenbeste seme-alaba maite dituenik, horrenbesteko ardura duenik. Pisua da horrenbeste seme-alaba eramatea gainean, baina zoragarria, hain bakana... Haiek maitatzen eta defendatzen jarraituko dugu», esan zuen, hitzaldi hunkigarri batean.

Ez du beldurrik mespretxuz ari direnei gogor erantzuteko. «Aberri honek, gure aberriak, aldarrikapen bat zor die desagerrarazitakoei, baina plaza asko bete beharko ditugu haiek izan zirena aldarrikatzeko, kaka asko estaltzeko dutenek beste gauza bat izan zirela erakutsi nahi baitute, baina hemen egongo gara, nor ziren gogorarazteko».

Macrik protestaren bezperan komunikabide batean esandakoen erantzuna izan zen hura. Elkarrizketa horretan dioenez, presidenteak ez daki «9.000 edo 30.000» ziren diktaduran desagertutakoak. «Ez naiz sartuko eztabaida horretan. Harresi batean zenbatuta daudenak diren, edo askoz gehiago. Gerra zikina tragedia izugarria izan zen, gure historian gertatu den gauzarik okerrena, eta kontua ez da zenbaki bat». Biktimei gertatutakoa aitortu behar zaiela uste du presidenteak, eta garrantzitsua dela gertatu dena, baina «lehentasuna XXI. mendeko giza eskubideen alde lan egitea da».

«Gerra zikina» izan zela esateak ere soka luzea ekarri du, estatuaren genozidioa zuritzeko erabili izan baita Argentinan termino hori. Estela de Carlotto Maiatzeko Plazako Amonen presidenteak eta Adolfo Perez Esquivel Bakearen Nobel saridunaren erantzunak berehalakoak izan dira. «Gerra zikina?», galdegin du De Carlottok: «Hau ez zen gerra zikina izan, ez zikina eta ez garbia. Estatu terrorismoa izan zen».

Adolfo Perez Esquivelek ere «gerra zikinaren zinismoaz» jardun du: «Ez zen gerra zikinik egon. Segurtasun Nazionalaren Doktrinak ezarritako errepresio basatia baizik. Presidenteari gomendatzen diot giza eskubideei eta duintasunari buruzko ikastaro bat egin dezala».

Baina Macrik ez du ulertzen zertara datorren horrenbeste zalaparta. Azkenaldiko protestak «bere onetik ateratako» pertsona baten burrunba direla uste du, De Bonafinik etxean behar lukeela.

Joan den astean De Bonafini atxilotzeko agindua eman zuten, ustez etxebizitza sozial batzuetarako estatuko dirua bidegabeki erabiltzeagatik deklaratzera joan behar baitzuen, beste 40 pertsonarekin batera. Ostegun goiza zen, baina ez zen deklaratzera joan. Amen egoitzara joan zitzaizkion poliziak atxilotzera, baina jendetzaren artean atera eta joan zen, arratsaldean, Maiatzeko Plazara, osteguneroko hitzordura. Uste du amen eta amonen borrokari prestigioa kentzeko mugimendua dela.

1997ko apirila

Baina De Bonafinik ez du etxean geratzeko asmorik, «orain inoiz baino gutxiago, ez baitut ezer galtzeko», 1977tik arrazoirik galdu ez duten bezala. Urte hartako apirilean Jorge Rafael Videla de facto-ko presidenteari azalpenak eskatzera joan ziren hamalau emakume Etxe Arrosara. Maiatzeko Plazan ezarri ziren, protestan, bai baitzekiten ez zela egongo Videlaren entzunaldirik. Hala ere, diktadurak ezarria zuen setio egoera, eta hiru pertsona baino gehiagoko taldeak debekatuak zeuzkan. Poliziek emakumeoi jakinarazi zieten ezin zutela gobernuaren etxearen aurrean egon, eta, hori dela eta, binaka Maiatzeko Piramideari buelta ematen hasi ziren, plazaren erdian dagoen monumentuari. Herenegun 2.000. itzulia eman zioten haien artean bizirik dauden emakumeek, eta milaka pertsona gehiagok.

«30.000 lagun desagertu, presente», oihukatu zuen De Bonafinik, 1977an plazan zeuden Nora Cortiñas y Mirta Baravalleren ondoan. Urratsez urrats, bidea irekiz joan ziren, eta haiek laguntzen zituen beste emakume batek, isiltasuna urratuz, banan-banan desagertutakoen izen-abizenak oihukatzen zituenean. «Presente!» erantzuten zuten milaka lagunek.

Hiru itzuli handi egin ondoren, ostegunero bezala, Amek, megafonoa eskuan, amaitu zuten protesta, eta gaur egungo egoera zailari buruz hitz egin zuten, baina argi berretsiz hauxe: «Ez diegu beldurrik».

Diktadurako zibilak

Beldurrik ez, baina badute kezka; izan ere, gertatutakoa ikertzeko azken urteotan egindakoa geratzeko arriskuan dira Argentinako agintari berriak. Atzo bertan, hamar urtean Giza Eskubideen Idazkaritzan Saiegh auzia ordezkatu duten abokatuek esan zuten ez dutela aurrera jarraituko, Claudio Avruj idazkariak agindutakoa zela argudiatuz. Era horretara, Macriren gobernuak gizateriaren kontrako krimenetan parte hartu zuten zibilen auzirik handienetakoa baztertu du.

Auzi horretan akusatu nagusia Alejandro Raynal da, Banku Zentralaren presidenteorde izandakoa 1979 eta 1981 artean. Raynali leporatzen diote, orduko Ekonomia ministro Jose Alfredo Martinez de Hoz zenarekin batera, Eduardo Saiegh bahitu izana, Banku Latinoamerikarraren jabea. 1980an bahitu zuten, eta, aske utzi baino lehen, bere bankuaren likidezia eskatzera behartu zuten. Saiegh torturatu zuten astean Australeko akzioak ere likidatzera behartu zuten. Mailegu bidez lortu zituen akzio haiek. Berreskuratutako dokumentuetan ageri denez, Macri eta Blaquier familien Socma enpresari eskaini zizkioten. Ez zen akordio ekonomikorik izan, eta estatalizatu egin zuten. Konpainiak saltzera behartu zituzten enpresarien bahiketa eta tortura praktika ohikoa izan zen. Duela gutxi arte, 600 kasu baino gehiago ikertzen ari zen estatua.

BERRIAn argitaratua (2016/08/12)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA