astekaria 2016/08/12
arrowItzuli

iritzia

Baina hik beti jai

Maider Galardi

Baina hik beti jai

Uztailaren hasieratik daramat bekadun kazetari moduan. Sekula albiste bat idatzi gabekoa izanda, pazientziaz eta ilusioz heldu nion lan berriari. Hala jarraitzen dut hilabete beranduago, bulegoan eserita, grabagailua eskuan edo elkarrizketa bat egitera bidean, ilusio handiz eta ikasteko gogoz.

Pazientziak, ordea, baditu mugak eta uztaila hasi zenetik apurka apurka amaitzen ari da nirea ere. [...] Lanean egonagatik, herrietako festek badute oihartzuna erredakzioan. Tamalez, ez soilik jaiei dagokien atalean. [...] egitarauan zirrikitua bilatu dute beste bi gertakarik; gauez edo goizeko ordu txikitan jazotako sexu erasoek eta hurrengo arratsaldeko erantzun feministak. Erasoen aurkako protokoloak ere bai, noski.

Harrigarria litzateke tankerako zenbat albiste gehiago idatzi beharko genituzkeen mugimendu feministak horrelako lanketa dotorea egingo ez balu. [...] Etsigarria ia egunero antzeko albiste bat idaztea. Ziur, biharko albistea idazten asmatuko genukeela, herria eta ordua aldatuz, asko jota. Ukituak, bortxaketak, jazarpena, irainak, piropoak, lizunkeria. Eta bihar berriro: Iruñea, Baiona, Barañain. Tartean hilketa bat; Bilbo. Lizarra, Gasteiz, Donostia, Leitza. Noiz izango da hurrengoa?

[...] Ez ezetz da. Baina hala ere, hik jai eta nik (guk) lan. Protokolo, autodefentsa tailer, pareta enpapelatu, manifestazio eta ekintza zuzenak egin arren, hik jai. Hik jarraitzen duk gaueko errege izango bahintz bezala emakumeak begiradarekin biluzten. [...] Eta uste duk hire beharra diadala etxera joateko. Pentsatzen duk munduko eskubide guztia duala ni trago batera gonbidatzeko. Eta ezetz erantzuten diadanean ez duk ulertzen. [...] Festa giroan dena posible duala uste duk. Aizan zergatik ez dun nahi? Piropo bat gero, ukitu bat ondoren. Ez ezetz duk, ostia.

Baina hik beti jai. Bihar, berriz albiste berdina idatzi beharko diat. Bihar, guk lan, bihar elkarretaratzea, bihar asanblada. Baina hik, hik bihar berriz festa.

Jakin ezak beldurra aldez aldatu diagula, eta oraingoan, oraingoan hik izango duk gurekin jai.

BERRIAn argitaratua (2016/08/11)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA