astekaria 2016/08/12
arrowItzuli

iritzia

Jatorrizko izenburuak direla eta (II)

Lander Garro

Jatorrizko izenburuak direla eta (II) Lander Garro

Ez nuen uste izenburuak idazteko moldeari buruz atzo plazaratu nuen iruzkinak sarean izan zuen segida izango zuenik. Izan ere, gaiari heldu beharrean, azkenean ika-mika beste leku batera lerratu zen, nire testuan «erdara» eta «gaztelania» nahasi nituelako nahi gabe. Kontua da, nahasmen horretatik hasi zela baten bat neuk gaztelaniaz pentsatzen dudala salatzen, gaztelaniaz pentsatzea, auzi honetan, kontu erabakigarria balitz bezala. Izatez, Oreretakoa, hots, Renteriakoa naiz ni, etorkinen auzo obrero batekoa, Pontikakoa, non, portzierto, erdara eta gaztelania euskaldun orok nahasten ditugun hitz egitean (euskaldun ez jatorrak eta, gainera, ateoak garelako). Ez daukat ez lotsarik ez damurik, kontrakoa ez bada, han jaio izanagatik, are han jaio arren euskara ikasi dudan bezala ikasi izanagatik. Neure etxean gaztelania izan da nagusi, eta hala hazi izan naiz ni, erdaraz. Hala ere, euskaraz idazten dut, eta euskaraz bizi naiz. Batzuetan gaztelaniaz hitz egiten dut, eta finolis banabil, frantsesez. Pentsatu, bestetik, euskaraz pentsatzen dut, baina zaudete lasai, gaztelaniazko pentsamenduak etortzen zaizkidanean bi Ave Maria errezatzen ditudalako Larrunera begira.

Kontua, ordea, ez da neuk zein hizkuntzan pentsatzen dudan, ezta Joseba Sarrionandiak edota Ruper Ordorikak zein hizkuntzan pentsatzen duten ere. Kontua ez da geuk zein abilidade daukagun hizkuntzarekin, kontua da detektatzea zein herritan bizi garen, eta biztanle arruntak zein abilidade daukan. Detektatzea euskal hiztunek eta euskarazko prentsa erosten dutenek (larriki urriak kopuruari dagokionez) zein neurritako trabak pairatu behar dituzten hala jarduteko, eta ez ote genukeen, tarteka, milurtekoan behin, jazarpen linguistikoa erlaxatu behar, soilik erlaxatu, geure hedabideak garbiak eta zuzenak ez ezik, errazak, erosoak eta arinak izan daitezen, alegia, balio dezatela, baita ere, entretenitzeko, eta ez eredua markatzeko, modu horretan, euskarazko komunikabideen inguruko fauna eta flora ugarituz. Hortaz ari naiz, erabiltzailea zaintzeaz eta erabiltzaileari bizitza, asko ez bada, pittin bat errazteaz, ze, onar dezagun: zailak, nahasiak eta patologikoki pedanteak gara. Eta komunikabide baten funtzioa, ez da, horrenbeste, hizkuntza bati hesi higieniko bat jartzea edo zuzentasunaren kanona ezartzea, baizik eta komunikatzea.

BERRIAn argitaratua (2016/08/10)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA