astekaria 2016/08/12
arrowItzuli

kultura

«Oso erraz jartzen den medaila bat da feminismoarena»

Ander Perez

«Oso erraz jartzen den medaila bat da feminismoarena»

Elkarrizketa bukatu berritan aitortu dio kazetariari Sustrai Colinak (Urruña, Lapurdi, 1982) elkarrizketari uko egitekotan egon zela. Ingurukoek bultzatu zuten azkenean baiezko erabakira. Denbora zeraman genero zapalkuntzaren bueltan hausnarrean, barrukoa askatu nahi eta sarri askatu ezinean, eta solasaldi hau aukeratzat baliatzea proposatu zioten. Horregatik mintzo da gogoz gaiaren inguruan, kezkaz eta barrenetik.

Ez da gauza berria: bere zailtasun eta oztopo guztiekin, bidea egin du denboran genero ikuspegiak, diskurtsoak eta borroka feministak, eta bereziki nabarmendu da azken urteetan. Olatu horrek, gehiago ala gutxiago, gizarteko eremu gehienak zipriztindu ditu, eta, Colinak dioenez, «bertsogintza ez da hortik aparte geratu». Hortik bizi izan du —bizi du— berak gaia, eta ez edonola, gainera: «Jakin-minez, interesez eta nire kontraesan guztiekin bizi izan dut». Hain justu, kontraesanek, «bizitzako jarreraren eta oholtzako diskurtsoaren arteko amildegiak» bultzatu zuen Colina kontzientziazio eta gogoetara. Ez zen klak jakin bat izan, ez une bateko inspirazio dibinoa, pilatutako kezken higadura baizik.

Aukeraketa bat agertu zitzaion begi parean. Aukeraketa bat, eta hautatu beharra: «Bi soluzio daude: kontraesanen jabe egin eta horiek kudeatzen saiatzea, edo ez ikusi egin, une batean esku artean lehertu arte». Bietan lehena aukeratu zuen, eta, orain, gogoeta eginda, «aberasgarria» egiten zaio ahalegina; izan ere, «oso interesgarria da zure konfort eremutik atera eta betiko gaiei beste ertz batzuetatik begiratzea». Begiak irekitze horretan, «oso eskertuta» mintzo da Colina, eta bertsokide emakumezkoei eman dizkie eskerrak: «Arrastoak eman dizkigute guk ere geure burua kokatzeko; kontraesanak erakutsi dizkigute; interpelatu gaituzte, baina, era berean, gero ez gaituzte utzi lokatzetan itotzen».

Titulu bat jaurti du airera Colinak, eta segituan ohartarazi du zentzurik gabekoa eman dezakeela, baina badu, bai, bere zentzua: «Nik lurraldetasunetik asko enpatizatu dut feminismoarekin». Gero dator, badaezpada, esandakoaren azalpena: «Entzuten nituenean nire bertsokide emakumezkoen kezkak, nik lurraldetasunaren espektrotik bizitako egoera asko ikusten nituen: ni ere izan naiz bertsolari bakarra, ni ere izan naiz zerbaiten ordezkari, niri ere jarri dizkidate gaiak Iparraldeari buruz —eta ematen du kantatu behar duzula Iparraldeko jende guztiak pentsatzen duena—, niri ere gogorarazi didate etengabe Iparraldekoa naizela». Era horretan, «kuriosoa» egin zaio antzeko egoerak «beste nonbait» topatzea. Eta, gainera, «beste nonbait horretan, jende batek soluzioak zeuzkan».

Botere harremanez gogoetatzeko balio dio esperientziak, desorekaz ohartzeko, pribilegioetan bizi denaren eta zapaldua dagoenaren arteko amildegia bere larruan konprobatzeko: «Hegemonian ez zaudenean, sentsibilitatea eskatzen diozu hegemonian dagoenari, baina, hegemonian zaudenean, zuk ere erakutsi behar diozu sentsibilitatea hegemonian ez dagoenari. Niretzat oso inportantea izan da konturatzea batzuetan zu ere bazarela hegemonikoa». Lehen pausoa izan liteke hori, ezinbestekoa, baina ez horregatik zailena. Kontzientzia metodo bihurtzea dator gero, diskurtsoa praktikan urtzea, ekitea. «Pausorik zailena» da hori. «Iraultza guztietan planteatzen den galdera da: zer uzteko prest zaude? Esku zarenean kartak nahasteko prest zaude, edo ez?».

Posizioan datza kontua. Marraren zein aldetan egon, eta zer borondate izan muga pasatu edo pribilegioen aldean goxo geratzeko. Gizon gisara, Colinak badaki toki hegemonikoan dagoela. Besterik da bat egiten ote duen posizio horri lotu ohi zaion maskulinitate ereduarekin: «Argala naiz, musu-zuria, eta ez dut bereziki ahots fuerterik. Ez dut pururik erretzen, eta afalostean ez dut normalean koparik edaten. Komentario tipiko bat izaten da: 'Motel, ez al dek jaten? Gaixo kolorea daukak'. Grazia ere izan dezake, baina argi dago maskulinitate eredu edo estereotipo bati erantzuten dion umore klasea dela».

Ez da min kontua— «norbaitek esaten badit eskeletikoa naizela, ez dut minik hartzen»—, baina kontziente da halakoak ez direla ezerezetik sortzen. Ez dira kasualitate, eraikitako eredu baten isla baizik. Eta, eraikitzen, horientzako erantzunak eraikitzen ere ikasi du: «Badakit esango didatela. Zer egin dezaket? Haserretu naiteke, neure buruari barre egiten ahal diot, zalantzan jar dezaket eta esan haren eredua ez dela bakarra... Pista asko dago, baina pista horietaz kontziente izaten lagundu dit honek guztiak».

Kazetariak ihardetsi dio orduan, zirikatuz: «Hori ez zen beti hala izango. Zuk ere erreproduzituko zenuen eredu hori, behin baino gehiagotan». Eta zintzo Colina: «Horixe baietz! Eta gaur egun ere erreproduzitzen dut, nahi gabe ere segur aski. Nik ere sartzen dut hanka, etengabe. Baina saiatzen naiz , norbaitek esaten didanean edo ni neu konturatzerakoan, ez erreproduzitzen».

Haritik tiraka, adibide zehatz baten bila egin du jauzi elkarrizketak, eredu ezarriak noiz erreproduzitzen diren eta noiz ez aztertzeko. Noiz modulatzen den maskulinitatea, eta noiz hartzen den jarrera bat edo bestea, ingurua zein den. Bertso-gai forma har lezake adibideak, kazetariak hala planteatuta: «Gizon zaharrez betetako sozietate batean kantatu duzu bart gauean. Gaur, frontoi bateko saioan zaude, eta bi emakume daude bertsolarien artean. Aldatu al da zure jarrera?». Eta luze bertsolariaren erantzuna: «Gaur egun, bi saio horien artean dagoen diferentzia ez da hain arketipatua edo estereotipatua niretzat. Nik kezka bat daukat bertsoetan ari naizenean, eta kontua da, aldagai eta baldintza horien guztien arabera, nire mezua, nire izaera eta agertu nahi ditudan ikuspegi eta ertzak komunikatiboki ahal bezain modu eraginkorrean ematea. Gerria eta bista izan behar da, dardoak jopuntuan jo dezan. Ez zara xehetasun beretik abiatzen mutilzaharrez betetako soziedade batean edo publiko ezberdineko frontoian. Aldagai asko daude, eta zuk bete nahi duzun helburua betetzeko bideak oso ezberdinak izan daitezke».

Bertsoetako gaiak

Gaiena izan ohi da genero ikuspegitik bertsolaritza aztertzeko erabilitako aldagaietako bat. Oro har, maskulinotzat hartuak ohi diren gaiak etengabe eta ia oharkabean jorratzen direla salatu izan du hainbatek. Askoz urriagoak direla femeninotzat hartutako gaiak eta horiei buruzko umore, erreferentzia eta diskurtsoak.

Gauzak horrela, hilekoari kantatzeko gonbita jaso du Colinak solasaldian, eta eutsi dio erronkari: «Nik problemarik gabe kantatuko nioke hilekoari; topatuko nuke zeresana, bertsoak aukera asko ematen ditu eta: emakume baten rolean kantatzen saiatzea litzateke bat, gizonezko baten rolean ere bai; kantatzen ahalko nuke azken hilabetean gurean ez dela hilekorik jaitsi eta oso pozik gaudela... Nire eguneroko bizitzan, nahiz eta gizonezkoa izan, askoz presenteago dago hilekoa Espainiako prentsa arrosa baino, eta Espainiako prentsa arrosari buruz kantatzen ikasi behar izan dut, nahiz eta ez zaidan piperrik interesatzen». Edonola ere, aitortu du halako gaiekin «oso ongi esplikatzen ez dakigun barre urduri bat ateratzen zaiola publikoaren zati bati». Eta termometroa izan liteke hori, gauza asko esplikatu baititzake barre txiki bakar batek.

Ez da, halere, kantitate kontu bat bakarrik: ez da zenbat gai kantatzen diren mota batekoak eta zenbat bestekoak, ezpada nola jorratzen diren. Gai batzuek neutroak eta naturalak dirudite; emakumezkoen gaiak lantzeak, berriz, aldarri kutsua hartzen du askotan, gaia azaleratze hutsak kontsigna bihurtuko balu bezala. Esplikazioa bilatu dio Colinak egoerari: gai batzuek jendearen artean sor dezaketen «enpatxua». Dioenez, «gizonezkoen futbolari buruz egun osoan hitz egiteak ez dio jendeari enpatxurik sortzen —eta jendea diodanean sistemaz ari naiz—. Emakumeen gaiak kontsideratzen diren horiek bi aldiz aipatu, eta entzun behar izaten den komentarioa da 'Badatoz hauek betiko matrakarekin '. Hori gaitz izugarria da».

Ideologia ala arrakasta

«Bikotea zarete, eta....». Bertso saio eta txapelketetako gai tipikoa izan ohi da. Eta sarri gertatu ohi da, gaian zuzenean espezifikatu gabe, bikote heterosexualaren larruan jartzea bi bertsolariak, biak, adibidez, gizonezkoak izanda ere. Halaxe planteatu dio kezka kazetariak Colinari, baina hori aldatzen ari dela uste du berak. Are, kontrako joera batekin erantzun du bertsolariak: «Orain antzematen dut gai horretan, askotan, bertsolariek kantatzen dutela bi gizonezkoen rolean, baina, noski, zu gizonezkoa zarenez, askotan hain duzu garbi zeure burua, ez baituzu markatzen gizonezkoa zarenik. Eta askotan irudipena dut jendeak gizon baten eta emakume baten arteko elkarrizketa entzuten duela, nahiz eta zuk ez duzun pentsatu emakume bat zarenik».

Aurrez eraikitako usteekin du lotura horrek, estereotipoekin, eta topikoekin. Bertsolaria saia liteke hori hausten, joera nagusia alboratu eta eredu alternatiboak indartzen, baina publikoarekin ez komunikatzeko arriskua ekar lezake horrek, topikoek komunikazioa bermatu ohi baitute. Ideologiaren eta arrakastaren arteko lehian, Colinak, ordea, argi du: «Ez daukat beldurrik txaloak sakrifikatzeko. Ni konbentzitua banago hori dela kantatu behar dudana, hori kantatuko dut». Eta, halere, ez die topikoei uko egin nahi: «Topikoena gudu zelai bat da. Nire ustez, bertsolaria kondenatuta dago topikoak erabiltzera; kontua da zertarako erabiltzen dituen. Erabiltzen badut hegemonia bat edo eredu bat betikotzeko, ez dit balio. Baina erabiltzen badut beste norabait eraman edo topikoaz beraz trufatzeko, zergatik ez?».

Bertsolaria, edonola, librea al da nahi duen oro kantatzeko? Colina, alde horretatik, lasai dago. Batez ere, barre txiki batekin dioen bezala, «konbentzituta» dagoelako berak oholtzatik bota dezakeenak «ez duela hainbesteko eraginik». Horrek lasaitasuna eta askatasuna ematen dizkio, eta «gauza ezberdinak probatzeko, are, arriskatzeko» beta eskaintzen diola uste du. Hori bai, jabetzen da badagoela politikoki zuzenaren muga. «Inportantea da muga hori ezagutzea —ezagutu ezean ezin baituzu hautsi—, eta, gero, norberak erabakitzea noiz eta nola hautsi. Garbi gera dadila zuk nahi duzulako hautsi duzula, egoeraren kontrola zenuelako, ez dela izan airera tiro bat botatzea».

Bertsolaritzak, gainera, badu nolabaiteko abantaila bat. Publikoak badaki bereizten zein den pertsona eta zein pertsonaia. Badaki bereizten noren ahotik mintzo den bertsolaria. Eta, halere, badira muga batzuk: «Gaiek ez dute egunero tenperatura bera izaten jendartean. Sanferminen biharamunean ateratzea erasotzailearena egiten... uf, ez dakit aterako litzaidakeen, ez dakit komenigarria den; dudak dauzkat. Gero, aldi berean, asmatzen duzunean egiten, lortzen duzunean distantzia gai horrekiko, askotan pertsonaia horiek karikaturizatuz eta desmuntatuz, zure mezua, alegia, benetan pentsatzen duzuna, indartu egiten duzu, arrazoi bakar bat kantatu gabe. Hor dago kontraesana».

Halaxe, kontraesanez kontraesan garatzen da genero zapalkuntzaren aurkako dema ere. Ez da egun bakarreko kontua, argi denez. Aurrerapenak izanagatik, ordea, errezeloz mintzo da Colina, olatuak bultzatutako feminismoaren aldeko aldarri sarri faltsuen aurrean: «Bertso eremuko eta kulturako jendearen artean oso ongi dago 'feminista naiz' esatea. Hitza esatea da errazena, baina predikatzea ez da nahikoa izaten. Niri, bizi naizen eremuan, eta bertsolaritzan, ez zait kostatzen feminista izatea, baina hori esateak batzuetan erreparoak sortzen dizkit, ez ez naizelako, baizik eta ikusten dudalako batzuetan paparrean oso erraz jartzen den medaila bat dela, oso guay geratzen dena. Bat-batean kristo guztia bihurtu da feminista, dena da ahalduntzea... Baina nik gai hauek gehiago ikusten ditut etengabeko ikasketa gisa». Aurrerantzean ere, zalantzarik gabe, egongo da horretarako paradarik. Egon beharko du.

BERRIAn argitaratua (2016/08/06)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA