astekaria 2016/08/12
arrowItzuli

kirola

Talkak

Amagoia Iban

Talkak

2011ko maiatz amaieran, FIBA Nazioarteko Saskibaloi Federazioak emakumeak Euroligan arropa estuagoarekin jokatzera behartu zituen, kirola «erakargarriago» eta jokalariak «femeninoago» egite aldera. «20etako hamarkadan bainujantziaren luzera neurtzen ziguten, eta, 2014an, hondartza eskubaloira top/kulerotan jokatzera behartzen gaituzte». Joko hauetan ere Espainiako koloreak izerditzen ari den Eli Pinedo eskubaloi jokalariak idatzi zuen txioa, duela bi urteko uztailaren 8an, Espainiako Eskubaloi Federazioak Europako araudia bere egitea erabaki berritan. Araudiaren mamia: emakumeek, gizonek ez bezala, azpiko arropa tankerako uniforme estuetan jokatu behar zuten. «Ez da sexismo kontua, baizik eta erosotasunari, estetikari eta lekura [hondartzara] egokitzeko gaitasunari dagokion zerbait», argudiatu zuen Espainiako Eskubaloi Federazioko presidente jaun txit estetikoak. «Joka dezala berak tangarekin; ikusiko du zeinen erosoa den!», erantzun zioten jokalari txit egokituek. Azkenean, jokalariek nahi bezala jantzita joka zezaketela ebatzi zuten auzitegiek.

Ez dakit Doaa Elghobashy eta Nada Meawad jokalariek hala nahita ala derrigortuta jantzi ote zituzten igandean hijaba, elastiko itxia eta galtza luzeak. Ez dakit Laura Ludwig eta Kira Walkenhorstek ere benetan hala nahita jantzi ote zituzten beren top-kuleroak. Zibilizazio talkaz mintzatu dira batzuk. Begi bistakoa da Egiptoko jokalariaren arropa ez zela aproposena hondartzako boleibolean jokatzeko. Kontrakoa esan al dezakegu alemaniar jokalariarenari buruz?

Doktore tesi baterako abiapuntu ederra eskaini du bikote parearen partidak. Sexismo talkaz.

Doluminak. Zibilizatu ustekoei.

BERRIAn argitaratua (2016/08/08)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA