astekaria 2016/08/12
arrowItzuli

kirola

EZ DA SARIA, FRUITUA BAIZIK

Imanol Magro Eizmendi, Berriemaile berezia

EZ DA SARIA, FRUITUA BAIZIK

Milaka ordu uretan. Ehunka aste gogor La Seu d'Urgellen entrenatu eta burua prestatzen egun garrantzitsuenean kale ez egiteko. Hori da Maialen Chourraut, diziplina eta kirol batean arrakasta lortzeko jardun horri eskaini behar zaion guztiaren eredu. Eta atzo eman zuen fruitua. Sakrifizioak eta sufrimenduak Rioko ur bizietako olinpiar kanalean jaso zuen saria. Urrezko domina, ondo merezitakoa gainera. ChoURREAut izango da etorkizunean.

Ikustekoa izan zen Chourrautek bere lana bukatzean botariko oihua, eta are ikusgarriagoa falta ziren beste bi parte-hartzaileek bukatu zutenean piztu zen festa. Xabi Etxaniz prestatzaile eta bikotekideak eta Xabi Taberna entrenatzaileak euren burua uretara bota zuten olinpiar txapeldun berria besarkatzeko. Laster gehitu zitzaien Ane alaba txikia, Raquel umezainaren eskutik. Ama eta txapeldun baita Chourraut, amatasuna eta elitea eskutik joan daitezkeela erakutsiz. «Hau guztion garaipena da, eurak gabe ezinezkoa zatekeen», esan zuen txapeldun berriak uretatik irtetean. Gertu ziren baita ere Txelo eta Iñaki gurasoak. Haiek ere makina bat kilometro eginikoak dira alabaren atzetik, eta haien zorion aurpegia ikustekoa zen. Talde bat osatzen dute, guztien artean irabazitako domina da.

Chorrautek toki berezia zuen Euskal Herriko olinpiar historian eta dagoeneko goreneko koskan dago. Bakarkako proba batean urrezko domina irabazi duen bigarren euskal herritarra da, eta aurreneko emakumea. Miguel Indurain zen orain arte podiumeko goiko koskan bakarrik egon zen euskal kirolari bakarra. 1996an izan zen, Atlantan, erlojupekoa irabazi zuenean. Chourrautek, baina, Londresko brontzea ere gehitu behar dio bildumari. Eta, ondo bidean, Tokion ere egurrean ariko da.

Lasarte-Oriakoak (Gipuzkoa) urrezko domina obsesioa zela esan zuen Jokoetara joan aurretik. «Obsesioa eta ametsa da era berean». Londresen ehuneneko gutxi batzuengatik egin zion ihes urreak eta atzo atera zuen arantza. Nola atera, gainera, olinpiar finalean bere bizitzako jaitsierarik onenetakoa egin zuen. Deodoroko kanala gune militar batean dago; bada, Chourrautek bonbardatu egin zuen. Hiru segundotik gora atera zizkion Jessica Fox bigarren sailkatuari. Hori mundu bat da ur bizietako probetan. Bera izan zen, gainera, 100 segundotik jaisteko gai izan zen bakarra. Ahoa bete hortz utzi zituen kanalean bildutako guztiak. Helmugaratu zenean, han zain zeuden lehiakideak hura zoriontzen hasi ziren; bazekiten ez zegoela marka hori hobetuko zuenik.

Kazetarien harmailan zen Ander Elosegi ere, eta ozen esan zuen: «Hau urrea da!». Ondorio berdinera iritsia zen Etxaniz. «Beherakoan huts batzuk ikusi dizkiot, baina oso ondo zihoala nabaritu dut. Jaitsiera perfektua ez da existitzen, baina ona izaten ari zen. Amaieran erlojura begiratu dut eta 99 segundotik behera zela ikusi dudanean harrituta gelditu naiz. Domina gurea zen».

Etxaniz oso hunkituta zegoen alaba eskuetan zuela. «Emakume guztiei bidalitako mezua da. Askok aurkakoa dioten arren, ama eta eliteko kirolari izatea bateragarriak dira. Hori erakutsi du Maialenek». Hark inork baino hobeto daki urrezko domina ez dela saria, lanaren fruitua baizik. Bera egon da Chourrauten alboan La Seu d'Urgellera joatea erabaki zuen unetik. Elitearen aldeko apustu sendoa eta lau urte geroago fruitua eman duena. «Tira, zorte pixka bat ere bada, jaitsiera perfektua ez dagoelako». Askotan egin zuten amets biek elkarrekin bizi zuten unearekin. Etxanizek, urrunago joan gabe, herenegun gauean izan zuen pentsamendua: «Eta bihar olinpiar txapeldun batekin egiten badut lo? Maialeni ez nion ezer esan, baina nire buruan nuen».

Ohekidearen aurreikuspena bete egin zen. Sailkapen egunarekin alderatuta filma oso ezberdina izan zen. Chourrautek lehen jaitsiera garbi eta bikaina egin zuen. Bosgarrena izan zen irteten eta beste lehiakide bat jaistea nahikoa izan zen gutxienez atzetik bederatzi izango zituela jakiteko. Alegia, finalean egongo zela. Denbora oso ona zen: 101,83. Baina hobetu egin beharko zuen finalean.

Hirugarren denbora onena izan zen. «Nahiago genuen horrela», onartu zuen Etxanizek. «Ez genuen onenak izan nahi eta gauzak ondo irten zaizkigu». Finalean lehertu zen Chourraut. Arriskatzera irtengo zirela aurreratu zuen teknikariak, eta ondo irten zen. Finalerdietako denbora ia lau segundoan hobetu zuen. Hortik aurrerakoak ezagunak dira.

Bigarren Luuka Jones izan zen eta Jessica Fox hirugarren. Foxek zilarra irabazi zuen Londresen. Orain Tokio du begiz jota. BERRIA-ri esan zion asmoa hara iristea dela, baina argi du zein den lehentasuna. «Oporrak behar ditut, eta atsedena. Urtero daude txapelketa handiak eta haiek ere prestatu egin behar dira».

BERRIAn argitaratua (2016/08/11)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA