astekaria 2016/08/05
arrowItzuli

iritzia

Independentziarako aukerak

Arkaitz Rodriguez Torres

Independentziarako aukerak

Azken asteetan han eta hemen nik zein kideek eskaini ditugun elkarrizketetan, behin baino gehiagotan aipatu diguten datu bat atera da: inkestek diotenaren arabera, independentziaren aldeko jarrerak behera egin du azken boladan.

Espetxetik atera garenetik, sarri esan dugu gure herriak pultsu nazionala galdu duela azken urteetan. Espainiar markoa indartsu sartu da oso gure mentalitate eta eskemetan. Sakon aztertu beharrekoa izango da zergatik pasatu den hori, baina krisiak herri sektoreen bizitzetan izan duen eraginak eta subiranismoak behar bezala erantzuten ez jakin izanak zerikusia izango dute. Baita, jakina, batzuek era interesatuan garatu duten profil baxuko politikek ere, lehendakaritzatik hasita.

Horretan dago, gure ustez, hurrengo urteetako erronka: eskaintza independentista berritzea. Gure herriarentzat eskaintza independentista erreal, sinesgarri eta egingarri bat lantzea.

Azken hauteskundeetako emaitzek hainbat konstatazio utzi dizkigute, gure ustez. Lehenengoa honakoa da: PNVk eta Podemos-Ahal Duguk defendatu dutenaz bestera, Espainiar Estatua gaur-gaurkoz ez da demokratizatuko. Are gehiago: ez du aldaketa politiko eta sozialik nahi. Bigarren konstatazioa: ezker abertzaleak bere ibilbide luzean defendatu izan duen gisan, Euskal Herrian logika politiko ezberdina jokatzen da Espainiar Estatuarekin alderatuta. Subiranismoa indartsuen dagoen lurraldeetan gailendu da aldaketarako gogoa. Hirugarren konstatazioa, berriz, honakoa da: aldaketa gogo hori ez du independentismoak kapitalizatu, ez gaur-gaurkoz bederen.

Ogi kontuek zerikusi handia izan dute, seguruenik, horretan. Herri sektoreak jasaten ari diren krisi egoera latzari buelta emateko itxaropena Podemos-Ahal Duguk kapitalizatu du. Horixe zen PPren gobernua kendu eta herritarron eskubideak eta duintasuna berreskuratzeko bide motzena, antza. Independentismoaren arazoa sakonekoa izan da, ordea, koiunturako elementuetatik harago: ez dugu jakin herritarren beharrekin bat egin eta erantzungo dien eskaintza independentista serio bat egiten, eta sakoneko arazo horiek ezin dira kanpaina batekin konpondu.

Ezin da ukatu, ordea, hauteskunde emaitzek orokorrean frustrazioa eragin dutela jende askoren artean, azken urteetan izandako aldaketarako esperantza ezinezkoa dela konturatuta. Beraz, gure ustez, herri honi ispiluaren aurrean jartzeko ordua iritsi zaio.

Prest al gaude Espainiakoa bezalako estatu eta gobernu makur baten menpe jarraitzeko? Zein da herri gisa Espainia bezalako Estatu ustel eta mediokre baten menpe jarraitzeagatik jada ordaintzen ari garen prezioa? Onargarria al da hori? Ez ote dugu euskal herritarrok errepublika duin bat merezi? Eta horretarako ez ote da onena guk geure burua gobernatzea? Geure burua Espainiarekin alderatu ordez, zergatik ez dugu gure ehun produktibo eta ekonomikoarekin antzekotasun gehiago dituzten Europa iparraldeko herrialdeekin alderatzen?

Espainian argi geratu da aldaketa politiko eta sozialik ez dela posible. Aldiz, gure ustez, Euskal Herrian posible da. Zergatik? Hemen, Espainian ez bezala, badagoelako aldaketarako behar besteko indar korrelazioa. Gure ustez, independentismoak hiru elementu estrategiko izan behar ditu kontuan irekitzen ari den panorama politiko berrian.

Lehenengoa, Espainia ez dela demokratizatuko badakigu. Eta hori ez da uste soila, errealitate kontrastatua baizik, hauteskunde emaitzek argi erakutsi duten gisan. Aurreikustekoa da PNV eta Podemos-Ahal Duguk kontrakoa defendatzen jarraituko dutela, kontrara estrategiarik gabe geratuko liratekeelako. Oso esanguratsua da CSQPk zentzu horretan Katalunian aste honetan Prozesu Konstituziogilearen aurrean hartu duen kontrako jarrera.

Kontuan izan beharreko bigarren elementua honakoa da: ziurrenik, azken urteetako gobernu birzentralizatzaileena izango da Madrilen. Hirugarren hauteskundeak egongo balira, Alderdi Popularra eta erregimeneko alderdiak indartuta aterako direla aurreikus genezake. Kontuan izan behar da, gainera, jada Nafarroako zein EAEko autogobernuak egunero laminatzen eta txikitzen ari dela Auzitegi Konstituzionala, parlamentu autonomikoetako legeak atzera botaz. Horren aurreko erantzun soziala aktibatzea beharrezkoa dela uste dugu.

Gainera, sartzen den gobernuak 20.000 milioi euroren murrizketak egin beharko ditu gutxienez. Egoera hobetzetik urrun, okerrera egin lezake, beraz, eta horrek protesta ziklo berria irekiko du. Subiranismoak borroka sozialen bultzada izan beharko luke, Estatu propio eta duin baten aldeko indarrak batuz. Horretarako, borrokarako eskaintza zabala egin beharko dugu.

Hirugarren elementua, berriz, honakoa da: Brexit-a eragin duen erreferendumaren ondoren, olatu independentista berri bat etor daitekeela uste dugu. Eskozia eta Ipar Irlandan erreferendumak egiteko bideari ekin diote. Oso litekeena da egingo balitz Eskozian emaitza bestelakoa izatea oraingoan. Ikusteke dago Europar Batasunak ze jarrera hartuko duen. Katalunian ere, azken hauteskundeen emaitzen ondoren, Espainia demokratizatzea ezinezkoa dela agerian geratuta, konfrontazio egoerak gora egingo duela dirudi. Oraingoan prest egon behar dugu independentistok olatua harrapatzeko.

Horretarako, Sorturen iritziz, independentismoa berrasmatu beharra dago. Alderdien arteko akordioen zain egonda, ez da prozesu independentistarik abiatuko. Gizarteak bultzatu behar ditu alderdi, sindikatu eta eragileak bide horri ekitera. Beraz, independentismoak lidergo zibil indartsu bat behar duela uste dugu eremu guztietan: kalean zein akademian. Azken urteetan independentismoaren inguruan produkzio teoriko handia izan da. Hori jaso eta martxan jartzeko garaia dela uste dugu.

Bide orri bat marraztu behar dugu, baina, gure ustez, hori ez dagokio Sorturi edo beste alderdi bati. Euskal Herrian dauden eragile sozialen amalgama horrek marraztu beharreko bidea da. Sortuk hori bultzatzen jarriko du bere indar guztia.

Inkestak uneko argazkiak dira, eta Espainiar Estatuak frustrazio handia eragin du. Euskal Errepublika da itxaropen argia. Kataluniak eta Eskoziak erakutsi digute prozesuak martxan jartzean, eztabaida piztu eta independentismoak gora egiten duela. Hemen bai. Hemen ahal dugu eta egingo dugu.

BERRIAn argitaratua (2016/07/29)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA