astekaria 2016/08/05
arrowItzuli

kirola

EZ DAGO SANBARAKO

Imanol Magro, Berriemaile berezia

EZ DAGO SANBARAKO

Egungo egoeran, inork ez lizkioke Olinpiar Jokoak emango Riori». Carlos Arthur Nuzman Rio de Janeiroko (Brasil) Jokoen Antolaketa Batzordeko presidenteak aitortza publikoa egin zuen uztailaren 5ean Globo egunkarian. Brasilen askok pentsatzen duten ustearen bozeramaile izan zen. Bi aste lehenago, Rio de Janeiroko estatuak kalamitate egoera onartu zuen, kiebra alegia, eta estatuari 775 milioi euro eskatu behar izan zizkion langile publikoen soldatak ordaintzeko. Laguntzaren helburua Jokoek irauten duten bitartean, behintzat, oinarrizko zerbitzuen funtzionamendu normala bermatzea zen.

Brasilen uste zabaldua da Jokoak garesti irtengo diren festa bat izango direla. 2007an, Jokoak Riori eman zizkiotenean, Brasilgo ekonomia %6 hazten zen urtero, eta inflazioa %4 zen. Herrialdea bere onenean zegoen, eta munduko inbertsio asko erakarri zituen. Egun, aldiz, puxika hustu egin da; 2015ean, Barne Produktu Gordina %3,8 jaitsi zen, eta eta inflazioa %9 da. Bizitza garestia da, eta soldatak aspaldi izoztu ziren. Horren erdian iritsiko dira Jokoak, eta 39.000 milioi euroko inbertsioa edo gastua. Hasieran zehazturikoa baino bi aldiz gehiago, hain zuzen ere. Gehiena garraioak hartu du, metroak, Barra de Tijucara joateko, erdi eta goi mailako auzo bat.

Brasil krisi politikoan murgilduta dago. Lava Jato ustelkeria auziaren eraginez, Dilma Rousseffen presidentealdia bertan behera gelditu da 180 egunez. Rousseff azken unean gonbidatu zuten hasiera ekitaldira, eta uko egin dio. Lula da Silva aurreko presidentea ere ez da egongo. Michael Temer da Roussefen ordezkoa, eta, kargua hartu zuenetik, ugaritu egin dira haren aurkako protestak. Manifestarien iritziz, «estatuaren oligarkia ekonomikoa bultzaturiko estatu kolpe izan da». Ustelkeria da Brasilgo politikan hitzik zabalduena, eta Jokoak ere zipriztindu ditu. Rio de Janeiroko estatuko parlamentuko kideen %82 ikertu dituzte. Jokoetako lan askotan egon dira eskandaluak; handiena, Olinpiar Hiriarena. Eduardo Paesek Carlos Carvalho Hosken higiezin enpresari aberatsaren esku utzi zuen eraikuntza, hark 1973an oso merke erositako lurretan eraiki baitzen. Guztira, 3.600 etxe dira, bakoitza 200.000 eurotik gorako prezioan salduko dituenak. Alboan joango da olinpiar golf zelaia, babesturiko eremu batean eginikoa.

Segurtasunaren auzia ere puri-purian dago. Iragan astean, ustez atentatu bat egiteko asmotan zeuden hamabi lagun atxilotu zituzten Rio inguruetan. Rion, 65.000 polizia eta 20.000 soldadu egongo dira Jokoek irauten duten bitartean, Londresko Jokoetan halako bi. Jihadismoaren mehatxua, ohiko delinkuentzia eta protestak zaindu beharko dituzte. Izan ere, protestak ohikoak dira. Langile publikoek arazo handiak dituzte euren soldatak kobratzeko, eta susmoa zabaldu da Jokoak bukatzean hiriak jasotako erreskatea bukatu egingo dela, eta kobratzeko zailtasunak handiagoak izango direla. Azken atxiloketek iritzi inkestak hondoratu dituzte. La Folha do Sao Paulo egunkariak 2.792 laguneko inkesta bat egin du, eta, brasildarren %63ren iriziz, Jokoek mesede baino gehiago kalte egingo dute, eta Riokoen artean %47k dute uste hori. 2013an, biztanleen %25 zeuden Jokoen aurka; egun, %57.

Indarkeriaren auzia

Rio de Janeiro 6.300.000 biztanleko hiri erraldoia da. 1.182 kilometro koadro ditu, Gipuzkoaren hedaduraren %60. Historikoki, indarkeria datuak handiak izan dira, eta, Amnesty Internationalen (AI) datuen arabera, hirian hiltzen diren 1.000 pertsonatik hiru indarkeriaren erruz hiltzen dira. Erakunde beraren arabera, 2006 eta 2015 artean 4.500 pertsona hil ziren Rion bortizkeriaren erruz. 2007 eta 2013 artean, bake ahaleginen eraginez, faveletan poliziaren presentzia ikaragarri handituta hildako kopurua harrigarri jaitsi zen. Jokoekin hiria eraldatu nahi zen, eta izendapenaren beroan harturiko erabakia izan zen.

2014an, baina, berriz ere gora egin zuten, eta, aurten, hamalau pertsona hiltzen dira egunean bortizkeriaren eraginez. AIk salatu du Polizia ere errudun dela, eta hari egozten dizkio hildakoen %16. Errepresioa hitza darabil elkarteak, hildakoen %90 «legez kanpoko exekuzioen» erruz izan dela salatu baitu. 2015ean, 307 pertsona hil ziren Rion Polizia operazioetan: horietatik %79 beltzak ziren, eta %75, 15, 29 urte arteko gizonezkoak. Azken bi urteetako joera mantendu egin da aurten. Poliziak ohartarazi du 2016a «urte oso txarra» izango dela. Maiatzera arte, 1.870 hil ziren Rion indarkeriaren erruz. Poliziak narkotrafikoari eta gaizkile talde antolatuei egotzi dizkie gehienak.

BERRIAn argitaratua (2016/08/03)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA