astekaria 2016/08/05
arrowItzuli

bizigiro

ITZIAR REKALDE

«Nola da posible otsoak hiru txerritxoetatik bakar bat ere ez jatea?»

Jon Rejado

«Nola da posible otsoak hiru txerritxoetatik bakar bat ere ez jatea?»

Nolako egurra, halako ezpala. Aitona-amonek ipuinak kontatzen zizkioten Itziar Rekalderi (Bermeo, Bizkaia, 1955), haren ahizpari eta lehengusinei, haurrak zirenean. Aitonak, hitzen bitartez, baserrira eta itsasora eramaten zituen. Amonak, berriz, ipuin makabroak kontatzen zizkien kozinatzen zuen bitartean. Gaur egun, Rekaldek eskaintzen ditu hitzen bidezko bidaiak, bizipenak, dela bertatik bertara kontatutako ipuinen bitartez, dela taula gaineko jardueran. Bidean, beste hamaika grina asebete ditu.

Gernika-Lumon (Bizkaia) jaioa zara, baina bermeotartzat duzu zeure burua. Nola da hori?

Jaio nintzen urtean ireki zuten lehenengo klinika Gernikan, eta ama bertara joan zen. Gernikan bataiatu ninduten, etxera joan aurretik. Oso arriskutsua zen orduan Gernika eta Bermeo arteko errepidea! [barre egin du]

Nolakoa zen zure gaztaroko Bermeo?

Egia esan, ez da horrenbeste aldatu. Aldaketa nagusia, agian, egun osoa kalean ematen genuela izango da. Eta ofizioak... Gure kalean arotzak zeuden, eta koltxoiak egiten zituen gizon bat. Kalera ateratzen ziren lan egitera. Emakumeak ere kalean zeuden, erretako hegaluzea edo txitxarroa saltzen, batez ere udan; eta portua, arrainontziz beteta, noski. Gero Europako merkatuaren kontua heldu zen, eta hainbat itsasontzi hondoratu zituzten, kuotaren arabera.

Nolakoa zen giroa portua itsasontziz beteta zegoenean?

Udaberritik udazkenera bitartean, bokarta sasoia hasi eta hegaluze sasoia amaitu arte, portua beteta egoten zen: itsasontziak, kofradiako jendea, gurdiak, andreak, saregileak... Udaberrian, bokarten sasoian, portura joaten ginen ikastetxetik ateratzean [karmeldarretan ikasi zuen]. Itsasontziak heltzen zirenean, zapiak zabaldu, eta eskukada bat antxoa ematen ziguten. Ez haurrei bakarrik, baita zaharrei ere. Haiek, eskukada bat bokarta hartu, taberna batera joan, bertan frijitu, ardoa eskatu, eta tertuliak egiten zituzten janariaren inguruan.

Non daude orain arrantzaleak?

Bermeora joaten naizenean, lau edo bost itsasontzi baino ez ditut ikusten. Aurretik hori zen bizibidea, eta... «Zein da oraingoa?», galdetu nuen: Bermeon baporeak zituztenek orain txapazkoak esaten dietenak dituzte, arrainontzi handiak. Afrikako kostaldean aritzen dira horiek. Hor dago aldaketa. Gaur egungo umeek ez dakite noiz den bokarta sasoia, ez dutelako ikusten.

Ekonomiak agindutako bilakaera naturala al da, agian?

Naturala balitz, gaitz erdi, baina... Lehenik eta behin, sarraski bat egin dute bertoko arrainekin, eta orain, nire ustez, beste leku batera doaz sarraskia egitera. Bizimodua ateratzeko balitz bederen... Batzuentzat hala da, baina ekonomiak agintzen duenean, tartean beste asmo batzuk daude. Ekonomia hau ez da hain naturala, ezta, nire ustez, hain ona ere.

Karmeldarretan ikasi zenuela kontatu duzu. Non ikasi zenuen euskara? Etxean?

Lau alaben artean gazteena zen ama. Orduan eskolak adin batera arte ziren, eta, ikasten jarraitu nahi izanez gero, kanpora joan behar zenuen. Lehengusinak gu baino lehen joan ziren eskolara, eta amaitzean ez zekiten ondo gazteleraz. Burla egiten zieten batzuek, eta gure gurasoek erabaki zuten ahizpa eta biok ikasketak egingo genituela, eta gazteleraz egin ziguten lehen urteetan. Beste guraso asko ere hori egiten hasi ziren: seme-alabei gazteleraz egiten.

Hortaz, familia gazteleraz egiten hasi zen.

Hala moduz... Zeren amamak eta aititak... Tira, aititak apur bat egiten zuen gazteleraz, baina amamak euskaraz egiten zuen. Kaleko guztiek ere euskaraz egiten zuten... Euskaldun berria ote naizen? Euskaldun arraroa naiz. Euskara betidanik barruan izan dut, eta 15 urterekin hasi nintzen ikasten.

Non ikasi zenuen?

Bermeoko fraideetan. Apaizak baino, esan dezagun, «abertzaleagoak» ziren. Elizaren gainean gazteentzat klub bat zuten. Bertara joaten ginen mahai futbolean egitera, musika entzutera, mutilekin pixka bat egotera... Bertan hasi ziren euskarazko klaseak ematen, ezkutuan. Gerora Bilbora joan nintzen, eta handik denbora batera hasi nintzen Anaitasuna aldizkariarekin, eta Iker taldearekin, Aita Berriatuarekin batez ere. Halabeharrez hasi nintzen alfabetatzen.

Zaila gertatu al zitzaizun?

Goizean jasotzen genituen eskolak, eta, arratsaldean, Sarrikon ematen nuen klasea. Orain horretan pentsatzeak lotsarazten nau... Ez dakit orduko ikasleak euskaldunak izango diren, eta, badira, ez dira gugatik izango. Pentsa, goizean ikasitakoa arratsaldean ematen nuen!

1979. urtearen bueltan, Euskaltzaindian hasi zinen, Bai Euskarari kanpaina zela eta.

Idazmakinaz fitxak betetzeko jarri ziren nirekin harremanetan. Orduko idazmakinetan, noski, tekla barruraino sakatu behar zenuen. Orduan, kalean erori eta bi atzamar apurtu nituen. Dena den, diruaren beharra genuen, eta lanera joan nintzen berdin-berdin.

Eta lan egin ahal izan zenuen?

Eskua ikusi zutenean, kezkatu egin ziren, makinaz idazterik izango ez nuelakoan. «Idatz dezaket, bai noski», erantzun nien. Pentsatu zuten oso eraginkorra nintzela, izugarrizko gaitasuna nuela, eta, batez ere, makinaz idazten oso trebea. Ez zuten ikusi, atzamarrak apurtuta zein apurtu gabe, nire gaitasuna eskasa zela.

Arrazoi apur bat izango zuten. gerora berriz jarri baitziren zurekin harremanetan.

1980ko hamarkadaren hasieran, erabaki zuten Euskaltzaindia Gasteizera zabaldu behar zutela, Iruñera... Bikotekidearekin etorri nintzen, eta deitu egin zidaten berriro.

Bilbotik etorria izanik, nola egokitu zinen Gasteizen?

Gasteizera heltzean, gauza batek eman zidan atentzioa: jendea kalean ibili egiten zela. Kaleko erritmoa oso lasaia zen; Bilbon, aldiz, oso arina eta bortitza zen erritmoa garai hartan.

Garai hartan bertan, Gasteizko Alde Zaharrean hamaika kultur ekinbide bor-borrean zeuden...

Jende gazte asko zegoen, ilusio handiz, dena egiteko. Kalean giroa zegoen, denetarako. Batek hitz bat esan, eta elkarte bat egina zegoen.

Eta euskalgintza nola zegoen?

Osa, Fontaneda, Mendia, Martinez de Luna... bazeuden hainbat pertsona! Gazteak denak. Horrez gain, Gasteizko jendeak euskara ikasteko grina handia zuen.

2011. urtean, Korrikak eta AEK-k omenaldia egin zioten Euskaltzaindiari. Orduan esan zenuen: «Hasi nintzenean hau dena zientzia fikzioa zen, baina orain errealitatea». Zein pauso gogoratzen duzu bereziki, bide horretan?

Hasi nintzenean, Euskaltzaindia ari zen bizitzen Bergarako eta Arantzazuko [Gipuzkoa] biltzarretan gertatutako guztiaren ajea. Nire ustez, urrats garrantzitsua egin zuten etxeko eztabaidak alde batera utzita nazioarteko goi mailako hizkuntzalariekin harremanak hasi zituztenean.

2004ko azaroan, domina bat eman zizuten, Euskaltzaindian 25 urte lanean eman ondoren.

Neure burua oso dinamikotzat dut... Domina hori eman zidatenean, pentsatu nuen: «Oso dinamikoa izateko, motel zabiltza!». 2010. urtearen bueltan utzi nuen. Pozik nenbilen bertan lanean, baina...

Utzi aurretik, beste grina batekin ari zinen: arte eszenikoekin.

Grina aspalditik nuen, baita beste helburu asko ere: gizartea aldatzea, behin helburuak jartzen hasita handiak behar baitute izan; euskara sendotzea eta errotzea; kulturgintzan ere banengoen... Dena nahi nuen aldi berean, eta umeak ere izan nituen. Denbora falta zitzaidanez, 1980ko hamarkadan arte eszenikoak jarraitu nituen, baina parte hartu gabe.

Zure webgunean, narratzaile gisa aurkezten zara. Zer du narrazioak?

Bizitza. Bizitza eta bizitzaren bilakaera. Ez du gezurrik esaten. Adi egon behar duzu denbora guztian. Norberarentzako ariketa oso bortitza da; beldurgarria askotan. Beti zabiltza bidean.

Webgunean, gogora ekartzen dituzu zure aitona-amonek kontatzen zituzten ipuinak, horietako batzuk makabroak...

... eta orain nik kontatzen dizkiet txikiei. Bai, noski. Ipuinak ez dira izan umeentzat. Umeentzat bizitzako istorioak ziren, modu emozional batean kontatuta: gehiegizko keinuak eginez... Ez ziren egungoak bezalakoak. Helduek jasotzen zituzten, baina umeak tartean zeuden beti. Eta umeek behin eta berriz kontatzeko eskatzen ziguten.

Zergatik gertatzen da hori?

Hasteko, ipuinen momentuan arreta zuzena jasotzen dutelako: begietara begiratzen zaie; eta, bigarrena, ipuinek bidaia emozionala dutelako barruan. Beti dute gatazka bat, eta hori konpontzeko giltzak. Umeek ikasten zuten pasioari nola deitu, maitasunari nola deitu, gorrotoari nola deitu... Umeek bide hori garatu bitartean, ipuin bat behin eta berriz entzun nahiko dute. Behin bidea eginda, ez.

Ikerlari batzuen arabera, ahozko tradizioko ipuinak dira zuzentasun politikoari ihes egin dieten bakarrak. Egia al da hori?

Guk galdu ditugu ahoz transmititutako ipuinak. Hortaz, ahozko tradizioaren faltan, idatzizkotik erabat bahetutako ipuinak kontatzen ditugu ahoz.

Zergatik lausotu da gordintasun hori?

Bizitza azaltzen zutelako ziren gordinak ipuinak. Nola da posible otsoak hiru txerritxoetatik bakar bat ere ez jatea? Ez da posible!

Gezurrezko mundu bat saldu al dute ipuin lausotu horiek?

Kontuz, okerrago egiten ari gara egun eta. Otsoa ona dela ari gatzaizkie esaten umeei, txerriak ez dituela hiltzen, eta, aldi berean, txorizo ogitartekoak ematen dizkiegu jateko. Ez dakit non ari garen sartzen...

Noiz galdu da ahozko literatura Euskal Herrian?

Ahozkoari garrantzia kendu zaionean. Irratian ahozkotasuna dago, baina ez aurrez aurreko presentziarik. Telebistan ez dago presentziarik, eta ahozkotasuna ere galdu da.

Eta berreskura daiteke?

Ez bakarrik hori. Ari dira konturatzen behar-beharrezkoa dugula: hezkuntzan, antropologian... Gizakiak behar duen zerbait da. Gu gara egiten dugunari garrantzia eman behar diogun lehenak.

BERRIAn argitaratua (2016/07/30)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA