astekaria 2016/08/05
arrowItzuli

kirola

MAITE MAIORA

«Nigatik baino gehiago, alboan egon direnengatik nago pozik»

Unai Ugartemendia

«Nigatik baino gehiago, alboan egon direnengatik nago pozik»

Munduko txapeldun. Azkar esaten den esaldia da, baina berak bakarrik daki zenbat izerdi eta lan dagoen horren atzean. Azken bi urteetan, lesioen mamua oso gertu izan du Maite Maiorak (Mendaro, Gipuzkoa, 1980). 2016ko lasterketen egutegia beranduago hastea egokitu zitzaion ebakuntza bat zela medio. Denboraldiaren bigarren erdiari, ordea, hasiera bikaina eman dio. Iragan asteburuan, Sky distantziako munduko txapeldun izan zen Aiguestortesko natur parkean (Herrialde Katalanak) jokatu zen Buff Epic Trail lasterketan —42 kilometro eta 3.200 metroko desnibel positiboa—. Baina larunbatekoa ez zen izan han lortu zuen domina bakarra. Ostiralean, brontzezko domina jantzi zuen kilometro bertikaleko proban. Halere, ez da laudorioetan gelditzekoa.

Lehenik, zorionak. Astebete joan da jada, baina ondo gogoratuko duzu Munduko Txapelketako asteburua, ezta?

Asteburua nahiko kaotikoa izan zen. Alde batetik bestera ibili ginen: motxilak, maletak... Aspaldi ikusten ez nuen jende askorekin aurkitu nintzen, eta batekin hitz egin, bestearekin hitz egin… Bidaia ostegunean egin genuen Barruerara (Herrialde Katalanak).

Atseden hartzeko denbora gutxi izan zenuen?

Ostiral goizean, kilometro bertikala egin nuen, eta, iluntzean, nire bikoteak Espotera (Herrialde Katalanak) eraman ninduen. Baina gauzak ondo irteten direnean gauza txarrak zeharo ahazten dira, eta gauza onekin bakarrik gelditzen naiz.

Emaitza bikainak lortu dituzu bi lasterketetan.

Ostiralean, pozik nengoen kilometro bertikaleko lasterketan egin nuen lanarekin eta postuarekin, eta larunbatekoaz zer esan: hitzez ezin dut nire sentimendua adierazi. Nigatik baino gehiago, nire alboan egon direnengatik nago pozik.

Munduko txapeldun izatea espero al zenuen?

Nik ez nuke esango ez baietz, eta ez ezetz. Banekien gauzak ondo eginez gero aurrean izango nintzela. Sasoiko heltzen nintzela ere jakitun nengoen, baina irabaztea espero nuela esatea asko esatea da.

Zein izan zen sekretua?

Ez dakit sekretua edo estrategia den. Aldapa behera Azara Garcia eta Paula Cabrerizo baino gehiago nintzela konturatu nintzen lehen jaitsieratik; beraz, jaitsieretan tartea ateratzen nien gero lautadan eta aldapan gora tarte hori izateko. Azken hamabost kilometroak ezagutzen nituen, eta banekien ordubeteko jaitsiera zela. Jaitsierara lehen postuan iritsiz gero, irabazteko aukera izango nuen, baina azken kilometrora arte ez nuen neure burua irabazle ikusi.

Azkar konturatu zinen irabazteko aukera ona zenuela?

Lehen jaitsieran. Konturatu nintzen aukera ona nuela gauzak ondo eginez gero eta erori ezean. Hala ere, azken jaitsierara lehen postuan heltzea izan zen nire obsesioa lasterketa guztian.

Irteeran, besteak beste, Oihana Kortazar euskal herritarra, Azara Garcia eta Paula Cabrerizo espainiarrak, Ida Nilsson suediarra eta Elisa Desco italiarra zeuden. Zer-nolako maila zegoen ikusita, zenbat balio du irabazi izanak?

Egia da irabaztea ez zela obsesio bat, eta nire helburua lasterketa on bat egitea zela. Beraz, oraindik barneratu gabe daukat. Esan dezakedana da oso pozik nagoela; batez ere, inguruan sortu dudan giroarengatik. Nire jarraitzaileak pozik daude, eta horrek ez dauka parekorik.

Zerbaitetan aldatuko al da hemendik aurrera zure bizimodua?

Ez, ez [barrez]. Nik Maite Maiora mendaroarra eta harakinaren alaba izaten jarraitzen dut. Kirolaria eta mendizalea.

Ezohiko urtea izaten ari da zuretzat. Erabat osatu al zara egin zizuten ebakuntzatik?

Ebakuntza oso ondo dago. Ez naiz mugimendu batzuk egiten ausartzen, baina lasterketetarako ez daukat inongo mugarik. Aurten, lasterketa bertikal batzuetan nabaritu dut ezker besoa erabil dezakedala lehen erabiltzerik ez nuen egoera batzuetan.

Izterrezurreko lesioa ere ahaztua duzu?

Izterrezurreko lesioa ere osatuta daukat. Hezurreko lesio hauek gauza on bat dute: behin hezurra osatzean osorik gelditzen dela. Hankeko lesio honen gauza txarrena zera da: ipurmasaileko gihar batzuk ahuldu dizkidala, eta hor dago nire erronka

Geldirik egon zinen denboran, zer pentsatzen zenuen?

Denbora horretan gauza bat geratu zait argi: egiten dudana benetan gogoko dudala, eta nire bizitza kirolari lotua egongo dela beti.

Inoiz baino beranduago hasi zara aurten mendian korrika. Horrek freskoago egotera eraman zaitu?

Bai, hori ere nabaritu dut, eta fisikoan baino gehiago buruan. Garai honetan, beste urteekin alderatuta, askoz motibatuago nago. Entrenamendu luzeak ez zaizkit astunak egiten.

Zegaman, maiatzean, jada nahiko sasoiko zinen, entrenatzen zeneraman denbora ikusita. Nola ikusi zenuen zeure burua?

Zegaman, kilometro bertikala egiteko ondo nengoen, baina maratoian lehiatzera irtetea debekatuta neukan. Nire fisikoa ez zegoen prest, ezta hankeko lesioa ere.

Zein izango dira zure helburuak hemendik aurrera?

Helburu nagusia irailean Herrialde Katalanetan jokatuko den Ultrapirineu lasterketa da —110 kilometro eta 6.800 metroko desnibel positiboa—. Azaroan, berriz, Espainiako Atletismo Federazioarekin Munduko Ultratrail Txapelketan ariko naiz. Tartean, beste lasterketa bat edo beste egingo dut, baina bi horiek dira helburu nagusiak.

BERRIAn argitaratua (2016/07/30)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA