astekaria 2016/08/05
arrowItzuli

bizigiro

Udako zerga propioa?

Ander Aranburu Amenabarro - Alaitz Armendariz - Imanol Oteiza - Bidatz Villanueva - Ainhoa Zaragueta

Udako zerga propioa?

Udak eta eguraldi onak kalera ateratzeko deia egiten die herritarrei eta kanpotik etorritakoei: kaleak autobideak dira, eta, terrazak, berriz, geraleku. Euskal Herriko hiriburuak ez dira fenomeno horretatik at geratzen, baina terrazen kostuari aurre egin behar diete ostalaritzako langileek, eta «beharrezkoa» ikusten dute prezioa igotzea. Bezeroentzat, ordea, ez da merkeegi ateratzen terrazetan atseden hartzea.

BILBO

Periferian, merkeago

Prezioak dezente aldatzen dira auzoaren arabera. Plaza Berrian dago Amaia Guillamonen taberna, Bertoko Berri izenekoa. Guillamonek dioenez, terrazetarako baimena oso garestia da, eta, araudia, oso zorrotza. «Gainera, Plaza Berrian Bilboko gainontzeko lekuetan baino garestiagoa da baimena, araudi desberdina dago». Plaza Berrian kafe bat hartzen ari da Bridger Currie australiarrak Bilbon lan egiten du. Jakitun da Plaza Berria hiriko tokirik garestienetakoa dela: «Hemen nago bisitari batzuk ditudalako; bestela, normalean, beste leku batzuetara joaten naiz; adibidez, Unamuno plazara». Harentzat, terrazan egotea oso garrantzitsua da; batez ere, bere lagunek erre egiten dutelako.

Zabalguneko Ledesma kalean, Magnum tabernan egiten du lan Josune Floresek. Lokala abenduan zabaldu zuten, eta baimena eskatu zuten berehala. Duela hilabete bat lortu zuten: orain, «askoz jende gehiago» dute. «Nahiz eta bero izan eta guk aire girotua eduki, jendea beti kalean geratzen da». Juan Telleria dago kanpoan. Zabalguneko tabernetako prezioak garestiak direla uste du, baina «erdigunean dauden prezioak dira». Erdigunetik urrunduta, Deustuko tabernetan prezioak apur bat aldatzen dira, baina ez horrela ostalarien iritziak. Iñaki Monasterio Urdin kafetegiko langileak argi dauka: «Terrazaren baimena garestia da, eta, gainera, zentzugabea: araudia berdina da denontzat, eta bakoitzaren espazioa eta kokapena desberdina da». Halere, terraza behar-beharrezkoa dutela dio: «Bestela, udan hilda egongo litzateke hau». Isabel Lencero santurtziarra gustura dago terrazan. Barruan baino «askoz hobeto» egoten dela dio, eguraldi ona bada behintzat, eta erretzeko ere «ezinbestekoa» dela gehitu du.

DONOSTIA

Terraza, kostu orokorra

«Zentzugabekeria iruditzen zait terrazan zerbait hartzeagatik hainbeste kobratzea», azaldu du Maria Mercedes Telletxeak, Gipuzkoa plazako Bideluze tabernako terrazan. Lagunekin etorri da egun-pasa Nafarroatik. Nahiz eta gehiegizkoa iruditu, ulertzen du Gipuzkoa plazako terraza baten kostua garestia izatea: «Kostan dagoen hiria da, eta, leku hau erdigunean egonda, erakargarria da turistentzat».

Eguraldia lagun izan ez arren, eguerdirako bete da Bulebarreko Erlojuberri taberna. Leku pribilegiatu horretaz gozatzeak kostu osagarria dakar. «Logikoa iruditzen zait gehiago kobratzea», adierazi du Marta Saezek. «Azken finean, kontsumitzen ari zarenarengatik ez ezik, zerbitzuarengatik ordaintzen ari zara. Hala ere, batzuetan prezioa beste edozein tokiren aldean bikoitza da, eta hori eromena da».

Bezeroez gain, tabernariak ere arduratzen dira euren poltsikoekin. «Terrazak mantendu egin behar dira», adierazi du Pablo Gurutzealdek, Groseko Kursaal tabernako langileak. Terrazak eskaintzeak kostu bat du, eta kontroletik at dauden hainbat faktoreren esku dago: eskualdea edota eguraldia, kasurako. «Udalari berdin zaio nolako eguraldia egiten duen, berdin-berdin ordaindu behar da terraza». Ondorioz, zerbitzua mantendu ahal izateko, osagarri hori kobratzen dute.

GASTEIZ

Hiriko ondarearen parte

Alde Zaharra eta erdialdea ospe handia duten taberna enblematikoz josia dago. Horietako askok urteak daramatzate Gasteizko kaleei bizia ematen. Horren erakusgarri dira Zazpi, Bodegon eta La Union tabernak. Lehenengo biak Alde Zaharrean daude, eta La Union taberna, berriz, Plaza Berriaren sarreran dago.

Tabernetako prezioak nahiko antzekoak dira. Hala ere, garagardoaren gisako produktuetan badaude salbuespenak. Bodegon tabernak, esaterako, garagardo konbentzionalez gain, ibarrekoak ere eskaintzen ditu, Baias marka, esaterako: «Garagardo hauek, eskualdekoak izateagatik, balio erantsia dute; horregatik, prezioa garestiagoa da», dio Mikel Etxaniz Bodegon tabernako nagusiak. Taberna hauek ezaugarritzen dituen beste aldagaia terrazak dira. «Gure tabernaren kasuan, terrazak balio handia du, eta edari bat hartzea hogei eta 30 zentimo bitartean garestitu dezake», azaldu du Iker Otxoa de Eribe La Union tabernako zerbitzariak. Beste bi tabernetan ez dituzte prezioak igotzen terrazagatik.

Plaza Berriko terraza batean trago bat hartzen ari den Mikel Suso bezeroa kexu da terrazan egoteak dakarren garestitzearekin: «Espazio publikoa erabiltzegatik ordaintzea ez zait zilegi iruditzen; lekua ez da tabernen jabetza». Haren ustez, produktuak dauka garrantzia, eta ez «terrazan eserita egoteak». Hala ere, denek onartzen dute Gasteiz hiri merkea dela Euskal Herriko beste hiriburuekin aldean. «Donostia edo kostaldeko herri turistikoetan hemen bezala ezin da kontsumitu», dio Bodegon tabernaren kanpoaldean dagoen Irati Ibarrolak. Iritzi bera du Zazpi tabernan trago bat hartzen ari den Aitziber Kintanillak, Gasteiz poteorako hiri ona den seinale.

IRUÑEA

Erakargarritasunak bilduta

Gure Etxea-ko tabernari Martin Jurekek azpimarratu du Gazteluko plazan terraza duten tabernek zergak ordaindu behar dituztela, eta, horrek, ezinbestean, prezioak igotzea dakarrela. Izan ere, 12.000 euro ordaindu behar dituzte urtean terraza jartzeagatik. Are, sanferminetan, aparteko zergak ordaintzen dituzte. Hortaz, terraza izateak hilabetean 2.000 euro baino gehiago ordaindu beharra suposatzen du; baina bost hilabetez baino ez dute erabiltzen. «Ez dugu zerbitzuagatik soilik kobratzen, irabaziak ere behar ditugu, eta, prezioak horren arabera jartzen ditugu». Ane Maeztu eta bere kuadrilla Lizarraldetik bertaratu da. Prezioei erreparatu gabe eseri dira, atsegina iruditu zaie-eta: «Ez diegu prezioei asko erreparatzen: ikusi dugun lehenengoan eseri gara».

Itziar Larraza zerbitzariaren arabera, Redin kaleko Meson del Caballo Blanco taberna-jatetxean, ingurukoen prezioak hartzen dituzte kontuan eurenak erabakitzeko: «Urtetik urtera botilak garestitzen badira, terrazako edarien prezioek ere gora egiten dute». Eva Gutierrez lagun batekin dago terrazan. Haren aburuz, tokia garestia da. Haatik, prezioei ondo deritze: taberna-jatetxearen kokalekua zein den kontuan hartuta, «ulertzekoa» da.

Bixente Aceituno Bistrot Catedraleko tabernariak azaldu du terrazako prezioak jartzean duten irizpidea tabernako edariei %20 gehitzea dela. Iñaki Irisarri hango terrazan dago. «Ez dakit toki merke edo garestia den, oraindik ez baitugu ordaindu. Etorri garenean, ez diegu prezioei erreparatu. Terraza atsegina da oso», adierazi du Irisarrik.

BAIONA

Beteta, goizetik gauera

Baionako bestak eta uda diru iturri handia dira ostatu eta tabernentzat. Askok, gainera, terraza jartzeko profitatzen dute, jende dezente erakartzen baitu. Jakina da taberna eta ostatu askok prezioak igo ohi dituztela sasoiaren arabera. Baiona, esaterako, turistaz betetzen da. Kaleko terrazak bete-beterik izaten dira eguerditik gauera, batez ere, erdigunekoak.

Taberna askok erreparoa diote prezioez hitz egiteari, eta uko ere egiten diote. Anonimotasuna gorde nahi duen taberna bateko jabeak «gai konplexua» dela dio. Hark, esaterako, hiru aldi bereizi ditu urtean: Baionako bestak, uda eta gainontzeko sasoiak. Bestetan taberna guztiek prezioak egokitzen dituztela aipatu du. Eurek ere bai. «Barra kanpora ateratzen dugu, eta edariak zerbitzatzen ditugu», azaldu du. Bestalde, udan hainbat produkturen prezioa pixka bat igotzen dute: asko kontsumitzen direnena. Garagardo bat, esaterako, 3 euroan saltzen dute. Gainontzean, 2,5 euroan. Kafea hamar zentimo igo dute, 1,40 eurora.

Terraza zerbitzua urte osoan dute, eta zerbitzu horrengatik ez dute gehiago kobratzen. Hirigunetik aldenduz, San Izpiritu auzorantz, Le Bistror Saint Cluque jatetxea dago. Terraza zerbitzua ere badu. Eric Eintoy jabeak urte osoan prezio berdinak mantentzen ditu: «Ez zait zilegi iruditzen uda izanagatik prezioak igotzea». Baionako bestetan, ostera, prezioak egokitzen dituzte, taberna askok bezala.

Martina Dubois oporretan dago lagun batekin. Haren ustez, Baiona merkea da, eta ez zaio gaizki iruditzen tabernek terraza zerbitzua kobratzea: «Pentsatzen dut eurek ere ordainduko dutela terraza izateagatik, eta turistek gustuko dugu zerbitzua kanpoan ematea. Gainera, uda da». Lagunak erantzun dio: «Niri, ordea, ez didate udan gehiago ordaintzen». Dena den, oporretan daude, eta ez dute asmorik prezioez kezkatzeko, Duboisen arabera.

BERRIAn argitaratua (2016/08/01)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA