astekaria 2015/10/30
arrowItzuli

mundua

«Bost axola zitzaidan nora jo, nola hala ihes egin nahi nuen»

Adrian Garcia, Berriemaile berezia

«Bost axola zitzaidan nora jo, nola hala ihes egin nahi nuen»

Bost urte daramatza Italian Nazir Osmanik (Omarz, Afganistan, 1978). Beste askoren moduan, Mineoko CARA Asilo Eskatzaileen Harreragunean denbora luzea eman du, Sizilian, babesaren esperoan. Ia bi urte. Baina horra iritsi aurretik beste hamaika komeria pasatu ditu, toki seguru batean bizitzeko ahaleginean.

«Bost axola zitzaidan nora jo, nola hala atera nahi nuen Afganistandik». 2008an utzi zuen lehen aldiz jaioterria, «bizitza salbatzeko». Lehenago bi urtez polizia gisa egin zuen lan Afganistanen. Ez ditu oroitzapen gozoak lan horretaz. «Afganistango Gobernua AEBen konplize da, eta erantzukizun osoa du nire herrikideen hilketetan. Gogorra egin zitzaidan horretaz ohartzea».

15.000 euro inguru ordaindu zituen Europa osoa zeharkatu eta Londresera iristeko. «Trafikatzaile bat non, harekin joaten nintzen. Haien laguntzarik gabe ezinezkoa da bidaia egitea». Oinez, zaldiz, autoan... Arrisku asko hartu zituen Europara iristeko. «Harrapatzen bazaituzte, ordura arte ordaindutako dirua alferrik galtzen duzu».

Londresen lagunak zituen, eta iritsi bezain pronto asiloa eskatu zuen. Baina ez zuen zorterik izan: zortzi hilabeteren buruan deportatu zuten; eskuburdinak jarrita eraman zuten hegazkinera. «Adinari buruz egia esan ez nuela eta erregistroa oker egin nuela erabili zuten aitzakiatzat». Jaioterrira ez beste edozein herrialdetara deportatzea erregutu zuen, baina ez zioten jaramonik egin.

Ez zuen asko iraun Afganistanen. «Egoerak okerrera egin zuen». Gurasoak utzi eta berriro ekin zion ihesari. Bigarren saialdian Greziatik sartu zen Italian, Venezian, kamioi baten azpian. Bost urte dira ordutik. Orduan ere, milaka euro ordaindu zituen mugak gurutzatzeko. Paradoxikoki, Kabuldik Erromarako hegaldi batek 500 euro inguru balio ditu; askoz ere merkeago eta arriskurik gabea. Irribarre egiten du Osmanik, etsita: «Ezinezkoa da bisa bat lortzea».

Kalean lo egin behar izan zuen lehenengo egunetan, tren eta autobus geltokiek eskaintzen zioten aterpeetan. «Jatekorik ere ez nuen». Lotsa ematen dio onartzeak Caritasera jotzen zuela janari bila. Galduta sentitzen zen hasierako egun haietan. «Orduan ez nuen italieraz hitz egiten. Ezin nuen autobus txartel bat ere eskatu».

Errefuxiatu estatusa eskatu, eta, beste hainbat harreragunetatik igaro ondoren, Mineoko CARAn amaitu zuen, zentroa ireki berritan. Lehen hiru hilabeteetako oroitzapenak ez dira txarrak. «Ondo geunden, denentzako lekua zegoen. Garbia zegoen dena, jatekoa ere ondo zegoen, eta arropak ematen zizkiguten». Pluralean hitz egiten du beti, administrazioak komunitateka mugiarazten baititu asilo eskatzaileak.

«Etorri bihar»

Berehala hasi ziren gauza okertzen, ordea. «2.000 lagunentzako tokia du zentroak, baina laster 4.000 inguru ginen. Egunetik egunera jende gehiago iristen zen». Orduan etorri ziren eskasiak. Janaria eta bizitzeko oinarrizko produktuak lortzea eginahal nekeza bihurtu zen. «Ez arroparik, ez hortzetako pastarik, ez beste oinarrizko produkturik. Erantzuna beti zen berbera: 'Etorri bihar'».

Etsaitutako bi alde nagusi zeuden zentroan, afrikarrak eta afganiarrak. Eskasiak bultzatuta, komunitateen arteko liskarrak ohikoak egin ziren. «1.200 afrikar eta 600 afganiar geunden. Borrokak ia egunero zeuden. Arroparengatik, janariarengatik». Poliziak lanak izan zituen egoera baretzeko. «Borrokaldi batek bi egun iraun zuen». Osmani berak ere parte hartu zuen. «Beste erremediorik ez nuen. Ezin nintzen besoak gurutzatuta geratu. Eta, parte hartu edo ez, Poliziak berdin-berdin zigortzen zintuen».

Zentroan emandako bi urteak galdutako denboratzat ditu Osmanik. Landa sail erraldoi baten erdian dago Mineo, erabat bakartua, Siziliako Catania hiriburutik 60 bat kilometrora. Gerora gizartean integratu ahal izateko laguntzarik ez zuten jasotzen. Italiera, berriz, kanpalekutik atera zenean ikasi zuen.

«Jan eta lo egin». Besterik ez zuen egiten. Ez zuen beste ezertarako aukerarik. Ohe baten zati batzuk baliatuta, gimnasio antzeko bat eraiki zuen logelan, kirol pixka bat egiteko. «Ur botilak metalezko barra bati lotu eta pisua altxatzen nuen». Ez zion asko iraun, baina, asmakizunak. «Poliziak ikusi zuen, eta apurtu egin zidaten, horretarako baimena ez nuela esanda».

Bi urte horietan ez zen apenas atera hesitutako gunetik. Bitan soilik. «Zertarako? Ez dago ezer egiterik hor kanpoan». Herritarrekiko harremana, gainera, ez zen ona. «Amorrua ematen zidan gaizki begiratzen nindutenean».

Janariak euren kabuz prestatzea ere debekatua zuten CARA barruan. Baina hainbat lagunen artean sukalde elektriko txiki bat erosi, eta ezkutuan sukaldean aritzen ziren. «Ezinezkoa da egunero pasta jatea bi urtean». Haien jaioterriko otorduak prestatzen zituzten. «Gure familiek dirua bidaltzen ziguten, eta horrekin erosten genituen produktuak». Horri esker egiten zuen aurrera, asilo eskatzaileek dagozkien diru laguntzen zati txiki bat besterik ez baitute jasotzen.

Burokrazian galduta

Nazirren asilo eskaera anabasa burokratikoan galdu zen. Beste harreragune batetik bidali behar zituzten haren dokumentuak. «Lau hilabete horretarako. Gero beste zortzi hilabete itxaron nuen erantzuna jasotzeko». Lehengo eskaera baztertu zioten, eta helegitea jarri eta bigarren erantzun baten esperoan geratu zen beste hamar hilabetez. «Hondoa jota nengoen. Bi urte eman nituen hor barruan giltzapetuta».

Administrazioak haren asilo eskera aztertu zuen eguna ondo gogoratzen du Osmanik. Egoera «surrealista» bizi zuen orduan, nahiz eta orain barre egiten duen. Haren kasua aztertzeko elkarrizketa bat egin zioten Mineoko gunean bertan. Baina elkarrizketa egin zion funtzionarioak ez zion arretarik jarri. «Telefono dei bat jaso zuen, eta esan zioten haren zakurra hil egin zela».

Elkarrizketa osoa edaten, erretzen, telefonoz hizketan eta negarrez igaro zuen funtzionarioak. Batzarra beste egun batean egitea proposatu zuen Osmanik, baina alferrik. «Ezin nuen sinetsi. Mineon bi urte zain egon ondoren, une garrantzitsuenean, nire etorkizuna jokoan zegoenean, zakur batek zapuztu zuen nire asilo eskaera». Ukatu egin zioten errefuxiatu estatusa.

Orain behin-behineko babesa du, urtero berritu beharrekoa. Lana duela erakutsi behar du urteroko hitzorduan. Ez da eginkizun makala, ordea. Hainbat lantxo eduki ditu: zerbitzari jatetxe askotan, propaganda banatzaile... «Esplotatu egiten gaituzte. Lanaldi amaigabeak soldata urri baten truke».

Herri mina du Osmanik, baina ezin du Afganistanera itzuli. «Ez nuen asko iraungo». Italian pozik pozik ote dagoen galdetzean zalantza egiten du. «Sizilia asko gustatzen zait, baina egoera ez da ona. Orain hiru urte baimena lortu nuenetik ez dut lan egonkorrik topatu».

BERRIAn argitaratua (2015/10/28)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA